Arrakala digitala

ZIMURRAK LABIRINTO DIGITALEAN

Bizimodua errazteko iritsi dena buruhauste galanta ematen ari zaie adinean sartutako askori. Eraldaketa digitalak arrakala handia sortu du adinekoen eta gainontzeko populazioaren artean. Pandemiak azkartu egin du enpresek eta administrazioak martxan duten prozesua, eta bazterrean geratzen ari dira pertsona asko.

Ordenagailuaren aurrean jarri, eta zalantza ugari sortzen zaizkio hasiberriari. BERRIA.
xabier martin
2021eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Ixiarrek ilara luzea aukeratzen du supermerkatuan. Ez du gustuko behar baino denbora gehiago egotea saltokian, are gutxiago pandemiaren aroan, baina beldur dio kutxa automatikoari. Kutxa horiek jarri dituztenetik luzeagoa da kobratzailearen ilara auzoko BM supermerkatuan, baina seguruagoa da Ixiarrentzat. Gogoan du telefono konpainiak eskaintzen dizkion oporretarako doako megak eskatu zituela iazko udan. Aurreko neguan oparitu zioten tabletan Netflix ikusten du, eta udako etxean ez du wifirik. Euskaltelek azaldu zion hileko faktura helbide elektronikora bidaliko ziotela aurrerantzean mega horien truke, eta paperarekin ahazteko. Ordutik ez du kontrol handirik ordainketen gainean; alabari esaten dio fakturen PDFak erakusteko, noizbehinka, Euskalteleko webgunean sartu behar delako, gakoak eta beste jarrita.

Banketxean sarri egotea ere ez du gustuko Ixiarrek, baina beharrezkoa zaio tarteka bere agentearekin egotea. Pandemia iritsi zenetik, txat baten bidez hitz egiteko proposatu dio hark. 71 urterekin, gai da ibilketa nordikoan bide luze samarrak egiteko, baina txat bat beste kontu bat da. Kutxabankeko agenteak behin esan zion hobe zuela kontu berria sarearen bidez zabaltzea, ez zuelako komisiorik ordainduko. Baina ez zuen ikusi nahi izan asmatuko ote zuen operazio hori egiten, eta, ez duenez alabarena jo nahi etengabe, komisioa pagatzen du. Gauza bat da Whatsappez lerro batzuk idaztea eta argazkiren bat jaso eta bidaltzea, eta beste bat asmatzea kontu korronte bat irekitzeko bankuaren webguneak eskatzen dituen baldintza guztiekin. Ez da gauza bera egunkari digital baten aplikazioan sartzea eta telefono konpainiaren webgunean kontratatzea dei eta datu batzuen eskaintza jakin bat. KZguneko ikastaroek beren mugak dituzte.

Ixiar izen asmatua da Donostiako Amara auzoan bizi den emakume bati erreparatzeko. Izenik eman nahi izan ez duen pentsiodun horrek ahaleginak egiten ditu aro digitalean «atzean ez geratzeko», baina batzuetan «ezinezkoa» egiten zaio egunetik egunera gertatzen diren aldaketetara moldatzea. Izan ere, Ixiar asko daude adinarekin lotutako arrakala digitalaren zuloan. Eurostaten arabera, 65 eta 74 urte arteko Europako Batasuneko herritarrek gaitasun digital apala dute. Adin tarte horretan, soilik %5ek dute 16 eta 24 urte arteko gehienen (%68) gaitasunaren parekoa. Komunikazio molde berriak arrotz egiten zaizkie, eta eraldaketa digitalaren arazoa beste urrats bat egiten ari da enpresa pribatuek zein publikoek —bakoitzak bere erritmoan— estrategia azkartu dutenetik beren jarduera sarera bideratzeko.

