Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Indarkeriaren garaipena

2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun
ETAk jarduera armatua eten zueneko hamargarren urteurrenak modua eman digu, aste honetan, hobeto ulertzeko eta baloratzeko zer garaitan gauden, ez bakarrik Euskal Herrian, baita Espainiako Estatu osoan ere. Espainiaren erreakzioa ezin argiagoa izan baita: estatu indarkeriaren garaipena ospatu du, bere indarkeriarena. Etengabe ikusi dugu hori. Ez soilik ezezko borobila eman diotelako GAL kondenatzeari eta torturengatik eta hilketa judizialengatik barkamena eskatzeari; ez soilik gehiago eta gehiago eskatzeko baliatu dutelako, aseezin, EH Bilduk biktimei dagokienez emandako pausoa: kontua da harro ere agertu direla horretaz.

Asteartean Catalunya Radioko tertulia batean parte hartu nuen, eta Urkullu lehendakaria, Arnaldo Otegi eta Ramon Jauregi elkarrizketatu zituzten. Zur eta lur geratu nintzen, eta argi eta garbi adierazi nuen nire harridura, Jauregik bere burua zoriondu baitzuen Otegi espetxeratzeak ekarritako arrakastagatik.

Azaldu zuenez, urte askotan bera eta euskal sozialistak ezker abertzalea legezkoa izatearen alde egon ziren, uste zutelako onuragarria zela mugimenduak «isurbide» bat edukitzea —esapide hori erabili zuen—. Eta azaldu zuen, lasai-lasai, Batasuna legez kanpo uztearen kontra zegoela bera, baina orain konturatu dela oker zegoela. Esan zuen kideek behin eta berriz errepikatzen ziotela ezen, ikusita ezker abertzalearen parte batek adierazia zuela ez zegoela ados ETAren estrategiarekin, orduan zela garaia haiek estutzeko: kartzelan sartuko zaituztegu ETA desegin dezazuen behingoz; hori zen estrategia. Eta funtzionatu zuen! esan zuen Jauregik irrati uhinetatik, pozaren pozez eta zoriontsu. Adierazitakoaren esanahi politiko eta moral sakonez arduratu gabe.

Espainia estatu biolentoa da: ondo baino hobeto dakizue hori euskaldunek, eta orain katalanek ere badakigu. Egia da horrek arazoak sortu dizkiola Europan, baina ez dezagun geure burua engainatu: badakigu zer diren. Oraindik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.