Demostratzeko beharrik gabe

Eskuin belaunean ebakuntza egin eta bost hilabetera, frontoietara itzuliko da gaur Iker Irribarria. «Lasai eta gustura»ari da entrenatzen. Rezustarekin, Bengoetxearen eta Imazen aurka ariko da.

Iker Irribarria gaur itzuliko da frontoietara, bost hilabetez jokatu ezinik egon eta gero. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2021eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Minik sentitzen ez duen Iker bat ikusi nahi nuke, hori baita inportanteena. Jokoari dagokionez, alai, konfiantzaz, eskua lasai askatzeko kezkarik gabe, defentsan sendo, eta, batez ere, beldurrik gabe jokatzen duen pilotari bat ikusi nahiko nuke». Eskuin belaunean egindako ebakuntzaren ostean frontoietara itzuliko den Iker Irribarriaren (Arama, Gipuzkoa, 1996) lehen helburuak dira horiek. Aspeko aurrelaria Beñat Rezustarekin batera ariko da, Oinatz Bengoetxearen eta Ander Imazen aurka, gaur gauean (21:30 ETB1), Gautegiz Arteagan (Bizkaia).

Zazpi hilabete igaro dira Aramakoa azkenekoz zuriz jantzi zenetik. Arazo fisikoengatik jokatzeari utzi behar izan zion, eta martxoan egin zioten ebakuntza Gasteizen, eskuin belauneko errotula hezurrean zuen lesioa konpontzeko. Ebakuntza arrakastatsua izan zen, eta, errehabilitazioa luzea izan bada ere, dena «ondo» joan da. Astebete atzera egin zioten azken mediku azterketa. «Medikuek esan didate dena ondo dagoela. Herenegun egin nuen azken pilota entrenamendua, eta sentsazioak onak dira. Entrenamenduetan gustura sentitzeak asko esan nahi du. Haatik, oraindik sentitzen dut lehiaketako erritmoa hartzeko zertxobait falta zaidala». Argi dauka lehen emaitzek ez dutela kezkatuko: «Lasai hartu behar dut; ezin naiz larritu hasierako joko faltarengatik. Enpresak lasai hartzeko eskatu zidan, eta hala egin dut. Jokin Etxanizek asko lagundu nau». Frontoietatik kanpo egon den hilabete hauetan, ez du pilota alde batera utzi, eta ez du «deskonektatzeko beharra» sentitu ere: «Sofan egon behar izan nuen lehen hilabetean,telebistaz partida guztiak ikusi nituen».

Bere ibilbideko bigarren lesio larria da, eskuetan ebakuntza bat ere egin ziotelako. «Ez daukate zerikusirik. Artikulazioetako lesioak konplikatuak dira, bizi guztirako lanabesa baita belauna. Eskuetako lesioarekin ezin nuen pilotan aritu, baina, bestela, ez zen larria». Buruz buruko txapelketatik kanpo zela egin behar izan zioten ebakuntza, eta uste du bestelako erabakiengatik baino «zailagoa» dela lesio batengatik ezin jokatuta egotea: «Gogorra da, baina, binakakotik kanpo geratu arren, entrenatzen eta jokatzen jarraitzen duzu. Lesio batekin, egoera oso bestelakoa da; geldi zaude».

Eibarko Astelena pilotalekuan 2015ean debuta egin zuenetik, maila nagusiko hiru txapel jantzi ditu: buruz buruko bi eta binakako bat, eta inoiz banakakoa irabazi duen pilotari gazteena da: 19 zituen. Azken txapela 2019an lortutako buruz burukoa izan zen. Alta, azken urteak ez dira errazak izan, emaitzei eta bestelako erabakiei dagokionez, bederen. Hiru aldiz txapeldun izan eta gero, zerbait demostratzeko beharra sentitzen al du Iker Irribarriak?: «Zeozer demostratu dut, ezta? Lortutako hiru txapelak ahaztu egiten zaizkigu askotan. Hilabete honetan dexente akordatu naiz horiekin. Nahiko nuke berriz ere maila horretan aritzea, baina ez dut uste demostratzea soilik txapel bat janztea denik».

Defentsa hobetu beharra

Bi urte baino ez baitira igaro azken txapela irabazi zuenetik. «Mundu guztiak 2016ko txapela dauka buruan, baina nik balio handiagoa ematen diot bigarrenari. Koxka bat behera egin, eta eskuetako arazoekin gaizki ibili ostean berriz ere txapela lortu nuen. Ematen du denbora asko pasatu dela, baina... Ez dut uste posible denik urtero pilotari berberak irabaztea». Orduko maila berreskuratu asmoz, uste du defentsa hobetzea gakoa izango dela: «Hori da gehien kostatzen zaidana, zabaleko pilotak bildu eta horiekin min egitea. Hori da hobetu behar dudan ahulezia nagusia». Arlo psikologikoan egiten ari den lana ere «garrantzitsua»da: «Emaitzetan bakarrik arreta jarrita gehiago sufritzen da. Orain bizi izan dudan bezalako egoera gogor batek asko irakasten dizu».

Udako torneoak amaitutakoan, lau eta erdikoa izango da lehen txapelketa nagusia: «Jokatu eta maila onean aritzea nahi nuke. Eskuak eta belauna nola dauden ikusi beharko dugu, entrenatzetik jokatzera jauzi bat dagoelako». Gaur emango du lehen pausua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.