Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Tempus fugit

2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Abestiak dio 20 urte ez dela ezer. 40 urte horren bikoitza badira ere, ziztu bizian igaro direla senti dezakegu atzera begiratzen dugunean. Aldi berean, historia kolektiboaren errepasoa egiten dugunean, bizipen horietan gertaera asko sartzen direla ohartzen gara.

Azaroaren 23an 40 urte beteko dituela aitzakia hartuta, Beste 40 urtean irratsaioa eskaintzen du Euskadi Irratiak ostegunero, 21:00etan, Manu Etxezorturen eskutik. Ez da historia saioa, ezta kronika nostalgiko hutsa, nahiz eta musikak eta soinuek batzuek bizitu dugun iragan hurbilera garamatzaten. Etorkizuna nolakoa izango den irudikatzeko saiakera dago solaskideekin berbetan.

Hitzek eta hotsek berebiziko protagonismoa dute. Gonbidatuekin izandako hizketaldietan azken 40 urteetan izandako gertaera ezberdinak gaur egunera dakartza, solaskideen oroimenaren bidez entzuleena ere iratzarriz. Lehenengo saioan, 40 urteen inguruan dauden pertsonaia ezagunekin, zenbaki borobil horretara heltzea mugarri dela argi dago, baita komunikabide baten bizitzan ere.

Irratiak berak leku berezia du saioan, elkarrizketatu askok zuzeneko edo zeharreko lotura baitute berarekin, eta kate publikoan lau hamarkadatan pasatu diren ahots ezagunak maiz agertzen dira; baina horien testigantzak aitzakia baino ez dira garai baten kronika egiteko. Aukeran, urriaren 27ko saioa nabarmendu nahi dut, neure burua irudikatu baitut piladun irratia burkoaren azpian edo autobuseko bozgorailutik entzuten; hala ere, sakelako telefonotik entzun behar izan nuen, etxerantz oinez nindoala.

Estudiotik maiz ateratzen da esataria; furgoneta, elektro-etxe, plaza, liburu denda edo ostatua, besteak beste, izan daitezke elkarrizketa egiteko leku aproposak, galdera egokiak egiten badira. Hondoko hotsak ez dira ezkutatzen, eta, aurreko hamarkadetatik berreskuraturiko soinu eta musiken erabilerarekin batera, irrati-errealizazioaren adibide bikaina dugu.

Azken saioan, Laurogeiko krisia eta Birmoldaketa, Euskaldunaren itxiera eta protestetan eraildako langilearen oroimena berreskuratu ditu Etxezortuk soinuen kutxatik, ondoren goizetan egiten zen ekonomiari buruzko solasaldian parte hartzen zuten protagonistekin mintzatzeko. Denak adituak, guztiak gizonak... Gaur, berriz, ez genuke emakumerik gabeko mahairik ulertuko. Ala bai. Beharbada,arlo horretan oraindik 40 urte ez dira nahiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.