Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Pablo Milanes

2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Gaztea zarenean, batzuetan olerki batean aurkitzen duzu izan nahiko zenukeen bizimodu motaren justifikazioa. Gure herrialdeek, hirurek, zorte handia izan dute, poeta eta musikari handiak izan baitituzte, eta haiek lagundu egin digute hazten, bai pertsona gisa eta bai kolektibo gisa.

Baina gure herriez haraindi ere badago musika. Eta nik Atlantikoaren beste aldean aurkitu nituen nire bizitzaren definizioan jarri nahi nituzkeen olerkiak, Pablo Milanesen kantu batean. Aste honetan bertan joan zaigu abeslaria, minbiziaren kontrako borroka luze baten ostean.

Pablo Milanes eta Silvio Rodriguez sona handiko bi izen ospetsu izan ziren Kubako Nueva Troba musika mugimenduan. Kubaren ikur bilakatu zen mugimendu hori. 1970eko gure urte haietan, Kuba iraultzailea zen, baina ez grisa, ez sobietar blokea bezain grisa: kolorez betetako irudi bat helarazten zitzaigun, eta bi musikari horiek modu ederrean esaten zituzten gauzarik gogorrenak eta garrantzitsuenak, gozo baina sendo.

Egia esan, aitortu behar dut ni garai hartan Silvioren zaleagoa nintzela Pablorena baino, eta gerora ere hala izan naiz bizitza osoan. Gauzak gero eta konplexuagoak izan, hobe: horixe dut gustuko, eta Silvio Pablo baino sofistikatuagoa, probokatzaileagoa, aberatsagoa zen, eta da, bai musikaren zailtasunari dagokionez eta bai hitzei dagokienez. Edo hala uste dut nik behintzat.

Baina, hala ere, bada Pablo Milanesen kantu bat niretzat aparteko esangura izan zuena, nire bizitza definitzea gustatuko litzaidakeen hori: La vida no vale nada (Bizitzeak ez du ezertarako balio). Uste dut zaila dela hobeto eta politago azaltzea zergatik batzuek uste dugun badaudela gauza gutxi batzuk, gutxi baina oso esanguratsuak, gure gorabehera pertsonalen gainetik daudenak, eta behartzen gaituztenak beti kolektiboan pentsatuz bizitzera, afera pertsonalen gainetik.

Horixe ulertu nuen lehen aldiz kantu hori entzun nuenean, eta horixe pentsatzen dut orain ere. Bizitzeak ez du ezertarako balio nire izatea atzeratu behar badut beste une batez, eta ohe batean hil.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.