Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Laborria

2018ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Ondo iruditzen baldin bazaizu, Martxelo, aste honetan ihes egingo diot Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako errealitatea aztertzeko dugun ohiturari. Izan ere, Jamal Khaxoggi ankerki erail dute Saudi Arabiaren Istanbulgo kontsuletxean, eta horrexek hartaratu nau gaia aldatzera. Gertakari terriblea baino terribleagoa izan da, gizartearen erro moralak astindu dituena oka eginarazteraino, eta, laborri horretan, galdera hauxe piztu diguna ezinbestean: zer mundu utziko diegun gure ondotik datozenei.

Gure irakurleek ondo dakitenez, Jamal Khaxoggi sartu zen, sartu, Arabia Saudiren Istanbulgo kontsulatuan, baina gero atera ez. Ikerketen arabera, sei minutuz torturatu zuten; tarte horretan, zenbait gorputz atal moztu zizkioten, krudeltasun primitiboz, eta hura zatikatzen ari zenak, ankerkeria konpentsatzeko-edo, musika entzungailuak jarri zituen.

Ezin da, ez, toleratu, baina, oraingoz, eztabaida doilor bat izan du ondorio. Trumpek ausardia izan du Europako gobernu askok iradoki dutena argi esateko: Saudi Arabia kritikatzea garestiegi irteten dela ekonomikoki, eta, beraz, hobe dela gertatutakoari ez ikusi egitea. Duela gutxi, antzeko polemika bat izan zen Espainiako Estatuan, Margarita Roblesek ahalegina egin zuenean Espainian ekoitzitako arma batzuen salmenta galarazteko; azkenean, ordea, presio ekonomikoa egin, eta lortu zuten arma haiek saltzea, nahiz eta jakina zen Yemenen jendea sarraskitzeko erabiliko zituztela.

Hala eta guztiz ere —eta higuingarria zait hau esatea—, gauza bat da Yemenen jendea hiltzea, eta beste bat da Washington Post-en kolaboratzaile bat erailtzea Istanbulen. Eta hortxe dago ezinegonik handiena pizten didana: Mendebaldea ez baldin bada kapaza halako egoera batean ere Saudi Arabia geldiarazteko, zer moraltasun klase dugu mundu honetan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.