Qatarko Munduko Kopa

Biktimak egin dituzte errudun

Sexu erasoak jasaten dituzten emakumeak zigortu egiten dituzte Qatarren. Emirerriak zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zion Paola Schietekati, hark bortxatu zutela salatu ostean.

Paola Schietekat, Twitter sare sozialera igo zuen argazki batean. #BARRA_ABILDUA#PAOLA7KAT.
maddi iztueta olano
2022ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Qatarren bizi diren emakumeek jasaten duten zapalkuntzaren adibide argia da Paola Schietekat mexikarrarena. Dohan egiten zuen lan lankide bat ostatuko gelan sartu, eta bortxatu zuenean. 2021eko ekaina zen. Gertakizuna salatu zuen, baina Qatarko epaileek erasotzailea aske utzi zuten, eta Schietekat zigortu, ezkontzaz kanpoko sexu harremanak izateagatik.

Emakumeak gorroto dituen mundu bat artikuluan kontatu du egun hartatik bizitakoa: «Erasoa gertatu eta ordu gutxira, ubeldurak atera zitzaizkidan bizkarrean, sorbaldetan eta ezkerreko besoan. Amari eta laneko lagun bati kontatu nien gertatutakoa, eta argazkiak atera nituen. Neure buruari hitzeman nion auziak ondorioak izango zituela. Ez nuen istorioa berriz gertatzerik nahi».

Sexu eraso bat jasaten zuen bigarren aldia zen Dohakoa. Lehen erasoa bikotekide ohiak egin zion, 16 urte zituela, Mexikon. Hamar urte geroago kontatu zien ingurukoei bikotekide ohiak jo eta bortxatu egin zuela: «Sexu erasoen biktima askok bezala, neure burua jo nuen erruduntzat. Lotsatuta nengoen». Dohan salaketa jarri ostean, bestelako norabide bat hartu zuen kontakizunak.

Osasun ziurtagiria lortu, eta Qatarko polizia etxera joan zen, Mexikoko kontsularekin. Hiru aukera eman zizkioten han: erasotzaileari urruntze agindua eskatzea, ezer ez egitea edo instantziako auzitegira joatea. Kontsularen gomendioz, auzitegira joatea erabaki zuen. Erasotzailearen datuak eman, deklarazioa sinatu, eta etxera joan zen. Gau hartan bertan deitu zioten polizia etxetik. Komisariara iritsi zenean, aurrez aurre topo egin zuen erasotzailearekin.

«Hiru orduko galdeketa hasi zen orduan, eta, bat-batean, ni nintzen akusatua», dio artikuluan. Erasotzaileak sexu erasoa ukatu, eta esan zuen haren mutil laguna zela. Poliziak sakelakoa hartu zion Schietekati, eta, erasotzailearen zenbakia gordeta zeukala ikusi zuenean, haien arteko harremanaren frogatzat jo zuen.

Poliziak krimen auzitegira eraman zuen kasua. Ezkontzaz kanpoko sexu harremanak izatea leporatu zioten mexikarrari. Qatarko Zigor Kodeak zazpi urtera arteko espetxealdia edo ehun azoteko zigorra eskatzen du delitu horrengatik. Erasotzailea aske utzi zuten, kargurik gabe, eta abokatuek Schietekati aholkatu zioten erasotzailearekin ezkontzeko.

Apirilaren 3an, epaileak prozedura penala bertan behera uztea erabaki zuen. Schietekatek adierazi zuen «pauso handi bat» izan arren fiskaltzak «edonoiz» ireki dezakeela kasua.

Kontsularen babesik ez

Prozesu judizial osoan, «baztertuta» eta «babesik gabe» utzi izana leporatu zion Schietekatek Mexikoko kontsulari. Antza, kontsuletxeko inork ez zuen arabieraz hitz egiten, ezta emirerriko Zigor Kodea ezagutzen ere. Are, artikuluan aipatzen du erasotzailearen mehatxuen harira «atea hobeto ixteko» aholkatu ziola kontsuletxeak.

Erasoa jasan eta hilabetera, Qatartik irtetea lortu zuen. Mexikora iritsi zenean, «beste fase bat» hasi zen Schietekatentzat: «Amesgaiztoak nituen, ezin nuen lorik egin, eta damua sentitzen nuen. Salatu nuelako damu nintzen, eta gertatutakoarengatik errudun sentitzen nintzen».

Iritzi dio kontsuletxea ez zegoela prest halako egoera bati erantzuteko. Emirerriko legeen eta zigorren inguruko «ezjakintasuna» azpimarratzeaz gain, mexikarrak esan du «gabezia handia» dela sexu erasoei erantzuteko protokolo irmorik ez izatea.

Munduko Koparen harira, Mexikoko biztanle asko iritsi dira Qatarrera. Gainontzeko herrialdeen antzera, «segurtasuna» bermatu diete bidaiariei. Schietekatek, ordea, zalantzan jarri du promesa hori: «Enbaxadak gabezia asko izan zituen mexikar bakar baten arazoari aurre egiteko. Nola aurre egingo die Munduko Kopa ikustera doazen milaka mexikarren arazoei?», galdegin du.

Bizitakoa azaltzeaz gain, Schietekatek CNN telebista kateariadierazi zion Qatarrera itzuliko litzatekeela, eta, edonola ere, ez lukeela nahi erabaki hori «beldurraren araberakoa» izatea.

Gehiago ere badaude

Schietekat ez da emirerrian sexu eraso bat jasan eta zigortu duten emakume bakarra. 2016an, Herbehereetako emakume bat hiru hilabetez egon zen atxilo Qatarren, sexu erasoa jasan zuela salatu ostean. Alkohola saltzen zuten Dohako ostatu batean zegoen eraso egin ziotenean. 22 urteko emakumea ondoezik sentitu zen lehen tragoa hartu eta gutxira, eta ezagutzen ez zuen apartamentu batean esnatu zen hurrengo goizean. Bortxatu egin zuten.

Qatarko agintariek atxilo eraman zuten emakumea, eta 750 euroko isuna jarri zioten, adulterioa eta alkohola kontsumitzea leporatuta. Hiru hilabete preso egon ostean, Herbehereetara itzultzeko baimena eman zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.