Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Assange

2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Autoritarismoa hedatzen ari da munduan: hori egiaztapen ziur bat da, Martxelo. Eta Assange atxilotu izana, berriz, horren froga adierazgarria da.

Assangeri berari buruz dugun iritzia gorabehera, badira hainbat kontu inondik inora ere zalantzan jarri ezinekoak. Lehenik, Assangek prentsa editore moduan jokatu du, hala ez izanagatik ere hitzaren adiera tradizionalean. Assangerekin haren kontaktuak jarri dira harremanetan, eta hark egiaztatu egin du ea haiek emandako informazioa baliozkoa eta garrantzizkoa den, eta gero argitaratu egin du. Bigarrenik, Assangek Wikileaks bidez argitaraturiko informazio horiek garrantzizkoak ziren, zalantza izpirik gabe. Assangeren eskuetatik pasatuak dira oraindik oraingo historiako eskandalu politikorik berealdikoenetako batzuk. Hirugarrenik, beste egiaztapen bat: Assangek ausarki jokatu du beti, eta babestu egin du jende bat, literalki bere bizia arriskuan jarri duena gobernuek egindako krimenen berri jakinaraztearren herritarrei. Eta azkenik: baldin eta estatu batek asilo politikoa ematen badio norbaiti, ez da zilegi gero hori beste nonbaiteko gobernu batek baliogabetzea.

Alde horretatik, ezinago larria da Londresen gertatzen ari dena. Assangek eta Wikileaksek informazio egiazkoa eta kontrastatua argitaratu zuten, AEBek eginiko krimenen erakusgarri. Informazio legitimoa eta garrantzitsua. Eta Assangek epaiketa bati aurpegi eman beharko dio AEBetan, zeinaren eraginez bizi guztiko kartzela zigorra edo heriotza zigorra ere ezar baitiezaiokete. Eta alderantziz beharko luke izan: Wikileaksek agerian utzitako krimen horien egile materialak epaitu beharko lituzkete.

Agerikoa da Assange aurrekariak kazetaritzaren kontrako ildo bat markatu duela lurzoruan. Baita jakiteko eskubidearen kontrakoa ere, zeinean oinarritua beharko bailuke egon demokraziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.