Celta 1 - 2 Osasuna

Berea egin du berriro

Osasunak jarraipena eman dio bolada onari, Celtaren zelaian irabazita. Avilak sartu ditu talde gorritxoaren bi golak lehen zatian

Chimy Avila Osasunako jokalaria, pozarren, Celtari atzo sartutako goletako bat ospatzen. SALVADOR SAS // EFE.
enaut agirrebengoa
2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Celta. Marchesin; Migueza, Aidoo, Unai Nuñez, Galan; Fran Beltran, Oscar, Perez (Swedberg, 56. min.), Cervi (Duran, 86. min.); Larsen (Paciencia, 56. min.) eta Aspas.
Osasuna. Aitor Fernandez; Peña (Ruben Garcia, 82. min.) , Unai Garcia, David Garcia, Manu Sanchez; Torro, Moi Gomez, Aimar Oroz (Moncayola, 71. min.); Barja (Vidal, 62. min.), Chimy Avila (Darko, 82. min.) eta Budimir.
Golak. 0-1. Avilak (7. min.); 1-1. Aspasek (18. min.); 1-2: Avilak (28. min.).
Epailea.
Figueroa Vazquez. Txartel horiek Celtako Swedbergi eta Osasunako Unai Garcia, Avila, Aimar Oroz eta Ruben Garciari.
Bestelakoak.
14.209 ikusle Balaidosen.

Edozein gidoi ondo datorkio oraintxe Osasunari. Liluragarri dabil jokoa lantzeko parada duenean, baina badu bertsio pragmatiko bat ere, hainbesteko distirarik egin gabe neurketak irabazteko balio diona. Hain justu, eraginkortasunaren bidetik irabazi zion atzo Celtari, Balaidosen. Lehen zatian apurtu zuen partida, Avilaren bi golekin, eta gero, irmoki eutsi zion errentari. Atzoko garaipenak gora begira jarraitzeko balio dio Jagoba Arrasateren taldeari: 23 puntu ditu dagoeneko, hirugarren postuan dagoen Betisek bezainbeste.

Arrapaladan hasi zuten neurketa bi taldeek. Lehiarako gosea zuten: Osasunak jarraipena eman nahi zion goraldiari, eta Celtak zulotik atera nahi zuen, Carlos Carvalhal entrenatzailearen lehen partidan. Coudetekin defentsako arazo larriak ari ziren izaten galiziarrak. Bada, teknikariz aldatu ostean, zaharrak berri: Osasunak zazpigarren minutuan eman zion lehen kolpea. Gorritxoek erregistro asko darabilte zelaian, eta horren erakusgarri izan zen Avilak sareratu zuen gola. Budimirrek baloi luze bat jaitsi zuen, gero Barjak barruko pasabidean topatu zuen Moi, eta haren pasea jaso ostean, zartako batez 0-1ekoa egin zuen aurrelari argentinarrak. Joko zuzena eta fintasuna uztarturik, markagailuan aurrea hartu zuen Arrasateren taldeak.

Nafarren minuturik txarrenak iritsi ziren golaren ostean. Estutu egin zuen Celtak, kemenez. Defentsan oso hauskorra izanagatik, erasoan jo handia dauka. Aspas agertu ahala, sufritu egin zuten gorritxoek. Haren erdiraketa bat baliatzear izan zen Galan Aitor Fernandezen aurrean, eta gero, beste abagune on bana izan zuten Oscarrek eta Strand Larsenek. Hortik gutxira iritsi zen banakoa, etxekoek azkar ateratako falta batean. Lozorroan harrapatu zuten Osasuna, eta Aspasi iritsi zitzaion baloia. Ez zuen barkatu. 18. minutuan, berdinketa indarrean zen berriz ere.

Erritmo frenetikoan jokaturiko hastapenak fase lasaiago bati eman zion bide. Gutxi iraun zuen, 27. minutuan gorritxoak berriz ere aurretik jarri baitzituen Avilak. Esne mamitan dabil argentinarra, eta mamia atera zion Manu Sanchezek egindako erdiraketa luzeari, burukada ikusgarri batez. Jauzi eta jaurti, sekulako indarrez egin zuen, eta ia area ertzetik bidali zuen baloia sareetara. Hortik atsedenera bitarte, eroso egon zen Osasuna.

Celta gorantz

Haatik, gorantz jo zuen Celtak aldageletatik bueltan, eta metroak galdu zituzten gorritxoek. Iparra, ordea, ez zuten galdu, eta lanerako atorra jantzita, tinko eutsi zieten galiziarren ekinaldiei. Gainera, ez zioten muzin egin erasoko jokoari: bi aukera on izan zituen Budimirrek, buruz, eta Vidalek arrisku handiz jaurti zuen areaz kanpotik. Egiazki, epailearen erabaki oker batek sufriarazi zuen gehien Iruñeko taldea. Penaltia adierazi zion David Garciari, baloia eskuarekin ukitzeagatik, baina erabakia atzera bota zuen errepikapena ikusi ondotik. Azken hatsera arte ahalegindu zen Celta berdintzen. Baina hamasei urteren ostean, hiru punturekin irten ziren gorritxoak Balaidosetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.