Kirolbet Baskonia 85-96 Real Madril

Saiatu da, baina...

Baskoniak ezin izan dio eutsi Real Madrilen erritmoari, eta ACBko finala galdu du (1-3). Sasoia bukatu da Gasteizko taldearentzat

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Kirolbet Baskonia. Vildoza (2), Beaubois (19), Timma (7), Xengelia (16), Poirier (4)— Huertas (8), Granger (6), Janning (15), Garino (2), Voigtmann (2) eta Diop (4).

Real Madril. Campazzo (17), Carrol (6), Taylor (2), Reyes (6), Tavares —hasierako bostekoa—Llull (5), Doncic (8), Causeur (6), Fernandez (27), Ayon (14) eta Thompkins (5).

Markagailua. 21-18, 38-42 (atsedenaldian); 57-65 eta 85-96.

Epaileak. Perez Pizarro, Conde eta Jimenez. Ez zuten inor kanporatu faltengatik.

Bestelakoak. 14.448 ikusle Buesa Arenan. Fernandez real Madrilekoak jaso zuen finaleko jokalari onenaren saria.

Buesa Arenako pabilioiko argiak triste itzali ziren bart. Zale eta jokalariek atsekabetuta hustu zuten Zurbaoko tenplua, eta urrira arte isilik egongo da. Atsekabetuta bai, baina ez burumakur, taldeak eginiko denboraldia burua oso tente izanda gogoratzeko modua izan baita, eta zaleek txaloekin eskertu zuten atzo jokalarien jarduna. Txapelketa guztietan oso lehiakorra izan da, eta ACB ligako finalean oso estu hartu du Euroligako txapelduna. Estu hartu bai, baina ezin izan du haren erritmoa jarraitu. Bere onena eman du, baina une erabakigarrietan, eta azken laurdenetan bereziki, Real Madril hobea izan da. Kalitate eta talentuari dagokionez koska bat gorago dago Pablo Lasoren taldea.

Pedro Martinez pertsona argia da, eta partida bukatu berritan, oraindik ere pistan, analisi zehatza egin zuen. «Real Madril merezita izan da txapeldun. Oso harro nago nire taldeak eginiko lanarengatik, baina partida bakoitzean jokalari erabakigarri bat izan dute. Guk egin dugun denboraldia oinarri egokia da lanean jarraitzeko». Alegia, ezustekorik ezean berak jarraituko du entrenatzaile postuan, eta berak gidatuko du taldea Euroligako Lauko Finala Gasteizen jokatuko den sasoi itxaropentsuan.

Finaleko serieko azken partida kanporaketa osoaren laburpena izan zen, eta azken laurdeneko jokaldi bat lagin perfektua. Baskonia 11 puntugatik galtzen joan zen azken laurdenean, baina Beauboisek gidatutako erreakzioari esker hiru puntura jarri zen: 78-81. 2.39 falta zen partida bukatzeko, eta zaleek hauspotuta, Gasteizko taldeak oso defentsa ona egin zuen. Jabetzako azken segundoan, baina, Doncicek jaso zuen baloia, eta hirukoa bota zuen esku bakarrez, oin bakarraren gainean eta azken hamarrenekoan. Jokaldia telebistan ikusita, denboraz kanpo ere izan zitekeen jaurtiketa. Bada hori ere sartu egin zuen Real Madrilek, eta hori izan zen Baskonia jota utzi zuen ukabilkada. Utzikeriaren minutuetan etxekoek azken txanpari emozioa jartzeko aukera izan zuten, baina Janningek eta Beauboisek jaurtiketa errazak huts egin zituzten. Atzokoan, ustekabekoa ezinezkoa izan zen.

Ordura arteko 37 minutuak jazarpen proba izan ziren Baskoniarentzat. Lehen laurdena aurretik bukatu ondoren, Real Madrilek partida irauli zuen bigarrenean. Ez ziren izan alde handiak, baina Baskoniak ez zuen aurretik jartzerik lortu une batean ere. Erasoan ez zen gaizki ibili: Janningek (15 puntu), Beuboisek (19) eta Xengeliak (16) ondo eutsi zioten, baina beste arlo batzuetan egin zuen huts. Baloi asko galdu zituen, hamahiru guztira, eta Real Madrilek baino 11 errebote gutxiago hartu zituen. Horri Rudy Fernandez beteranoak eginiko partida gehitu behar zaio. 27 puntu sartu zituen, hamazazpi bigarren laurdenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.