Ezarian. zinema

Hoffmanek Marina ezagutu zuenekoa

Hondarria, Irun eta Donostia ezagutu zituen orain 40 urte inguru Dustin Hoffmanek, 'Papillon' filmaren grabazioan. Donostiako Zinemaldiaren bosgarren Donostia Saria jasoko du aktore estatubatuarrak jaialdi amaierako ekitaldian.

Dustin Hoffman Luis Dega pertsonaiaren rolean, Papillon filmean. IMGUR.
xabier martin
2012ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Presoen urrats akituak kale gogorrean doaz aurrera arrastaka. Kondenatuen desfile ankerrak jendea isilarazten du ezker-eskuin. Louis Dega iruzurgileak harlauzen bazterretan bildutakoen begirada hotza —eta errukiz betea batzuetan— suma dezake bere betaurreko lodietatik harago. Zuhaitzez beteriko pasealekuaren edertasunarekin ezin ohartu. Patuak sufrikarioa idatzita dauka harentzat Deabru irlan, baita kate-lagunarentzat, Papillonentzat.

Hondarribiko Marina auzoa da Franklin J. Schaffnerren Papillon film ezagunaren hasierako pasartearen kokalekua, eta Dustin Hoffman Louis Degas kondenatua. 1973. urtean grabatu zuten, Hondarribiko herritar askoren laguntzarekin, baita Irungo Ventas kuarteleko soldaduen parte hartzearekin ere. Hoffman Donostian izango da aurki Zinemaldiaren 60. aldia amaitzeko ekitaldian, Donostia Saria jasotzen. Aurretik beste lau Donostia sari emango dituzte aparteko glamour erakustaldi batean: Oliver Stone, John Travolta, Ewan McGregor eta Tommy Lee Jonesek jasoko dituzte.

Ez da izango, ordea, Dustin Hoffman aktorearen estreinako bisita Donostiara. Steve McQueenekin batera filmatutako Papillon-ek ekarri zuen lehen aldiz. Hondarribian eta Irunen egin zituzten filmaketaren zati batzuk, eta Donostian hartu zuen ostatu aktore estatubatuarrak (Los Angeles, 1937). Diotenez, ez zen askorik atera Maria Cristina hoteletik; 1970eko hamarkadaren hasierako giro donostiarrari aspergarria iritziko zion akaso. Aurten Maria Cristina eraberrituaren ateak bi norabideetan sarriago gurutzatuko dituelako esperantza daukate zinema zaleek.

Dustin Hoffmanek ez zuen Oscar saririk irabazi J. Schaffnerren filmean egindako lanarengatik —1988an lortu zuen Barry Levinsonen Rain Man-eko autistaren rolari esker—, baina kritikariek haren ibilbide luze eta aberatsean gehien famatzen duten interpretazioetakoa da Luis Degarena. J. Schaffnerren aginduetara jarduteko aukera ez zuen alferrik galdu Tootsie-ren protagonistak; Deabru uharte madarikatuaren epopeia ihes egiteko beharraren paradigma da, askatasun egarriarena; Dalton Trumbo macarthismoak esetsitako gidoilari madarikatuak egokitu zuen Henri Charrier Papillon-en nobela. Bestalde, J. Schaffner zen The Planet of The Apes (1968) mitikoaren egilea, baita Oscar sari andana lortutako Patton (1970) gerrako obrarena ere, eta Hoffmanek onena eman zuen Dega preso adimentsuaren azalean.

Donostiako Zinemaldiaren 60. ekitaldia bukatzeko, Hoffmanek aurtengo bosgarren Donostia saria jasotzen duen unean gogoratuko du beharbada: Hiri horretan egon zen bere ibilbideko unerik onenean, The Graduate (Mike Nichols, 1967), Midnight Cowboy (John Schlesinger, 1969), Little Big Man (Arthur Penn,1970) eta Straw Dogs (Sam Peckinpah, 1971) obra bikainen garaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.