Koldo Izagirre

Andragizon dohakabearen lanbidea

2021eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Hizkera megalogikoak hain berea duen marratxo apartagarria zapartaraziz, izen bakarrean baturik bosna letrako izenerdi bi: andragizon. Izate bat, ez bi. Tankera eman genezaioke akademikoaren neurona neurotikoari argudioa argitzen: kenketa edo murrizteko eragiketarena ere bai baita - ikurra, horrelakoa ez baina + ikurra behar luke erdian andragizon berbakondo horrek, zorotariko hiztegitik kendu eta konposatu eredugarrien bildumara gehitu-plusteko. Ezin du konprenitu andragizon izatea ez dela bi izateren uztarketa, baizik...

Hurbil gaitezen kafe makinara.

Ulergarria da gaitz neurotiko hori, badira urte batzuk berbazaindari guztien dietak izoztu zituztela eta plusa, gehiketa, emendatze, eguneratze bezalako ele sindikalariak egin zaizkio ahoaren jabe. Akademiko bat hitzen mende, marka da gero. Edo guztiz ulergarria, laneko gaitza butakazaintza. Dena den dela, neurona gesaldua daukanez izotzaren aurkako borrokan, ezahaldua dago andragizon kontzeptua ulertzeko.

Baina andragizon delako ote dugu kontzeptu?

Izan ote liteke izendapena kontzeptu?

Gizakiok kontzeptuka ezagutzen dugulako elkar, agian?

Kontzeptu bana ote gara?

Nola izan liteke kontzeptu, kontzeptuak sortzen dituena?

Kafe hurrupaño bat.

Zertaz ari ginen andragizon hitzaren idazkera dela eta jardun merkean barrena galdu aitzin?

Lehenik baino lehen xumezko klarantza bat. Gure jarduna ez da merkea izan. Hitzen autodeterminazio eskubideaz letratu gara. Merkearen aitzikoa garestia balitz, esan genezake hitzen autodeterminazio eskubideaz jardutea garesti ordainarazi diezaguketela, butakazaleak ez daude lo eta harreman ezin harrizkotsuak dauzkate euskararen eskualbo guztietako indar praktikoekin, harrikadaren adiera damugarrinean.

Beste hurrupaño bat.

Lehenik baino geroago, ez dagoela sakoneko zalantzarik. Are gutxiago azalekorik. Zertaz ari ginen itauntzeak ez dauka inolako ozentzunik. Arraioa, ez ginen ezertaz ari! Ez ginen ezertaz arijardin garestigarri horretan abiatu aitzin! Esaldi hauxe besterik ez geneukan: Andragizon dohakabearen lanbidea. Eta orain, hartara jarri nahi ezkero, jario batean jardun genezake gramatikalari jargoi banaz jarlekutu arte lanbedi hitzak zelako lokailua behar duen, papaver somniferum edo opio deritzan hori ala Diazepan pilulak ala deus ez ala ezer ez.

Beste hurrupaño bat.

Lanbedi erakundeko bulegoetarik batean, triste, zenbait paper eskuan. Triste eta haserre gure dohakabea. Ni ere Daniel Blake naiz pentsatzen ariko balitz bezala.

Ekarri al dituzu paper guztiak?

Ustez.

Oso ondo... oso ondo... oso ondo... Hara! Hau ez dago oso ondo.

Betaurrekoak jantzi ditu gure dohakabeak. Ken Loachen film hartako dohakabearen bikia.

Bulegariaren atzamarra papera zanpaka bizitza salatuz. Letrak alegia, bizitza hitsa osatzen duten letrak zanpaka.

Gaizki dago.

Zergatik?

— Lanbidea ipini behar zenuen, orain arte izan duzun lanbidea.

— Bizitza izan dut nik beti lanbide.

Bulegelariaren zirto umorezkoa betaurrekoak tolestatu orduko.

— Eta orain zer zaude, bizigabezian?

Ez - eta ez +, horrelaxe.

Ziurtasun Sozialera jotzeko gomendatu dio alde egin ezan hemendik zoro horrek erraiten duenaren bisaje barkaberaz.

Ona, kafe hau.

Andragizon izenak berak adierazten du gure dohakabea ez dela iritsi jauntxo edo andreder izatera. Zorrik egin ezkero, badaki ez diotela barkatuko. Eta, ez baita ergela, zorrik sortu gabe bizi izan da. Ez da bizi herritar eredugarriak bizi diren bizitzan. Bestela anderejaun ukanen luke izendapentzat. Zortzaile ez baldin bada, erran gabe dator ez dugula sortzaile: uko egiten dio ekonomiaren errota bulkatzeari. Zortu ez, sortu ez.

— Beraz, ondo ulertu baldin badizut, bizitza lanbidetzat aitortzea nahi zenuke.

— Berrogeita bost urte eman ditut bizitza kotizatzen.

Arnasa hartzeak ematen dituen lanetan izerditzen egunero andragizon dohakabea, hots, edonor litekeen hori.

— Ederki! Nola kotizatu duzu, soldatapeko gisa ala autonomo gisa?

Ziurtasun Soziala ere butakademikoen esku dago. Neurona neurotikoa gesaldua eta bihotza idorturik duten izate eskasez,izerdierdiz.

Ona da kafe hau, bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.