Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Baskitisa

2022ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Katalunian harridura sortu du EH Bilduk premiazko neurri ekonomikoen dekretuaren alde bozkatu izanak. Pedro Sanchez agintera iritsi zenetik lehen aldiz, Kataluniako hiru alderdi independentistak, ERC, Junts eta CUP, bat etorri dira buruzagi sozialistaren aurka bozkatzeko orduan,gertatzen zena gertatzen zela, argi eta garbi Catalangate auziaren aurkako errepresalia gisa.

Esquerrak, bereziki, erakutsi nahi zuen ezinbestekoa dela PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuari eusteko, eta ezin izan du demostratu, hain zuzen ere, EH Bilduren jarreragatik, zeinarekin hain harreman estua zuen, non talde berekoak zirela baitzirudien. Arnaldo Otegi eta Jon IƱarritu ere Pegasus sistemarekin espiatu izanak espektatiba batzuk sortu zituen: ezinezkoa zirudien haiek Pedro Sanchez salbatzea, baina, ikusi den moduan, espektatiba handiegiak ziren.

Hori ikusita, hemengo batzuek oso gaizki erreakzionatu dute, eta baskitisaren mamua atera dute berriro ere. Eta berriro aditu da euskaldunek beti berea egiten dutela, eta luze gabe beren alde zer lor dezaketen baino ez zaiela axola. Nik esan beharra daukat uler dezakedala frustrazioa, baina ez zait bidezkoa iruditzen horrela erreakzionatzea.

Ez dut eztabaidatuko EH Bilduk berea egiten duela. Baina gogora ekarriko dut Kataluniako beste alderdi batzuk ere horixe egiten dutela, banatuta edo elkartuta. Eta gu, Martxelo eta Maria, azken finean, begirale neutroak baino ez gara, eta ondo edo gaizki irudituko zaigu moralki, baina, edonola ere, jakin behar dugu politika horrela egiten dela. Bizitzan behin eta berriro egiaztatu baitugu hala dela.

Baliteke euskal presoekin egindako xantaiagatik bozkatu izana dekretuaren alde. Ez dakit. Baina badakit Espainia aspaldidanik dabilela joko horretan. Beti dago azken minutuan salbatzen duen Convergencia bat, EAJ bat, Esquerra bat edo EH Bildu bat. Izan ere, elkarren lehian dabiltzan lau talde oso desberdin dira, edo ziren, eta manipulatzen errazak, komenentziaren arabera. Madrilek zorte handia dauka alde horretatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.