Botoien aurrean urduri

«Pentsiodun gehienak ez dira oinarrizko Interneten ibiltzera ere iristen», dio Nagusiak elkarteko zuzendaritzako kide Alfonso Sierrak. «Gehienek familiari esker egiten dituzte behar-beharrezkoak diren gauzak, bai administrazioarekin, bai bankuarekin. Baina seme-alabek beren familiak dituzte, beren arazoak, eta ezin da egun osoan atzetik ibili». Sierrak uste du batzuentzat oso erraza dena ezinezkoa bihurtzen delaadineko askorentzat: «Kutxa automatiko baten aurrean jarri, botoiak ikusi, eta urduri jartzen dira operazio errazenak egiteko ere. Kontuan hartu ikusmena ere ez dela bera adin batetik aurrera, eta kalean, agian, ez dira hasten betaurrekoak ateratzen. Nola egingo dituzte, ba ,operazio konplexuak, webguneak gidatzen zaituen arren?».

Telefono konpaniak, bankuak, energiarekin aritzen direnak eta abar inbertsio handia egiten ari dira azken urteetan beren zerbitzuak eta produktuak sarearen bidez saltzeko eta kudeatzeko. Bada, pandemiak neurtu du azken hilabeteetan prozesu horren heldutasuna, eta biziki hauspotu du digitalizazioaren estrategia. Saltoki fisikoa saltoki birtuala ordezkatzen ari da, eta muga jartzen ari zaizkio presentzialismoari, saltzen duen agentearen eta erosten duen bezeroaren presentzialismoari, esan nahi baita. Konpainiek lan kostuak asko merka ditzakete denda fisikoak eta dendariak beharrezkoak ez badira. Zenbat eta jarduera handiagoa bideratu Internetera, orduan eta apalagoa izango da bulego eta denda fisikoan.

«Gainera, esan behar da gauza asko ez direla batere errazak», dio Nagusiak elkarteko kideak; «nik neuk askotan amore ematen dut beste aldean makina baten ahotsa dudanean, baita Interneten ibiltzen ohituta nagoela ere; bada, nazka-nazka eginda bukatzen dut askotan».

Edozein euskal hiri eta herritan, azken urteetan, zenbat banketxe itxi diren zenbatu besterik ez dago neurria hartzeko martxan dagoen prozesuari. 2008an, 2.700 bulego zeuden Hego Euskal Herrian, eta iazko ekainean, 1.623 geratzen ziren zabalik, 1.100 gutxiago ia. Azken sei hilabeteetan beste mordo bat itxi dira, gainera, pandemia tarteko. Era berean, zenbat denda itxi dituzte telefono konpainiek? Negozioa sarearen bidez edo telefonoz egiten dute aspaldian, aseguruak, argindarra, gasa eta beste produktu ugari saltzen duten enpresek bezala.

«Penagarria dazer-nolako iladak egiten diren banketxeetan, pentsioa jasotzen den egunean», erantsi du Sierrak; «pentsiodun asko hiletik hilera bizi dira jasotzen dutenarekin, eta banketxera joan behar dute aldiro. Gero eta bulego gutxiago daude, gero eta jende gutxiago aurrez aurreko zerbitzua ematen. Zaharrak albo batera utzi dituzte. Dena aldatu da: lehen gizatiarragoak ziren, baina orain dena webgunean egin nahi dute, eta ez dakiena atzean geratzen da».

Egin zerorrek azkarrago

Askorentzat izaten da zail samarra estreinakoz operazio bat egitea bankuaren webgunean, baldin eginbehar horretan jokoan sartzen badira posta elektronikoak, kreditu txartelaren zenbakia, segurtasun kodeak, sakelakora iritsitako SMS mezuan datorren gako zenbakia eta beste. Zail samarra dena ezinezkoa gertatzen da beste askorentzat. Eta jarduera sarera eramateko enpresek eskaintzen dituzten abantailen zelaian ere gertatzen ari da bazterketa. Sarearen bidez eginez gero, bezeroak zerbitzu merkeagoak lortzen ditu, azkarragoak, osoagoak. Bankuek ere komisioak ez kobratzea eta beste abantaila batzuk eskaintzen dituzte bezeroak bere kabuz zabaltzen baditu kontuak, kontratatzen baditu aseguruak eta beste produktu batzuk. «Oinarrizkoa egiteko familiaren laguntza behar badute, nola hasiko dira, ba, sareko abantailak aprobetxatzen? Ezinezkoa da gehienen kasuan», kexu da Nagusiak elkarteko kidea.

