Duela urte batzuk zenbait pertsonak gure ahotsa eman genuen euskarazko testuak erabilgarri izan zitezen hainbat enpresatako erantzungailu automatikoetan. EHUko Aholab egitasmoan aukera izan genuen idatzitako testu bat artifizialki irakurtzen zuten ahots ezberdinen lokuzioak entzuteko. Jolasa zen, ia, Urkullu lehendakariaren ahotsa erabiliz mezu batzuk hedatu ziren arte. Orduan, ez genekien nora eramango gintuen; gaur, berriz, ez dut zalantzan jartzen adimen artifizialaren lehenengo urratsak zirela.
Espainiako bikoiztaileek aurrean genuen arriskuaren tamaina agerian utzi zuten udaberrian; salatu zutenez, emozioak adierazten zituzten ahots eta lokuzioak grabatzeko deialdia egin zuten enpresa batzuek ahots-bankua sortzea zuten helburua. Horietaz baliatuta, gerora testuak artifizialki interpretatzeko nahian, pertsonen parte hartzerik gabe. Berehala susmo txarra izan nuen: ikus-entzunezkoen muntaketan ez ezik, irratian ere posible litzateke halakorik gertatzea.
Bai. Dagoeneko Radio GPT deituriko irratia sortu dute Ohion, AEBetan, pertsonarik gabe emititzen duena. Facebook, Twitter, Instagram eta beste informazio-iturri batzuk (250.000 baino gehiago) miatuta, eta GPT-3 deituriko teknologia erabilita, irrati gidoiak sortzen dituzte, baita testu horiek audio bihurtu ere, kateko ahotsak imitatuz, nahiz eta esatariek ez duten irakurtzen. Horretaz gainera, sistemak sare sozialetan hedatzeko edukia ere sortzen du, baita plataformetan zabaltzekoa ere. Hori guztia era automatiko batean egiten du, gizakiak parte hartu gabe. Gainera, entzulearen gustuak ezagutzeko gaitasuna du, bai eta horren arabera edukiak eskaini ere —algoritmo famatu hori, zeinak gure desioak eta interesak askotan guk baino hobeto ezagutzen dituen—.
Izutzeko modukoa, bai. Hala ere, nire ustez, ez dago Jose Iragorrik oihukatzen zuen bakalao bezalako irrintzirik asma dezakeen robotik, edo, transistoreen gaua deiturikoan ahopean hitz egiten zuen esatariaren kezka transmititzen duenik, zein ahotsa galdu artean ekitaldi bat azaltzen oilo-ipurdia eragiten duenaren parekorik...
Izan ere, irratia zerbait bada, informazio, datu, abesti edo edukien segida baino harago, emozioa da, konpainia, beroa... Eta horrek adimen emozionala eskatzen du; oraingoz makinek ez dutena.
IRRATIA
Adimen emozionala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu