Emakume musikariak jaialdietan. Testigantzak

Olatz Salvador: «Maskulinizatuta dago giroa erabat»

Orain gutxi abiatu du bakarkako ibilbidea Olatz Salvadorrek. Aurretik, ordea, Skakeitan taldearekin hainbat musika jaialdi handi ezagutu ahal izan ditu. Andreentzako festibalen mundua zer-nolako ingurune arrotza den azaldu du.

Maider Galardi
2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun

Skakeitan taldean hasi zenean, teklatu jotzailea zen Olatz Salvador (Donostia, 1989). Oholtza gainean zegoen, baina izkina batean, ia inork ikusten ez zuen zokoan. Laster bilakatu zen ahots gozoko koruak egiten zituen taldeko «neska». Sei urteren ostean hartu du protagonismoa. Abiatu du, gainera, bakarkako ibilbidea. Oholtza gainak ematen dio oraindik zorabioa: «Lehen lerrora igarotzean, zu zaude fokuen pean, eta hor sortzen da autoexijentzia handia». Baina, emakume musikarien presentzia areagotzearen beharra argi du: «Badaude emakume musikariak, baina jaialdi handietan bakarrik sentitzen zara».

Dagoeneko ibilia da hainbat musika jaialditan Skakeitan-ekin. Rototomen (Benicassim, Valentzia, Herrialde Katalanak), Viñarocken (Viñarobledo, Espainia), Donostia Festibalean, Hatortxu Rocken... Eta aurtengo uda ere halako kontzertuz betea dute. Horregatik, Salvadorrek ongi ezagutzen ditu festibalen barrunbeak: «Giroa erabat maskulinizatua dago». Baina, ez da ari soilik oholtza gainean aritzen direnen inguruan. Salvadorrek azaldu duenez, gizonezkoz josia dago jaialdien antolaketa bera: «Managerrak, soinu eta argi teknikariak, arduradunak... gehienak dira gizonak».

Horrek erabateko lotura du emakume musikarien deserosotasunarekin. Musika taldekoen lagun gisa hartzen dituzte maiz, edo ez dira fio haien musika gaitasunez: «Gertatu izan zait teknikoekin ika-mikak izatea nire instrumentua gaizki prestatua nuela uste zutelako». Horrek guztiak gune arrotz bilakatzen du oholtza atzea: «Bertan elkartzen diren musika taldeen araberakoa da giroa, baina, askotan, oso matxitoa izaten da». Autokritika ere egin du. Jaialdi bateko arduradun zela beste andre musikari bat etorri zitzaion hilerokorako tanpoi bat eskatzen: «Denetarik zegoen kamerinoan, baina guretzako oinarrizkoa den elementu batean ez genuen pentsatu. Hori da diferentziarik handienetakoa».

Edonola, Salvadorrek badaki oholtza gainean boterea, izan, baduela: «Taula gainean sortzen den giroak baldintzatzen du ikusleen jokabidea ere». Aitortu du, ordea, ez dela gizonezkoak bezain aske sentitzen: «Arazorik gabe ken dezakete kamiseta. Eta nik kenduko banu?». Bakarkako bidea abiatu duenetik, lehen lerroan dago orain, baina sentitzen du bere irudiarekiko eta itxurarekiko presio handiagoa.

Jaialdi handietara emakumerik ez gonbidatzea «inertzia» bilakatu dela uste du: «Antolatzaileek badituzte erreferentzia batzuk, eta horiek errepikatzen dituzte inertziaz». Hala ere, andreak egon badaude, eta, horren lekuko, azken urtean Salvadorrek parte hartu duen dokumental parea: Emakumeak oholtzan eta Las que faltaban.

Ez soilik andre direlako

Hala ere, Salvadorri ez zaio gustatzen jaialdietan «soilik emakume» delako jotzea: «Jakina, behar da andreen presentzia, baina bortitza da entzutea zu behar zaituztela emakumea zarelako». Horregatik salatu du emakume musikari guztiak «zaku berean» sartzen dituztela; «kategoria berean», kontuan hartu gabe zein den bakoitzak egiten duen musika estiloa.

Egoera iraultzeko asmoz eta ikusgaitasuna handiagoatzeko, iaz sortu zuten Euskal Herriko emakume musikarien sarea: «Bakoitzak bere bidea du, baina indartu egin gara». Bide horretan, Salvadorrek egin du pauso bat aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.