Albistea entzun

Ikasi hitanoa bost astean

Codesyntaxek eta Badihardugu euskara elkarteak aplikazio bat sortu dute hitanoa ikasteko eta praktikatzeko. 2023rako eguneratu egingo dute, gehigarriak erantsiz.
35 egunean hasi eta bukatzeko prestatu dute aplikazioa, egun bakoitzean gai bat jorratuz.
35 egunean hasi eta bukatzeko prestatu dute aplikazioa, egun bakoitzean gai bat jorratuz. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Naroa Torralba Rodriguez -

2022ko abenduak 17

Hamaika modu daude hizkuntzak ikasteko. Horietako bat ugaritu egin da azken urte hauetan bereziki, mugikorretako aplikazioena. Egunean-egunean gai eta ariketa molde bat aktibatuz joan ohi da sistema. Mailakatuak dira, eta, bat gainditu ezean, hurrena datorren atala ez da desblokeatzen.

Euskarara ekarri dute moldea, eta, zehazki, erregistro zehatz baten oinarria eskuratzeko balioko du: hitanoa ikasteko. Appa hi! izena jarri diote, eta Codesyntax enpresak garatu du, Deba Ibarreko Badihardugu euskara elkartearekin elkarlanean. Badu berezitasun bat: bost asteko muga; 35 eguneko epean hasi eta bukatzeko sailkatu dituzte gaiak.

Egun bakoitzak «pilula» bat izango du. Hala izendatu du Asier Sarasola Codesyntaxeko eta Badihardugu elkarteko kideak: «Hasieratik erronka izan da ahalik eta produktu arinena egitea. Mota honetako aplikazioak oso zurrunak eta astunak gerta litezke; hargatik zentratu gara praktikotasunean. Galdera-erantzunen joko estiloan gehienbat, Codesyntaxeko alderdiak bazeukalako esperientzia Egunean Behin-ekin».

Bi atal ditu jolasak. Alderdi teorikoa batetik, non aditz taulak eta ikus-entzunerako azalpenak dauden; eta galdera-erantzunek osatzen duten partea bestetik. Atal bakoitzean, erabiltzaileak hainbat galdera sorta izango ditu, eta galdera horiek zuzen erantzun beharko ditu aurrera segi ahal izateko.

Sarasolak azaldu du garrantzitsua zela epe bat edukitzea: «Ez genuen nahi egun batez instalatu eta handik bi egunera erabiltzeari uzten diozun aplikazioa izan zedin. Ezta jolas amaigabe bat ere. Pentsatu genuen amu egokia izan zitekeela plangintza bat azaltzea, kasu honetan bost astekoa».

Jolasa eskuratzen duenak ezingo du atal bat baino gehiago egin egunean. Sarasolak zehaztu du egunero hamabost bat minutuz praktikatzen duenak hitanoaren oinarriak jasoko dituela bost asteren buruan. «Gauza jakina da hitz egiten ez dela ikasten app-aren bidez, ezin delako hizkuntza bat edo kasu honetan erregistro bat ikasi inorekin hitz egin gabe, baina lagungarria da. Hitanoa ez delako ezinezkoa».

Joan dira hika hitz egiten kalean eta etxean ikasten zen garaiak. Euskarazko beste erregistro batzuk ere galduz joan diren bezala. Transmisio hori etenda dago, eta eskualde askotan hitanoak ez du lekurik; besteetan gero eta txikiagoa da. Aise hitz egiten den lekuetan, baina, nesken artekoa urria da.

Hori hauspotzeaz gain, etxean eta lagun artean hizkera mota hori jaso ez dutenei erreminta bat eskaintzea ere izan dute helburu. Sarasolak erantsi du trebatzeko «modu bat gehiago» besterik ez dela: «Lehendik ere baziren liburuak, webguneak eta diskoak, eta app hau zerrenda horretara erantsi besterik ez dugu egin nahi».

Oñatitik Euskal Herrira

Helburu behinena ikaslea 35 egunen buruan hitanoaren oinarriak jasota eta berriketarako beldurra galduta egotea da. Hortik aurrera, Sarasolaren hitzetan, «lagun artean hika hastea baino ez zaio faltako, eta, dudaren bat duen kasuetan, eskura izango du materiala une oro».

Intuitiboa da aplikazioa. «Teknikoki, erabilera aldetik eta eduki aldetik ere saiatu gara erakargarria egiten». Hasierako ideiaren hazia duela hiru urtekoa da. 2019an, Oñatiko Udalak hainbat elkarte eta eragilerekin abiatu zuen Ingo xonau! izeneko proiektua. Oñatiko hitanoa eta bereziki noka berreskuratzeko proiektua izan zen hasieran, eta bilakaera izan zuen herrian: liburu bat argitaratu zuten, hika-laguna egitasmoa, ikastaroak jarri zituzten martxan, eta ikastetxeetan ere gaia jorratu izan dute unitate didaktikoetan.

Azkena aplikazio hau izan da. Sarasolak zehaztu du garatze bidean dagoela. «Oñatiko hitanoa eta euskara batua dakartza, baina aplikazioa prest dago beste herri batzuetako hitanoa ere kargatzeko. Beste herri batzuetako hitanoko formak praktikatzeko aukera ere egongo da 2023tik aurrera».

Aplikazioaren testuak eta galderak Aintzane Agirrebeñak eta Idoia Etxeberriak atondu dituzte, eta irudiak Mirari Sagarzazurenak dira. Ikusgai dauden audio eta bideo gehienak Euskal Herriko Ahotsak proiektuarenak dira.

Euskara batuaren informazio linguistikoa, aditz taulak eta galdera sortak gehitzeko lanak Badihardugu euskara elkarteak egin ditu. Ritxi Lizartzaren laguntza eta aholkularitza izan dute, baita hark idatzitako Mintza hadi, lagun! liburua ere.

Hizkuntza forma edo erregistroak menperatzeko gakoa hitz egitea dela azpimarratu du Sarasolak. Appa hi! aplikazioa «gidari» izan daitekeela uste du, «saltoa emateko»: «Formatu honek baliagarria izan nahi du erabiltzaile orok oinarria eskuratu dezan».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bertsolariak koplatan, Azpeitiko taberna batean. ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Giroa epeltzeko, bertsoak

Amaia Jimenez Larrea

Azpeitian ospatu da Bertso Eguna, bertsolarien eta bertsozaleen arteko topagunea. Berrikuntzak izan ditu aurten: arratsaldeko ekitaldiaren ordez, afaria eta saio nagusia izan dira Elikagunean.
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Milioika gauza txar ekoizten dira, eta zenbait onak: hori da orain artisautza»

Amaia Igartua Aristondo

1857koa da Gorostiaga denda, eta bide gorabeheratsua izan du, Pirlaren arabera: 1920an, arrakasta; ondoren, gainbehera; sarri uholdeek erasan diote, eta, azkenaldian, ekoizpen industrialak.
Pamela Anderson Kanadako aktorea, <em>Pamela, a love story</em> dokumentalaren fotograma batean. ©NETFLIX

Andersonek hitza hartu du

Urtzi Urkizu

Netflixek 'Pamela, a love story' dokumentala estreinatuko du asteartean. Lan horretan, Pamela Anderson aktoreak bere bizitzaren errepasoa egiten du. Memorien liburu bat ere idatzi du.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...