Eusko Jaurlaritzak 2001ean jarri zituen martxan KZguneak.Urteotan, oinarrizko milaka informatika ikastaro eman dituzte 282 zentrotan, eta zerbitzuko zuzendari nagusi Toñi Maestrok (Urretxu, Gipuzkoa, 1966) azaldu du ikasleen artean 60 urtetik gorakoak direla gehienak, batez ere emakumeak. «Gaur egun, 242 KZ gune ditugu, baina martxotik jarduera erabat baldintzatu digu koronabirusak». Informatika maila desberdinetako ikastaroak ematen dituzten arren, gehienetan oinarrizko erabilerakoak dira. «Batzuek lehen harremana dute teknologiarekin. Hutsetik hasten dira, eta hartzen dituzten gaitasunek muga batzuk dituzte, noski».

Esaterako, Whatsapp aplikazioa erabiltzeko ikastaroek arrakasta handia izan dute 2015etik aurrera. «Lehen, ordenagailuekin aritzen ginen bakarrik, posta elektronikoa eta Interneten nabigatzen ikasteko. Gero, smartphone-ak eta tabletak iritsi zirenean, martxan jarri genituen gailu horiekin trebetasuna hartzeko ikastaroak ere». Baina oinarrizko trebetasun bati buruz ari gara betiere. «Bada ikastaro bat ordenagailua jartzeko mahaia ere ez duenarentzat zuzendua; ikastaro luzeak dira, hogei ordukoak».

Ikastaro horretara joandakoak ez dira hasiko berehala kutxa automatikoak erabiltzen supermerkatuetan, kasurako. Bezero batzuentzat, gazteentzat oro har, eskertzekoak dira kirol produktuen Frantziako multinazional batek bere saltoki handietan aspaldian jarri dituen kutxa automatikoak. Ilaran zain egon gabe gai dira erositako produktuak ordaintzeko, eta atetik ateratzeko alarmak jotzen ez duela. Pertsona baten zerbitzua nahiago dutenek, berriz, lehen baino gehiago itxaroten dute, langile gutxiago daudelako kutxetan, eta oraindik ere askok nahiago dituztelako kutxa tradizionalak. Ez da erraza adinekoak ikustea kutxa automatiko horietan. Zer esanik ez supermerkatuetan, produktu ugari pasatu behar direnean makinatik.

Finean, enpresek bezeroari ematen dioten mezua oso argia da: «Erosketa prozesua azkar bukatu nahi baduzu, zerorrek egin, berez gure langileen lana den arren». Eginbehar mekanikoak erraztean, langileak beste zereginetan ari daitezkeela argudiatzen dute multinazional batzuek, teknologia langilearen zerbitzura jartzen dela, alegia. Lantaldea murrizteko erabakiak hartzen direnean, ordea, aztertzekoa litzateke bezeroek kutxa automatikoetan egiten duten lan horrek nola eragiten duen.

Sare bidezko erosketei dagokienez, berriz, izugarri igo dira azken urtean pandemiaren itzalean. Joera argia da, eta Interneten erabilera egonkortu egin da adin tarte guztietan. Eustaten arabera, Arabako, Bizkakoi eta Gipuzkoako herritar guztien %82,6k erabili dute sarea 2020. urtean, baina alde handia dago adinaren arabera. Esaterako, 24 eta 34 urte artekoetan, %99,9k erabili dute baterako edo besterako; 65 urtetik gorakoen artean, ordea, soilik %42 sartu dira Interneten. Portzentajea apala da, baina 2019an baino lau puntu handiagoa.

Eta zenbatek erosi dute merkataritza elektronikoaren bidez? Bada, Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetako biztanle guztien %45ek erosi dute zerbait sarean azken urtean, sareko erabiltzaile guztien erdiek baino gehiagok, alegia. Izan ere, gutxi dira Interneten sartzeko gailuren bat ez duten etxeak. Baina atal horretan ere, adinekoak atzean geratzen ari direla islatu da. Seme-alabak dituzten etxeen %98k dute gailuren bat sarean ibiltzeko, eta bakarrik bizi direnen artean—alargunak asko eta asko—, etxeen %69tan daude tabletak, ordenagailuak edota smartphone-ak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.