Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Negoziazioak

2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Aurrera doaz Madrilgo gobernu posible bati buruzko negoziazioak, baina ez PSOEri gustatuko litzaiokeen erritmoan. Pablo Iglesiasek uste zuen presidenteordea izango zela Gabonetarako; baina itxura guztien arabera, hori ez da horrela izango. Ez dut esan nahi azkenean gobernurik izango ez denik, baina ez da izango gobernurik Gabonetan.

ERCn patxada handiz hartzen ari dira kontua. Datozen egunotan, erabaki garrantzitsuak hartuko dira Oriol Junquerasi buruz Europan, eta jirabirak izango dira Tsunami gorri-urdinaren eta ERCren beraren inguruan; beraz, inork ez du arinegi ibili nahi. Militantziari buruzko kontsultaren emaitza oso argia izan zen, eta zuzendaritzak badaki emaitza onak aurkezteko modurik baldin badu bakarrik ulertuko dela abstentzioa. Modurik ez badu, ERCk ezezkoa emango du, Junts Per Catalunyak eta CUPek emango duten bezala, eta Pedro Sanchez ez da izango Espainiako Gobernuko presidente. Non eta PPren botoak aldeko ez dituen.

PSOEk amore eman du, eta onartu Katalunian arazo politiko bat dagoela. Eta horraino. Amnistia eta autodeterminazioa ez dituzte hizpidera ekarri oraindik, eta badirudi negoziazioa bera hitzartzeko moduari buruzkoa dela eztabaida, edukiak negoziatzeari buruzkoa baino gehiago. Astiro, bada. Eta horrek oso urduri jartzen du Podemos. Iglesiasen aldekoek ondotxo dakite arazoa ez dela bakarrik independentismoaren ezezko posiblea. PSOEren barruan, eskuin blokerik muturrekoena armak hartzen ari da: kontua ez da ez daukala ontzat ERCren abstentzioa, baizik eta ez daukala ontzat Podemosekin hitzarmen bat egitea.

Seguru asko, Pedro Sanchezek hainbeste izugarrikeria esan eta egin izan ez balu, batik bat hauteskunde kanpainan, orain ez ginateke egongo gauden tokian. Kaskarina izatearen ajeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.