Qatarko Munduko Kopa

Harrapakari harrapaezinak

Gaur, Marokok lehen aldiz jokatuko du Munduko Kopako finalerdi bat. Frantziaren kontra izango da (20:00). Bounou, Hakimi, Amrabat eta Ziyechek osatzen dute Atlaseko lehoien bizkarrezurra.

Marokoko selekzioko futbolariak, finalerdietarako sailkatu ostean. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2022ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Aurrelariek partidak irabazten dituzte; defentsek, txapelketak». Askotan erabili izan da esaldi hori futbolaren historian, eta Walid Regraguik zuzendutako Marokoko selekzioa zintzo betetzen ari da Sir Alex Fergusonek esandako hori. Lau gol sartu dituzte Munduko Kopako finalerdietara iristeko, beste hiru selekzioek baino gutxiago. Baina gol bakar bat sartu diete txapelketa osoan. Aski ezaguna da lehoiak harrapakari bikainak direla, baina Atlaseko lehoi direlakoak harrapatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Lerro bakoitzean dute funtsezko jokalari bat.

YASSINEBOUNOU
Atea giltzarrapoz itxi du

Behin bakarrik lortu dute Yassine Bounou gainditzea txapelketa honetan. Gainera, haren taldekide Aguerdek egin zuen, gola bere atean sartuta, Kanadaren aurkako lehian. Hala, historia egin du Bounouk: hiru norgehiagokatan atea hutsean uzten duen lehen atezain afrikarra da —Kroazia 0-0; Espainia 0-0; Portugal 1-0—. Bederatzi alditan baino ez diote jaurti baloia hiru zutoinen artera Marokori Munduko Kopa honetan, eta Bounouk bost geldiketa bakarrik egin behar izan ditu. Hori bai, meritu handikoak izan dira asko. Azken bi neurketetan, jokalaririk onenaren saria jaso du Sevillako atezainak. Portugalen aurka ez ezik, Espainiaren kontrako final-zortzirenetan ere erabakigarria izan zen. Jaurti zizkioten hiru penaltietatik batek ere ez zuen sarean amaitu: bi gelditu zituen, eta bestea zutoinera bidali zuen jaurtitzaileak. 11 metroko lehia horretan artista da. Atezainak ez dio beldurrik Frantziari: «Edozeini irabazteko gai gara, aurkaria munduko onena bada ere».

ACHRAF HAKIMI
Hegan egiten duen hegala

Real Madrileko harrobian hezia da, Marokoko atzeko lerroko izarra, eta munduko talderik boteretsuenean ari da orain: PSGn. Gaur Kilian Mbapperekin neurtuko ditu indarrak. Taldekideak ez ezik, lagunak ere badira. Ez du lantegi erraza izango Madrilen jaiotako hegalekoak, baina aurrelari frantziar distiratsuak ere ez.

Gaur-gaurkoz, Marokoko lau atzelari titularren artetik jokatzeko moduan dagoen bakarra da Hakimi; ikusteko dago baten bat osatzen den gaurko partidarako. Lau horietatik, baina, PSGko jokalaria da garrantzitsuena. Munduko Kopan sarrera gehien egin duen jokalaria da: hamazazpi. Baina horietatik 11 ondo egindakoak izan dira. Oldarkorra da defentsa lanetan. Hakimi arnasa luzeko jokalaria da, eta horrek modua ematen dio aurkarien zelaia behin baino gehiagotan zapaltzeko. Defentsan ez ezik, erasoan ere pieza garrantzitsua da. Bizia da, eta, Marokok kontraerasoa jotzen duenean, birritan pentsatu gabe egiten du aurrera. Gainera, eskuin oin paregabea du. Horri esker, jaurtiketa indartsuak egiten ditu, baita erdiraketa zehatzak ere.

SOFYAN AMRABAT
Marokoko gladiatorea

Dominik Livakovic atezain kroaziarraren baimenarekin, Sofyan Amrabat da Munduko Kopa honetako izarra. Fiorentinako jokalariak aho zabalik utzi ditu denak egiten ari den txapelketarekin. Euskarri bakar gisa jokatzen du, baina nolako ahal fisikoa duen ikusita, bi lagunen lana egiteko gai da. Nekaezina da. Hark egin ditu kilometro gehien selekzioan: 48. Ia 10 kilometro korritu ditu norgehiagoka bakoitzeko. Amrabat oldarkorra da zelai erdian; adorerik ez zaio falta; primeran moldatzen da defentsa lanetan. Txapelketa honetan, jokalari trebeak izan ditu aurrean: hala nola Luka Modric, Kevin de Bruyne, Pedri, Gavi, Bruno Fernandes eta Bernardo Silva. Baina Marokoko gladiatorea denei nagusitu zaie. Gaur beste izar bat izango du aurrean: Antoine Griezmann.

Baloiarekin ere ez da makala. Biriketan duen motor handi horri esker, baloia gidatuz jokalariak atzean uzteko abilezia du, eta kontraerasoak hasten ere badaki. Regragui hautatzailearentzat ezinbesteko jokalaria da, eta, haren ustez, Fiorentina ez den beste talde batean ikusiko dugu laster: «Amrabat maila goreneko jokalaria da. Munduko talderik onenetako batean amaituko du, ziur. Niri gustatzen zaidan jokoa egiteko berebiziko garrantzia duen jokalari bat da».

HAKIM ZIYECH
Magoa itzuli egin da


Urte hasieran, ezezkoa eman zion Marokoko selekzioari birritan, baina Vahid Haliholzic kargutik kendu, eta Regraguik aginte makila hartu zuenean, itzultzea erabaki zuen. Teknikari berriarentzat, «munduko ezker oinik onenetakoa» du Hakim Ziyechek, eta, zalantza izpirik gabe, selekzioan teknikoki kalitate handiena duen jokalaria da. Chelseako aurrelariak argitasuna ematen dio selekzioari zelaiko azken metroetan. Atlaseko lehoiak taktikoki oso prestatuta daude, eta hark baloiarekin duen abileziak are arriskutsuagoak bilakatzen ditu. Eskuin hegalean jokatzen du, Achraf Hakimiren aurretik. Erasoan, taldeko izarra da, baina defentsako lanetan ere buru eta bihotz aritzen da, konprometituta dagoen seinale. Marokok Ziyechik onena beharko du gaur Frantziari irabazi eta historia egiten jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.