Arrauna

Pluralean bada, kasualitaterik ez

Tolosaldeak bigarren urtez segidan irabazi du ETE liga. Malen Oiartzabal arraunlariaren esanetan, sasoi honetan «hazi» egin da taldea. Orain, Euskotren ligara igotzeko kanporaketak dituzte xede.

Tolosaldeko arraunlariak, igandean Bilbon lortutako bandera jasotzen. Hamagarren garaipena zuten. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Lehen garaipena zena garaipenak dira orain. Hizki bat gehitzea nahikoa da Tolosaldearen proiektuak duen sendotasuna azaltzeko. Patxi Francesek prestatzen duen taldearen bozkarioa ez da behinolako kasualitatearen fruitua. Bigarren urtez segidan lortu du ETE liga irabaztea, orain lau urte abiatutako oinarriarekin. Joan zen urtean nagusi izan ziren gipuzkoarrak, eta aurten ere bai.

Bigarren mailako liga amaitzeko estropada bat falta da —larunbatean jokatuko dute, Erandion (Bizkaia)—, baina tolosarrek bandera soilik izango dute jokoan, jada txapeldunak direlako. Bigarren garaikurra eskuratzea ez da kasualitatea izan, Malen Oiartzabal arraunlariak (Tolosa, Gipuzkoa, 1999) azaldu duenez, eta gaineratu du iaz txapeldun izateak «presio puntu bat» gehitu diola aurtengo jardunari.

Hala mintzatu da bigarren aldiz gailendu izanaz: «Lana ondo egin izanaren seinale da. Harrobiko arraunlariek osatutako trainerua da, eta erakusten du [Gipuzkoako] barnealdeko arraunean ere lan asko egiten dela. Oso pozik gaude».

Ez da gutxiagorako. Tolosarrak ETE ligan jokatu dituzten hamalau estropadetatik hamarretan nagusitu dira —bat ez zen puntuagarria—, eta beste bat lortzeko aukera dute oraindik. Deustuk eta Hibaikak banatu dituzte gainontzeko lau banderak, bina eskuratu baitituzte: «Uda gogorra izan da. Iaz baino maila handiagoa egon da ligan, eta estropadak ere exijenteagoak izan dira. Bagenekien huts txikiena eginda gainean genituela beste guztiak».

Hargatik, Oiartzabalek dio palakadaz palakada osatu dutela liga, jardunaldi bakoitzari erreparatuz. Lehen postuan geratu eta igoerako kanporaketa jokatzea ei zuten helburu, eta lortu dute. Irailaren 18an eta 19an jokatuko dituzte, Bermeon eta Portugaleten (Bizkaia).

Igoerako fasean kontrario indartsuak espero ditu Tolosaldeko estropalariak, izan ETE ligakoak, izan Galiziako ligakoak. Hala eta guztiz ere, Euskotren ligako Hondarribiak du hezurrik gogorrena izatearen traza, goiko mailan lehiatu baitira uda osoan: «Aurrerako urratsa egin dute».

Oiartzabalek argi dio, ordea: «Gure helburua datorren urtean goian egotea da, eta horretarako borrokatuko gara». Joan zen urtean ere kanporaketak jokatu zituzten, baina ez zuten gorengo kategoriara igotzerik lortu. «Kolpea izan zen», aitortu du Oiartzabalek, baina, aldi berean, beste urtebetez ETE ligan aritzeak multzoa «indartzea eta haztea» ahalbidetu diela azpimarratu du.

Orain, urtebete gehiagoko esperientzia baliatu nahi dute Euskotren ligara heltzeko: «Iaztik hona aurrerapausoa eman dugu, batez ere eszenan jartzeko momentu horretan, lasaiago eta kontzentratuago aritzeko bide horretan, eta uste dut Tolosaldea alde horretatik hobeto dagoela aurten».

Entrenatzailearen eskua

Hobetzera egiteko bidean esperientzia handiko teknikari bat izan da Tolosaldearen gidari: Patxi Frances. Besteak beste, traineruan hasi berriak ziren arraunlari gazteak zailtzen lan egindakoa da Orion eta Getarian, eta molde bereko makina bat estropalari prestatu ditu Zumaian eta Zierbenan ere.

Teknikari donostiarraren lana goretsi du Oiartzabalek: «Maila handiko arraunlaria izan da, eta pila bat daki. Talde asko hartu ditu gaztetasunetik, eta bide hori egin diete. Akaso, gurean izan du aldaketarik handiena, mutilen taldeetatik neskenetara igaro zelako, eta horretara ere ohitu egin behar da. Hori horrela da».

Asmatu du Francesek, eta Oiartzabalek dio taldea «heldutasunera» eraman duela. Ez alferrik, bi urtez segidan txapeldun izan baitira tolosarrak.

Orain maila bat gorago igotzea dute jomugan, baina aurrez distira handiko lehia daukate: Kontxako Bandera. Gaur zortzi jokatuko dute sailkatze estropada, eta iraileko lehendabiziko bi igandeetan Donostiako badian aritu nahi du talde urdinak: «Iaz maila ona eman genuen: ohorezko txandan sartzea izugarrizko bultzada izan zen guretzat. Aurten ere horrela gozatu nahi dugu». Horretarako gaia badutela ondo agerian utzi dute azken hiru hilabeteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.