Osasunak geldiezin jarraitu nahi du etxetik at, Real Madrilen aurka

enaut agirrebengoa
2021eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Gorritxoek zapore gazi-gozoarekin bukatu zuten Sadarren Granadaren kontra jokatu zuten partida. Laugarren lehia kateatu zuten galdu gabe, eta Europako postuetan iraun zuten; alabaina, garaipenak ihes egin zien azken unean, ezusteko gol batekin. Oso bideratuta dute salbazioa, denboraldiko helburu nagusia, baina nafarrak inkonformistak dira: behin sailkapenaren goiko partera iritsita, bertan ahalik eta egonaldirik luzeena egin nahi dute. Hori horrela, anbizio handiz egingo diote gaur bisita Real Madrili (21:30, Movistar LaLiga).

Argudio indartsu bat du Osasunak baikorra izateko: etxetik at jokatu dituen lau neurketak irabazi ditu. Sadarren falta duen zorte ona topatu du Iruñetik urrun. Taldea neurketa guztietan izan da lehiakor, baina aparteko eraginkortasuna izaten ari da bisitari legez. Gaurkori begira, eredu ona izan daiteke duela bi jardunaldi Vila-realen zelaian lorturiko garaipena: zutik iraun zuen aurkaria gogor oldartu zitzaionean, eta ate aurrean ez zuen gupidarik izan.

Litekeena da gaur ere hainbat minutuz jazarria izatea, eta, horregatik, «ahalik eta hobekien defendatzen» saiatuko da Osasuna, Jagoba Arrasatek atzo adierazi zuenez. Halaber, teknikari gorritxoarentzat «funtsezkoa» izango da gol aukerak profitatzen asmatzea. Aurkariaz, gibelean uzten diren espazioak baliatzeko duen gaitasuna nabarmendu zuen: «Akabatu egiten zaituzte». Horregatik, garbi du zer saihestu behar duten: «Joan-etorrian nekez irabaziko dugu. Bestelako plan bat behar dugu». Orain arteko emaitzek «konfiantza eta autoestimua» eman ei diote taldeari, baina badaki irabazteko «partida biribila» egin beharko dutela.

Berriz ere deialditik kanpo utzi du Budimir, oraindik ez baitago sasoi betean. «Entrenamenduak behar ditu. Arazo fisikoak asko arindu zaizkio, baina onena Iruñean gelditzea da». Sasoiko daude, aldiz, beste bi aurrelariak, Chimy Avila eta Kike Garcia. Arrasatek atea irekita utzi zuen biak hasieratik jokatzeko aukerari: «Elkarrekin joka dezakete, oso bateragarriak baitira». Aridane min hartuta dago, baita Juan Perez, ordezko atezaina ere; Dario Ramosek hartuko du bere lekua.

Lehiaz kanpo, Osasunak atzo jakinarazi zuen abenduaren 19an egingo direla presidentetzarako hauteskundeak. Oraingoz, egungo lehendakari Luis Sabalzak soilik azaldu du asmoa aurkezteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.