Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Colau

2019ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Garrantzi handia du Ada Colauk iragarri izanak alkate izateko aurkeztuko dela. Ikusiko dugu zer gertatzen den azkenean, baina, seguruenik, Colau izango da alkatea, Barcelona en Comuren, PSCren eta Ciudadanosen botoei esker, bazter batean utzita hauteskundeak irabazi zituen zerrenda, hau da, ERCrena. Udalean dagoen beste talde politikoak, PPk, esana du behar bada berak ere emango dizkiola botoak Colauri. Horrenbestez, Colau da erregimenaren hautagaia.

Sekulakoa da, zinez, ikustea nola besarkatzen duten Barcelona en Comuren hautagaitza 78ko erregimenaren ordezkaririk behinenek, politikoek ez ezik ekonomiko eta faktikoek ere, eta nola hartzen duten hiriaren eta ia herrialdearen salbatzailetzat. Halakoak ekartzen ditu realpolitik-ak. Eta lotsagabekeriak ere bai.

Ikusitakoak ikusita, bi galdera. Bata, ea zer mailataraino iritsiko den operazioa. Bestea, ea independentismoa gai izango den gertatutakotik ikasteko.

Lehenbiziko galderari bagagozkio, iragarria dute PSC eta Comukoak ados jarri direla Sabadellen, eta baliteke PSCk Tarragonako alkatetza polemikoari eustea Comukoei esker; areago: hotsa dabil PSCk Bartzelonako Diputazioa berreskuratuko ote duen, dirua mugitzeko makina handi hori.

Independentismoa, batez ere ERC, shock egoeran dago. Euforiazko gau baten ondotik, oraintxe Lleida da ERCk seguru duen hiriburu handi bakarra. Dena dela, unionisten ezusteko kolpe horren xehetasunen gainetik, badirudi eztabaida zintzo bati ekin behar litzaiokeela zatikaturik ibiltzearen ondorioei buruz. Oinarria zabaldu nahi ospetsu horren ondorioz, Comukoak espainolismoaren buru jarri dira. Eta baliteke Junts per Catalunya zokoratzeko obsesioak, besterik gabe, kalte egin izana. Ikasbide izango ote da gertatutako guztia?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.