Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Ezkerra

2020ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Martxelo eta Maria maiteok. Bat nator zuen artikuluetan aipatu duzuen zerbaitekin: auzitegiak, justizia administrazioa eta botere judiziala dira estatuak gure herriak jotzeko darabilen ahari bururik gogorrena. Ez da gure kontzientzia nazionalaren aurkakoa bakarrik; eskubide demokratiko oinarrizkoenen aurkakoa ere bada.

Hori argi eta garbi ikusten da: ados nago zuekin, eta ez dut uste inork kontrakoa esango lukeenik. Baina uste dut zirkunstantzia partikularretatik harago ere joan behar dela.

Bistakoa da estatuko botereek muineraino sartuak dituztela frankismoaren arrastoak. Justizian, armadan, atzerri zerbitzuan, armiarma sareak sendotzeko adinako denbora izan den guztietan okerren-okerrena izango dugu, seguru.

Baina, bestalde, uste dut jabetu behar dugula ezin dugula ezer espero Espainiarengandik. Eta ezin dugu ezer espero, zoritxarrez, independentziari dagokionez ere: orain, erretorikoki, gai horretatik urrundu nahi dute debatea, eta estatu bereko zenbait botereren arteko liskar hutsa dela pentsarazi.

Begi bistakoa da instituzioetan hainbeste botere duen frankismo soziologikoak ere ez duela begiko Pedro Sanchez, eta are gutxiago Podemos. Baina, hala ere, esan behar da Pedro Sanchez eta Alderdi Sozialista fidatzekoak behintzat ez direla.

Ez dira fidatzekoak, eta ez dira izango, erabakiak hartzen hasten ez badira; izan ere, orain, besterik gabe, ez dituzte hartzen. Har dezagun adibidetzat militar espainiar batzuk keinu faxista egiten eta Dibisio Urdinaren ereserkiak abesten ageri diren bideoak eragindako eskandalua. Zeren zain dago gobernua unitate hori berehalaxe desegiteko, besterik gabe? Alemaniak horixe egin du zenbait alditan azken hilabeteetan. Italiak ere bai, berriki. Espainiak zergatik ez? Erraza da: kaleratu egin behar dituzte, besterik ez. Zergatik ez dute egiten?

Hortaz, ez dut uste epaile batzuk, militar batzuk edo funtzionario batzuk direnik arazoa. Arazo bat dago, arazo ikaragarri bat, Espainiako ustezko ezker progresistan ere. Guztion zoritxarrerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.