Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Bartzelona

2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Bat-batean, dena bizkortu da Bartzelonan. Sorpresarik ezean, Manuel Vallsek datorren asteartean azalduko du Bartzelonako alkatetzarako hautagaietako bat izango dela. Dirudienez, ez da izango Ciudadanosen izenean, baizik eta beste hautagaitza modukoren baten izenean-edo, zeinak, ordea, nekez ezkutatu ahalko baitu nor duen atzean: Ciudadanos.

Eta espektro politikoaren beste aldean: Ernest Maragall, benetako Maragall —haren anaia Pasqual Maragall presidenteak esatera— izango da ERCn zerrendaburu; hortik jauzi egina da Alfred Bosch, nahiz primarioetan hautatua izan.

Hala, bada, ezinago zirraragarria izango da udal bozetako duelua: Colau, Maragall eta Valls, gehi besteak; panorama ikusgarria benetan. Gauza pila bat dago jokoan, eta ez soilik hiriburuko alkatetza.

Vallsen emaitza ez dago asmatzerik. Espainolismoa pozarren dabil, uste baitu aurkitu duela norbait herrialdeko alkatetza lehiatzeko gai dena. Baina, nire ustez, Vallsek ez du irabazteko aukerarik txikiena ere. Alkatea hautatzeko ereduak behartu egiten du gehiengo absolutuz irabaztera, edota PSCrekin eta PPrekin batean kontatzera botoak, zeinak anemiak jota geratuko baitira haren aldean.

Ez Colauk —boladarik ahulenean baitago— eta ez Maragallek ere ezin dute irabazi gehiengo absolutuz, baina itun bat egingo dute ziur Valls lehena geratuz gero. Eta gobernu bat osatuko dute, behar izanez gero PDeCATek edo CUPek lor ditzaketen botoekin eta baita anemiak jotakoenak gehituz ere. Horrekin, Vallsen proiektua berehala hoztuko da. Frantziako Asanblea Nazionalean absentismo errekorrik handiena duena, hain zuzen, esango didazu ea oposizioan arituko den udalean.

Barren-barrenean, zera erdi ikusten da: ERC eta Comukoak hurbiltzeko maniobra bat izango dela. Udalean, argi eta garbi, baina ikusteko dago besterik ere gertatuko den. Eta besterik gertatuz gero, ikusiko dugu, zer-nola eragingo dion independentzia prozesuari.

Azken xehetasun bat: oraindik asko falta da tokian tokiko hauteskundeetarako, eta milioika gauza gertatuko dira aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.