Lotsa zelaitik kanpo uzten du

Osasunaren denboraldi hasierako ezusteko onenetako bat da Aimar Oroz. Titular izan da lehen bi partida ofizialetan, eta gol bat sartu du. Gorritxoak Betisen zelaian ariko dira gaur (22:00).

Aimar Oroz, baloia bere egin nahian, herenegun, Taxoaren egindako entrenamenduan. MIKEL SAIZ / OSASUNA.
Iñaki Berastegi.
2022ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Isila eta lotsatia da Aimar Oroz (Aratzuri, Oltza, Nafarroa, 2001). Hori agerian geratu zen Ligako lehen jardunaldian, Sevillari irabazi eta gero, Sadarreko prentsa aretoko mikrofono eta kazetarien aurrean jarri zenean. Oso bestelako izaera du, ordea, joko zelaian. Ia hasiberria bada ere, Osasunarekin Lehen Mailan ehunka partida jokatutakoa dirudi. Baieztapen horrekin bat egiten du Julen Foncillasek (Iruñea, 1994), Donibane Kirol Elkarteko gazte mailako taldearen entrenatzaileak. «Jokatzen duenean ez da lotsatia. Baloia etengabe eskatzen du, lasai dagoela nabari zaio, eta futbolarekin disfrutatu egiten du. Ez dio axola zein mailatan edo zein talderekin ari den. Beste edonor urduri legoke egoera horietan, baina Aimar ez. Beti egin izan duena egin du bi neurketa hauetan. Alde horretatik, ez nau harritu».

Aratzurikoa Sanduzelai ikastetxean hasi zen futbolean, eta bertatik Donibane Kirol Elkartera joan zen, Osasunara ailegatu aurretik. Donibanen, 8 urte zituela, Foncillasen aginduetara jokatu zuen. «Lasaia eta umila zen. Egun ere halakoa da. Entzuteko eta ikasteko prest zegoen, eta hori ez da hain ohikoa gaztetxoetan. Esaten genizkion gauzak ulertzen zituela nabaritzen genuen, eta, haren aitak aitortu zidanez, jasotzen zituen aholkuetako asko apuntatu egiten zituen. Berezia zen».

Taxoareko harribitxiak lehen taldearekin debuta 2019an egin arren, orain lortu du segida izatea. Jagoba Arrasateren aginduetara minutu bakan batzuetan jokatu zuen Lehen eta Bigarren Mailan, sasoi hasiera honetan benetako aukera iritsi eta aprobetxatu duen arte. Horretarako, denboraldi aparta jokatu behar izan zuen Osasuna B-rekin aurreko sasoian. «Teknikoki beti nabarmendu da, baina fisikoki pauso bat ematea falta zitzaion. Hori dela eta, pentsatzen genuen gehiago kostatuko zitzaiola Osasunan tokia egitea. Errazagoa izan daiteke Jon Moncayola bezalako jokalari indartsu batentzat. Garai txarretan ere ametsari eutsi egin dio, eta dena eman du Osasunan segitzeko».

Bazirudien Pablo Ibañezek jokatuko zuela hasieratik ligako estreinakoan, Sevillaren aurkako neurketan, baina, ezustean, Aimar Oroz aritu zen Chimy Avilaren alboan. Barrutik eta aurreko postuetan jokatzen duen jokalaria izan da betidanik. «Bi euskarriren aurretik eta aurrelariaren atzetik jokatzea da berarentzat aproposena. Bi neurketa hauetan askatasun handia eman diote. Baloia oinetan duenean, nabarmendu egiten da, baina sasoiz eta defentsako lanean ere oso ondo ikusi dut». Nolanahi ere, nabarmendu dadin, testuinguruak «egokia» izan behar du. «Cadizen aurka Osasunak denbora askoan izan zuen baloia. Alta, Osasunak baloirik ez duenean eta bere atezainarengandik gertuago jokatu behar duenerako, agian ez da jokalari aproposena izango».

Sadarren estreinakoz titular izatearekin aski ez, eta Osasunari garaipena eman zion penaltia jaurtitzea eskatu zion Orozek Chimy Avilari. Esan eta egin. Osasuna B-rekin egin bezala, erdi-erditik jaurti, eta sarera bidali zuen. «Horrek bai, horrek harritu ninduen. Dena den, egia da, partida osteko elkarrizketan esan zuela lasai zegoela; sinisten diot».

Estilo aldaketa

Jokatzeko moduari dagokionez, oso bestelako Osasuna ikusi ahal izan da lehendabiziko bi partidetan. Baloia gehiago eta hobeto mugitzen ahalegintzen den taldea, nagusiki. Trantsizio hori egin nahi zuen Arrasatek denboraldi berriari begira, eta pieza egokiak aurkitu ditu: Moi Gomez, Lucas Torro, Moncayola, eta nola ez, Aimar Oroz. «Futbola ikusteko duen erraztasuna du bertute nagusia. Azken pasea eman ahal izateko non kokatu behar duen jakiteko gaitasuna handia du. Finean, futbola ikusi eta ulertzen du. Betidanik izan duen zerbait da. Jokalari berezia da». Hori horrela, lehen taldean tokia egin dezakeela uste du Foncillasek. «Pauso garrantzitsua eman du, eman dioten aukera aprobetxatu baitu. Jokatu dituen bi partidekin zaila izango da Aimar hamaikakotik ateratzea. Gainera, badakit gogor lanean eta futbolarekin disfrutatzen jarraituko duela».

Hain justu, oso litekeena da Aimar Oroz hasieratik aritzea gaur Betisen aurka, Benito Villamarinen (22:00, Movistar La Liga). Arrasatek prest ditu jokalari guztiak, eta ez da espero Cadizen aurkako hamaikakoarekin alderatuta, aldaketa asko egitea. Bi taldeek aurreneko bi partidak irabazi dituzte. Osasunak ez ditu inoiz ligako aurreneko hiru partidak irabazi Lehen Mailan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.