Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Torrak aldatu egin du erritmoa

2018ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Torra presidenteak maniobra txiki bat egin du egunotan, eta aldaketa handiak ekar ditzake. Sententziak jakin ostean, ez du deituko hauteskundeetara, PDeCATeko eta ERCko sektorerik autonomistenek nahiko luketen moduan, baizik eta 2017ko urriaren 27an parlamentuan bozkatu zen independentzia deklarazioa ezarriko du. Badirudi aldaketa horrek berretsi egingo lukeela irudipen bat: ezin lortu dela ezein akordiorik Pedro Sanchezen gobernu espainolarekin.

155. artikulua aplikatu zelarik eta Rajoy gainbehera etorri zelarik, independentismoak buruzagi sozialistarengana hurbiltzeko maniobra bat saiatu zuen, errepresio politikan aldaketa nabarmena eragingo zuen itxaropenez; ez preso politikoak aske utziz soilik, baizik eta baita mila pertsona baino gehiago jasaten ari diren errepresio itxuraz txikiago baina atergabe hori ere geldiaraziz. Baina ez da horrelakorik gertatu, eta badirudi pazientzia ere ahitzear dagoela oraintxe.

Torra presidenteak, hasieratik, argi utzi zuen deseroso zegoela erkidegoko presidentearen rolean, Puigdemont presidenteak berariaz eskaturik betetzea egokitu zitzaion horretan. Baina nolabait nabigatu behar izan du, hilabeteotan, urriaren 1eko agintaldiarekiko leialtasunaren eta gobernu koalizio bat gidatzeak dakartzan eginkizunen artean, kontuan harturik koalizio horretan helburuak nabarmen bestelakoak direla hala alderdien beren artean nola alderdien beren barnean. Orain, Espainiako sozialistekin akordioren bat lortzeko itxaropena zapuzten ari delarik eta independentismoak Madrilgo aurrekontuak bozkatu ere ez dituelarik egingo, badirudi Torrak hasieran zituen tesien gero eta aldekoago bihurtzen ari dela egoera. Egia nabarmena da, ordea, Puigdemonten babesaz gain Junquerasena ere beharko duela horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.