Albistea entzun

Beherapenak izan dira Ferrarin

Ustez Ferrarik zuen autorik onena 1 Formulako denboraldi honetan. Baina estrategian ez dira fin ibili, ezta gidaritzan ere. Bederatzi proba falta direla, Verstappenek (Red Bull) eskura du titulua.
Ferrariko mekanikariak Leclercen autoan lanean, Hungariako Sari Nagusiko geldialdietako batean.
Ferrariko mekanikariak Leclercen autoan lanean, Hungariako Sari Nagusiko geldialdietako batean. ATTILA KISBENEDEK / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Laurentzi Garmendia -

2022ko abuztuak 4

Ezin da esan 1 Formula kirol orekatua denik. Garaileak ia beti berberak dira, eta atzean dabiltzanak ere bai. Udako etena ere ez dator denboraldi erdian, hura aise gainditu ondoren baizik. 22 lasterketatik hamahiru igaro dira; bederatzi falta dira, hortaz. Orekarik ere ez dago egindako lanaren eta ordainaren artean. Galde diezaiotela bestela Ferrariri. Hark aspaldiko autorik onena egin ondoren, inoizko abantailarik handiena pilatu du txapelketako liderrak, Max Verstappenek (Red Bull). Lehen hiruzpalau lasterketak ikusi eta gero, zaila zen egungo panorama irudikatzea. Baina egoera honetara eraman duten gakoak nahiko agerikoak dira.

MERCEDES
Iazko kolpetik altxatu ezinda

Gogorra izan zen Lewis Hamiltonek eta Mercedesek iaz titulua galtzeko modua. Kolpe horrek denbora luzez utzi zituen jota. Autoarekin beste inork jorratu ez zuen bidea zabaldu zuten, baina erabaki hori Abu Dhabiko lasterketa baino askoz lehenago hartua zuten. Hortik aurrera, eragin psikologikoa eta animikoa sartu ziren jokoan. Bi horiek ez dira lanerako aproposak, eta arautegi tekniko berriak ezkutuan zekarren efektu aerodinamiko bat behar bezala landu gabe iritsi ziren denboraldi hasierara. Autoak zoruari kolpeka ematen ditu zuzengune luzeak, eta ibilgailuari eta gidariari berari kalteak eragin.

Lobby moduko bat sortu zuten, talde batzuk jasaten ari diren arazo hori osasun arazotzat jo eta FIAk neurriak har zitzan. Arazo hori saihesteko, Mercedesek lurretik urrundu behar du autoa. Baina horrek eragin negatiboa du bihurguneko abiaduran, adibidez. Haien helburua zen FIAk arazoa denena zela onartu eta guztiei altuera minimo bat ezartzea. Baina Red Bullek ez zuen arazo hori, eta aurre egin zion mugimendu horri, noski.

Pixkanaka, Mercedes akatsak zuzentzen ari da, eta Hungarian ikusitakoa Belgikatik aurrera ikus daitekeenaren aurrekaritzat hartu behar da. Hori bai: txapelketa ez dute eskura. Eragin ere ez dute eragingo, ezusterik ezean oso baitago erabakita garailea.

RED BULL
Nagusi, talde gisa

Hondarekin, 2021eko gidarien titulua irabazi zuten. Baina haien motorra, eta batez ere haien dirua, galdu zuten. Beraz, ez zen erraza aurtengo urtea Verstappen eta konpainiarentzat. Japoniarrek ia musu truk eman zizkieten motorraren eskubideak, baina haren garapena eta mantenua beren poltsikotik ordaindu behar dute. Motorrak eta haien garapena izoztua badaude ere, beti dute arau bat hori saihesteko.

Hasiera zaila izan zuten: lehen lasterketan, bi autoek erretiratu egin behar izan zuten, eta gerora ere arazoren bat izan dute. Baina hor amaitu dira taldearen ahuleziak. Verstappenek ondoan behar zuen taldekidea du: Sergio Perez. Mexikarra taldekide leiala da, azkarra gidatzen eta buruz. Gorabehera batzuk izan arren, ondo ari da betetzen bere lana. Bost puntura du soilik Charles Leclerc (Ferrari) txapelketan. Verstappen, berriz, eroso ari da. Espero ez zuen iraulia izan du denboraldiak. Lasterketa zailenak ere bereganatu ditu. Bi lasterketatan aritu da eskas: Saudi Arabian eta Kanadan. Horietan gogotik egin behar izan zuen lan garaipena lortzeko. Bi lasterketa horietan Ferrariko gidariekin lehiatu zen buruz buru; gainerakoetan, ongi aritu da.

Baina batez ere taldea aritu da maisuki. Estrategian beti asmatu dutela esan daiteke, eta, horrekin batera, beldurra eragin dute aurkarien artean. Lasterketan egiten duten edozein mugimenduk dardarka jartzen ditu kontrarioak.

FERRARI
Auto azkarrena, gidaritza eskasa

Ferrariren gurutze bidea ezin zaio egotzi zorte txarrari. Haien patua haiek eragin dute. Aurreko urteetan izandako sailkapen txarrak autoa garatzeko aukera gehiago eman zien aurten, eta hori ondo profitatu zutela aitortu beharra dago. Auto bat besteekiko oso nagusi denean, ia edozein estrategiarekin irabaz dezake. Hala gertatu zen Austrian, adibidez. Pistan hiru aldiz aurreratu zuen Leclercek Verstappen. Sainzek, ordea, ez zuen lasterketa amaitu. Sei erretiratze izan ditu taldeak aurten: gidarietako bakoitzak hiru. Sainzek galtzen dituen puntuak Leclercen aurkariek harrapatuko dituzte, eta alderantziz. Gidarien txapelketarako, bi gidarien puntuak behar dira. Taldearen kirol zuzendaritzak ez du esperotako emaitzarik eman. Italian hilabeteak dira Matia Binottoren dimisioa eskatzen ari direla. Taldeko buruak dio, ordea, aldaketak bere eskumena direla, eta ez duela horretarako asmorik: «Ez dago aldatu beharrik, gehitu beharra baizik; ezer egitekotan, hazi egin behar dugu». Ferrarin hazten ari dena, ordea, ezinegona da. Baliteke horrek albisteren bat ekartzea abuztuko eten honetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MARIA MENTXAKA / GERNIKA KEBS

«Erronka handia da Mario Lopez ordezkatzea»

Pettan Uralde

Egoera «aproposenean» ez izan arren, «ilusioz» hartu du kargua Montañanak. Beti izan du buruan gauza handiak egitea, baina nahiago du egunez egun joan.
San Pedroko <em>Libia</em> trainerua ziaboga ematen KAE 1 ligako bigarren estropadan, Zumaian. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Ondo bukatzea geratzen zaie

Aitor Manterola Garate

KAE 1 ligan, San Pedrok du gertuen lehiaketa irabaztea, eta ETE ligan, Hibaikak bideratua du liga nagusira igotzea, bigarren bada ere. Launa estropada falta zaizkie.
Carlota Ziganda golflaria Sitgesko torneoan, jokaldi bati begira. ©ANDREU DALMAU / EFE

Sufrituta, gozatzea lortu du

Ainara Arratibel Gascon

Azken hilabeteetan onenen pare ari da jokatzen torneoetan Carlota Ziganda golflaria. Haren ustez, 'caddie' aldaketa eta lortu duen heldutasuna funtsezkoak izan dira hobekuntza hori lortzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...