Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Kausa justua

2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Ez dakit Espainiako Gobernuko inork inoiz pentsatu zuen burutazio ona izango zela eskuin muturra bridarik gabe aske uztea eta bide ematea deep state deritzonari, oldarrean jabetzeko botereaz. Eta, pentsatu bazuten, iruditzen zait badutela garaia halakorik pentsatzeari uzteko. Botilako jeinuaren ipuin hartan bezala, kontua da irteten utziz gero ezin direla atzera barrura sarrarazi.

Sanchezen gobernua bere larruan sufritzen ari da independentismoa hainbat hilabetetan jasaten aritu den taktika bera. Informazio interesatuak, dosier sinestezinak, eta hainbat gauza —ez dut uste hedabide esan dakiekeenik— interes politiko erabatekoz ari direnak norbaiti buruzko informazioa isilpean jakinarazten, hura zuzenean eraisteko intentzio osoz.

Aste gutxiren buruan, hain zuzen ere, Huertas kultura ministroak eta Monton osasun ministroak gobernutik alde egin dute, eta, orain, beste bi ministro geratu dira irrigarri: Duke, Xabiako txaletaren auziagatik; eta Delgado, Villarejorekin izandako elkarrizketen audioak direla eta —estatuaren estolden epizentroan dago Villarejo—. Pedro Sanchezek berak ere arazoak izan ditu bere doktore tesiarekin.

Erasoa sistematikoa da, eta ez da geldituko. Antza denez, Sanchezek galga jartzea erabaki du, bi ministrori bakarrik utzarazi baitizkie beren karguak. Baina estoldetan denetariko dosierrak daude mundu guztiari buruzkoak. Eta, normalean, samurrenak ateratzen dituzte lehenengo.

Ben Emersonen teoriaren arabera, Espainian deep state frankistak estatu kolpe bat eman du, eta benetako boterea hartu du, erregearen, epaileen, polizien eta militarren botereak uztarturik. Emersonek dioenez, Kataluniaren independentzia eragozteko egin zuten hori, batik bat erregeak urriaren 3an egindako diskurtsotik aurrera. Baina, berriz ere, aske dabiltzalarik ezerk ez ditu geldiaraziko. PSOE bere larruan sufritzen ari da orain, eta uste dut egoera amorragarria bezain interesgarria dela gu bion herriontzat. Horrek, izan ere, beste zerbait bihurtzen du haustura: juristek kausa justu deritzotena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.