Arturo Elosegi.

Gure basoen etorkizuna erabakitzeko garaia

2018ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Euskal Herria ia erabat soilduta zegoela, XX. mendean, foru aldundiek hazkunde azkarreko espezieak bultzatu zituzten, bereziki intsinis pinua. Garai hartarako erabaki ulergarria izan zen. Mende bat geroago, ordea, gure mendiak eta gure gizartea guztiz aldatuak ziren, baina erakundeek politika bertsuarekin jarraitzen zuten, pinuen (eta eukaliptoen) monokultiboa bultzatuz. Basoen kudeaketa egurra ekoiztera mugatu dugu lur pribatu zein herri-lurretan. Hau justifikatzeko, basogintza-eredu baten kalteak ezkutatu egin dira, onurak esajeratu, eta beste aukera batzuei begiak itxi.

Basogintza intentsiboak hainbat kalte sortzen ditu. Hazkunde azkarreko espezieak urte gutxiren buruan matarrasaz mozten dira, leku malkarretan lur-galera handia eraginez, inguruko errekak lokatzez kaltetuz, eta uholde-arriskua handituz. Espezie bakarreko baso gazteek biodibertsitatea mugatzen dute eta suteen arriskua handitu. Eta espezie hori arrotza bada, noski, biodibertsitatearen kalterako izaten da.

Onuren atalean, pinuak ematen duen dirutza aipatzen da. Inork diruaz baldin badaki, bankuek dakitelakoan nago. Behin, milatik gora hektarea pinudi zituen banku bateko arduradunari galdetu nion beren basoek zenbat diru ematen zuten. Erantzuna? Hutsaren hurrengoa. Pinua saltzen ateratakoa apenas iristen omen zen hurrengo zuhaitzaldia zaintzeko gastuak estaltzeko. Pinuak baserritar askorentzat garrantzitsuak dira noski. Baina herri-lurretan basogintza-eredu bera behar ote dugu? Basoen beste onurak ez ote dira garrantzitsuagoak? Kalitatezko ura, onddoak, aisialdiarako guneak, erosioaren kontrola, CO2-a metatzea...

Orain pinudiok gaixotasun larri bat dute. Ez da lehena eta ez da berria, baina intsinis pinuari errematea eman diezaioke. Askok beste aldera begiratu dute hamarkadetan, baten batek informazioa ezkutatu du. Kontua ez da, ordea, egungo egoeraren errudunak bilatzea. Kontua gure basoen etorkizuna erabakitzea da. Iraganak hainbat gauza irakatsi dizkigu. Bat: kontuz monokultiboekin. Espezie bakarra bultzatzea burtsan diru guztia enpresa bakar baten akzioetan jartzea bezain arriskutsua da. Bi: eremu pribatu eta publikoek politika desberdina jarraitu beharko lukete. Pribatuek epe laburreko etekina bilatzea zilegi da, baina lur publikoan beste lehentasun batzuk izan daitezke. Hiru: ez dezagun denerako formula berbera aplikatu. Hemen egurretarako basoa manten dezakegu, hor ura izan daiteke lehentasun; han, berriz, bi eremu babestu lotuko dituen korridore ekologikoa. Lau: zenbat eta epe luzeagoko espeziea aukeratu, kalteak txikiagoak eta biodibertsitate handiagoa. Bertako espezieekin bada, are hobeto. Eta bost: diru laguntzak ongi daude, baina soilik basoen funtzio ekologiko eta soziala bermatzen den heinean. Lur-jabe bakoitzak erabaki beharko du etorkizunean zer egin. Baso-politika, ordea, guztion artean erabaki behar da, guztiona den inguruneari eragingo baitio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.