Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Uhinak astindu

2022ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Askeak, komunitarioak edo hirugarren sektorekoak; badira kontzeptu ezberdinak mainstream diren komunikabideei alternatiba gisa sortu diren irratiak izendatzeko. Madrilen onartu den ikus-entzunezko lege berriak aukera bat zabaltzen du hedabide komunitarioak legediaren barruan ari daitezen. Nafarroako Gobernuak eta Jaurlaritzak, horretarako eskumenak dituztela eta, legeztatzeko prozedura zehatza ezarri beharko lukete orain. Hego Euskal Herriko dial hipersaturatuan zein maiztasun bandan kokatzea bada arazoa, irtenbide erraza dute: udal irratiei dagokien 107-107.9 MHztako banda ia hutsik dago, gurean tokiko irrati publikoak ez baitira ugaritu, Katalunian edo Andaluzian bezala. Izan ere, baimen administratiboa lortze bidean gutxi batzuek udal babesa lortu dute eta oso errotuta daude tokian tokiko komunitatearekin.

1990eko hamarkadaren amaieran sortu zen Euskal Herriko lehenengo irrati askea: Donostialdeko Osina (1979). 1980ko hamarkadan herri eta auzoetan zehar hedatu ziren, kokatzen ziren komunitateekin, herri mugimenduekin eta sortzen ari ziren musika adierazpen berriekin loturik. Autoritateek txapeoekin erantzun zuten. Itxieren aurkako mobilizazioek irrati mugimendua bizirik mantendu zuten, eta, bitxia bada ere, ondorengo tolerantziak apaldu zuen, eta gutxi izan ziren 1990eko hamarkadara heldu ziren irratiak —Iruñeko Eguzki (1982) dugu hasierako garai horietako bat—.

Profesionalizazioarekin batera, legalizazioarena eztabaidagai izan da mugimenduaren historian zehar. Estatuek egiten duten banaketaren aurrean, irrati askeek esparru irratielektrikoaren erabilera librea aldarrikatzeko sortu ziren.

Ipar Euskal Herrian, 1981ean irrati asoziatibo gisa legeztatu ziren, eta Hego Euskal Herrian bidea zabaldu zen 2010eko Ikus-entzunezko Legean oinarrituta, administrazio autonomikoek egindako deialdien bidez, gainerako irratien joko arau berdinetan. Orain, baimen administratiboa lortzea, proiektu komunikatiboari egonkortasuna ematetik harago, irrati hauen aitortza litzateke. Internet eta sare sozialak hedabide nagusien diskurtso ofizialari erantzuteko eta herri-mugimenduen bozgorailu bilakatu diren heinean, ezin ahaztu irrati horiek aitzindariak izan direla iritzi eta hizkuntza alternatiboak zabaltzen, eta gaur euskal komunikazio esparruko zutabe inportantea direla.

Uhinak astintzen jarrai dezaten, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.