Bilboko Aste Nagusia

Konpartsen topagunea

Konpartsakideak elkarrekin egoteko eta beste konpartsetakoekin harremanak estutzeko eguna izaten da Bilboko Aste Nagusiko bigarren larunbata. Bazkaria eta jolasak egiten dituzte horretarako.

Taldean. Arratsaldeko jolas denak taldean egitekoak izan ziren, elkarren arteko harremanak sustatzeko. MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Eguerdian Bilboko Areatzara gerturatuz gero, erraz igar zitekeen atzo zer bazkalduko zuen bertara joango zenak. Marmitako usain nabarmena zegoen, txosna denetan ari baitziren menu hori prestatzen. Konpartsakideen bazkaria egin zuten txosnetan, eta, ekitaldi horrekin batera, lehiaketa gastronomikoan ere plater hori prestatu zuten. Alegia, konpartsakideen bazkariko menuak lehiaketarekin bat egin zuen, eta bertan parte hartu ez zutenek ere jaki hori prestatu zuten. Marmitakoa jaun eta jabe izan zen.

Hegaluzea kiloka zenbatu zitekeen. Mari Carmen Dudagoitiak, ordea, neurriak gutxi gorabehera hartu zituela esan du. 60 pertsonarentzako marmitakoa prestatu behar zuen, baina badaezpada gehiagorentzat egin zuen. «Gero txanda egiten ari direnentzat, edo hurrengo egunean mokadu bat nahi duenarentzat, hor dago». Eguzkizaleak konpartsako kidea da, eta prestatutako marmitakoa ez zuen eraman lehiaketa gastronomikora. «13:00etarako eraman behar da marmitakoa, baina guk 15:00 ingurura arte ez dugu bazkaltzen; beraz, denbora tarte horretan patatak desegiten hasten dira, eta ez da behar bezala geratzen». Nahiago izan zuen, beraz, lehian parte hartu beharrean konpartsakideentzako marmitako on bat prestatu. «Sari onena hori izaten baita, lagunekin elkartu eta bazkarian gustura egotea».

Aitor Bravo Txomin Barullo konpartsako kideak ere jende askorentzako marmitakoa egin zuen atzo; 70 kide ingururentzat, hain justu. Eta, Dudagoitiak ez bezala, erabilitako osagaien zenbatekoa gogoan zuen: 30 ale tipula, 22 kilo patata eta zortzi kilo hegaluze. «Neurriak horiek dira, baina bistak zeresan handia eduki ohi du». Goizean goiz joan zen Areatzara, 08:00etan, eta, tipula denak zuritu ostean, marmitakoaren oinarria prestatzen hasi zen. «Ondoren ondorengoa». Errezetaren sekreturik ez zuen eman, are gutxiago lehiaketa gastronomikoan konpartsen arteko saria irabazi ostean. Pozarren zegoen garaikurra eskuan zuela, eta Zaratas konpartsari eskertu nahi izan zion atzokoan emandako laguntza guztia. «Lehiaketako lekua eurek hartu ziguten, eta hamaiketakoa ere eurekin egin dugu».

Batu ahal izateko aitzakia

Konpartsakideen bazkaria hori ere badelako: hainbat konpartsatako kideak elkartu eta batera egoteko ordua; jatekoa aitzakia bat besterik ez da, beraz. «Azken batean, lagunak batzen gara hemen, eta batera egoteko aprobetxatzen dugu», esan zuen Dudagoitiak. Izan ere, Aste Nagusian, txandak direla edo bestelako ekintzak direla, ez dute izaten aukera askorik denak batera egoteko. Beraz, eurentzat bada elkarrekin egoteko momentu aproposa. «Konpartsan sartu diren kide berriak ezagutzeko momentua ere izaten da».

Baina ez hori bakarrik: gainerako konpartsakideekin egoteko bazkaria ere izaten da Aste Nagusiko bigarren zapatuan egiten dutena. Txosnen kanpoaldera ateratzen dituzte mahaiak, eta hainbat koloretako kamiseta eta blusak daramatzaten konpartsakideak txosnetan nahasten dira. Bakoitza bere mahaian, baina baita nahasian ere. «Gainerakoan, egoteko aukera gutxi duzun jendearekin batzeko eguna da, eta horregatik ere bada polita eguna». Dudagoitia astean birritan joaten da konpartsaren txosnara janaria prestatzera, eta bereziki atzoko eguna du gogokoen.

Elkarrekin egon eta harremanak estutzeko eguna dela esan daiteke, beraz. Are gehiago bazkaldu ondorengo egitarauari begiratuz gero. Arratsaldean, konpartsen arteko herri kirolen lehiaketa egin zuten. «Bertara konpartsako gazteenak joaten dira; nik dagoeneko nahikoa lan egin dut», esan zuen Eguzkizaleak konpartsako kideak. Konpartsa bakoitzak bere txosnaren inguruan bazkaldu ostean, Arriaga antzokiko plazan elkartzen dira denak, eta jolasak egiten dituzte. Taldeka egin beharreko jolasak dira, taldeko zaku lasterketa, oskola apustua, edo bestelakoak. Jai giroan erabat murgilduta, konpartsakideek elkar zirikatuz eta jolasean igaro zuten arratsaldea. Harremanak estutzeko aukera on bat, zalantzarik gabe.

Konpartsakideak giro ederrean aritu ziren lehiatzen; jolasten ari ez ziren kideak Arriaga plazako eskaileretan zeuden eserita, jolasei begira. Txandaka aritu ziren jolasetan; Satorrak, Komantxe, Hau Pittu Hau eta Uribarri konpartsak lehiatzen ari zirela, atzean geratu zen Satorrak. Plazan zegoen animatzaileak, ondotik: «Zer gertatzen da, Satorrak-ekoak bakarrik etorri dira, ala? Non daude gainerako konpartsakideak, animatzeko?». Zirikatutakoan, Satorrak-eko gainerako kideak oihuka eta txaloka hasi ziren. Lau konpartsen arteko txanda amaituta, eta azken postuan geratu ostean, lehiakideak elkar besarkatu eta postu hori lortu izana ospatzen hasi ziren; azkena geratzea gutxienekoa izan zen.

Bukatzeko, Bilboko Konpartsek banderak banatu zituzten. Aste Nagusian jarrera eraikitzailea izan dutenei bandera urdina ematen diete; atzo, Bilbo Kantarik jaso zuen. Bandera marroia, berriz, udaltzainek, haiek jaigunean edukitako jarrera salatu baitute konpartsek egunotan. Sari banaketa ere jai giro zirikatzailean egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.