Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Inbestidura

2021eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Aste honetan, Pere Aragonesekez du behar adina boto lortu Generalitateko presidente izateko. Esquerra Republicanak eta CUPek haren alde bozkatu dute, baina Juntsen abstentzioak presidente izatea eragotzi dio, gehiengo absolutua behar baitzuen horretarako. Ez dut inolako zalantzarik: zenbait egunen buruan, Aragones Kataluniako 132. presidentea izanen da, baina Juntsek azkenean haren alde bozkatu baino lehen, ezinbertzekoa da akordio ahalik eta osoena lortzea, hauteskundeen emaitzek hala agintzen dute eta. Junts gobernuan sartuko den ala ez, bertze kontu bat da.

Egunotan, hiru alderdiok garesti ordaintzen ari dira hegemonia lortzeko abiaturiko borroka, zeinak gaina hartu dion, azken hiru urteotan, independentzia lortzeko borrokari. Anitzetan iraindu dute elkar, ahal bezainbertze traba paratu dizkiote elkarri, bertzeenganako errespetua galdu dute, eta horrek ondorioak dakartza.

Baina, orain, zera da kontua, ondorio txar horiek aukera bihurtzen ahal ote diren. Alde horretatik, hauteskundeen emaitzak zinez interesgarriak dira.

Esquerrak Generalitateko presidentetza lortu du azkenean. Baina horrek jarrera aldatzera behartzen du, eta badirudi ohartzen hasia dela. Hala, kidea zokoratzeko ageriko saiakerak utzi, eta jarrera eraikitzailea hartu behar du. Izan ere, bere botoekin ez du aski, eta desagertua da Comukoekin akordioa lortu eta egungoa ez bezalako alternatiba bat bilatzeko ameskeria. Juntsek, berriz, kontrako ariketa egin behar du: ez du Generalitateaz jabetu behar berea balitz bezala, ezta kideei traba zentzugaberik paratu ere; bidelagun izaten ikasi behar du.

CUP orain iristen ari da politika normalera eta haren kontraesanetara. Alderdiko militanteen %80k erran dute akordioa ez dela nahikoa, baina baietz bozkatu behar dela. Jordi Turull kartzelan sartu bezperan, CUPekoek ez zuten haren alde bozkatu, eta, hain zuzen, orduko hartan erakutsi zuten zorroztasun ulertezina ikusirik, bistakoa dirudi erabaki horrek alderdiaren etorkizuna baldintzatuko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.