Ostegunean elkarren aurka jokatutako derbiaren ostean, oso aldarte desberdinean helduko diete Osasunak eta Athleticek ligako azken bi jardunaldiei. Biek dute helburu bera: Konferentzia liga jokatzea. Baina gorritxoak 2-0eko garaipenak emandako hauspoak bultzatuta ariko dira, eta helburua euren esku dagoela; zuri-gorriak, berriz, porrotaren kolpearekin, eta besteen emaitzen zain egon beharrarekin.
Osasunak Getaferi egingo dio bisita (19:00,DAZN). Etxekoek salbazioa dute jokoan, baina Jagoba Arrasateren taldeak Europan aritu nahi du hamasei denboraldiren ondoren. Horretarako,azken urteetako estatistikak apurtu beharko dituzte nafarrek. Izan ere, 2014tik ez dute han irabazi. Jagoba Arrasate baikor da. «Haiek bete-betean irten ohi dira partidetara, eta oso adi. Haien pare arituz gero, aukerak izango ditugu irabazteko». Teknikariak argi du zein den helburua: «Azken jardunaldira helburua gure esku dagoela iritsi nahi dugu. Zazpigarren postu horrek balio handia du, eta dena emango dugu horri eusteko». Taldea animoz«oso ondo» dagoela berretsi zuen. Eta fisikoki? «Denak jokatzeko moduan dira. Neke pilaketaren arabera, hartuko ditugu bihar [gaur] erabakiak. Izan ere, arriskatzeko unea izan arren, egokiena ondoen dauden jokalariak jartzea da».
Arrasateri jokalari garrantzitsu bat faltako zaio: Ante Budimir aurrelaria. Kroaziarrak lehen gola sartu zuen Athleticen aurka, baina txartel horia ikusi zuen, eta zigortua dago bosgarrena izan zelako. Haren ordez, Chimy Avilak edo Kike Garciakjokatuko dute.
Getafek funtsezko bi jokalarifaltako ditu: Carles Aleña eta Enes Unal. Budimirren antzera, Aleña zigortua dago txartel pilaketengatik. Enes Unalek, berriz, belauneko lotailu gurutzatua apurtu zuen azken norgehiagokan, Betisen kontra.
Athleticek, aldiz, denboraldiko hamaikagarren kolpetik jaiki, eta sinesten jarraitu behar du. Zuri-gorriek Elx hartuko dute San Mamesen (19:00). Baina ez dute lantegi erraza izango. Izan ere, Herrialde Katalanetako taldeak aspaldi galdu zuen maila. Denboraldi txarra egin du, baina salbatzeko aukerarik ez zuela izango barneratu zuenetik askatu egin da, eta ezustekoak ematen ari da. Azken hiru partidetan garaipen bat eta bi berdinketa pilatu ditu.
Horrenbestez, kontrarioa konfiantzaz zelairatuko da, ezer galtzeko ez duela. Athletic, berriz, puntu premia duen taldearen presioarekin. Gainera, zaleen aurrean kostatzen ari zaio. Eta hori gutxi balitz bezala, azken jardunaldietan behera egin du Valverderenen joko mailak. Besteak beste, atzean sendotasuna galdu duelako. Iñigo Martinezen eta Yerayren hutsunea asko ari da nabaritzen taldea. Eurak eusten zuten Athletic. Bestalde, defentsan asko laguntzen du Dani Garciak, eta hura ere min hartuta dago. Denboraldiko unerik gozoenean lesionatu da euskarria. Vesga, berriz, ez dago bere sasoirik onenean arazo fisikoengatik.
Taldeak defentsako lanean izan duen beherakada handia izan da. Baina, azken ahalegin bat egin, eta emaitza onak eskuratuz gero, gertu egon daiteke datorren sasoian Konferentzia Liga jokatzeko aukera.
Ernesto Valverdek azpimarra hau egin zion partidari: «Argi dago Elx sasoiko unerik onenean dagoela eta emaitza onak ateratzen ari dela. Erritmo bizia sartu behar diogu neurketari, eta ondo egiten ditugun gauzak indartu».
Aldarte desberdina dutela, Konferentzia ligaren bila
Osasunak hauspotuta egingo dio bisita Getaferi. Athleticek sasoiko hamaikagarren kolpea ahaztu beharko du Elxi irabazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu