Esfortzuarekin konprometituta

Olatz Arregi piraguistak zilarrezko domina irabazi berri du Munduko Txapelketan. Hurrengo erronka Parisko Olinpiar Jokoetan egoteko sailkapen probetan jarri du. Lekua lortzea du helburu.

Olatz Arregi, Atletico San Sebastian klubaren instalazioetan. GORKA RUBIO / FOKU.
pettan uralde
Donostia
2023ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Parisen dago Olatz Arregi piraguista (Donostia, 1999), 2024ko Olinpiar Jokoen atarian jokatuko den proban parte hartzeko. Donostiarrak zilarrezko domina lortu zuen joan den astean, Lee Valleyn (Erresuma Batua), Munduko Txapelketako K1eko taldekakoan. Jokoek liluratzen dute, eta datozen erronkek haietarako lekua lortzen lagunduko diote.

Atletico San Sebastianen egin zituen lehen urratsak, beste hainbat kirolekin batera, baina, batez ere, piraguismoak erakarri zuen, eta betirako kateatu zen harekin. «12 urterekin hasten zara, ondoren lehiatzeari ekiten diozu, eta pixkanaka-pixkanaka, gora egiten joaten zara. Gazte mailan selekzioarekin aritzen nintzen, baina ez nuen benetan erabakirik hartu 2018ra arte. Nagusien mailan benetako aurrerapausoa eman behar nuela pentsatu nuen, eta profesional ibilbideari ekin nion».

Ez zitzaion erraza egin saltoa egitea; entrenamenduak ikasketekin uztartu behar izan zituen. Alde batetik bestera aritzen zen korrika. Baina argi zuen hori zela bidea, eta esaera zaharrak dioen bezala, gustuko tokian, ez dago aldaparik. «Klubean hasi nintzen; gero, Espainiako selekzioan, Euskadi mailako gune batean; eta, gero, jauzia egin nuen Aritz Fernandez entrenatzailearekin. Prozesu gogorra izan zen, baina beti daude klubeko entrenatzaileak, federazioa, eta gure kasuan, Basque Team. Gure proiektuan sinesten dute, eta beti daude laguntzeko prest».

Azkenaldian, goi mailako txapelketetan dago murgilduta, hara eta ona; kanpoan etxean baino denbora gehiago pasatzen du. Egindakoa behar bezain ondo barneratu gabe, zurrunbilo barru horretatik horrela bizitzen ditu bere arrakastak. «Zirkulu batean sartzen zoaz pixkanaka, eta ikusten duzu, azkenean, beti dagoela beste pauso bat aurrera emateko. Baina ez zara jakitun zer den hori. Pixkanaka zoaz aurrera, eta, gero, konturatzen zara egin duzunaz. Adibidez, lehengo urtean bi domina irabazi nituen, eta oso ondo dago, baina garrantzia geroago eman diot. Momentuan, ez naiz gai kontziente izateko».

Baina lan gogor horrek fruituak eman ditu, eta orain arteko emaitzarik onena lortu berri du: zilarrezko domina irabazi du Munduko Txapelketan, K1eko taldekakoan; zeinekin, eta Maialen Chourrautekin eta Laia Sorribesekin. «Oso berezia izan zen. Hirurok oso gustura ari ginen, eta bagenekien gauzak ondo eginez gero, aukerak izango genituela zerbait lortzeko. Behera iritsi ginenean, eta denbora ikusi genuenean, bagenekien oso ondo egin genuela. Azkenean, zilarra eraman genuen etxera».

Chourraut ondoan izatea beti da berezia Arregirentzat, baina irailaren 19an egindakoak oraindik ere balio handiagoa izan zuen. «Maialen beti hor dago, besteak laguntzeko prest, eta oso pozgarria da berarekin garaipenak lortzea. Gainera, Londreskoa haren lehenbiziko domina izan zen taldekakoetan. Oso berezia izan zen guretzat hura pozik ikustea».

Munduko Txapelketako lehen eguna izanagatik ere, Australia eta Erresuma Batua bezalako selekzio indartsuen tartean sartzeak balio handia eman dio Arregik eta Chourrautek egindakoari. Donostiarrak ez zuen benetan dominarik espero, baina bazekien borrokan egongo zirela. «Londresko kanala oso berezia da. Taldeka argi genuen bakoitzak berea egin behar zuela, eta gustura aritu behar ginela. Baina oso zaila zegoen, eta, beste taldeen izenak ikusita, sekulako maila zegoen. Ez ginen goian egoteko hautagaiak, baina nabigazio bikaina egin genuen, eta merezitako saria jaso».

Gainera, Europako Txapelketako arantza atera zuten Chourrautek eta Arregik: hirugarren izan ziren proba berean, baina Frantziako selekzioak jarritako helegite baten ondorioz, brontzezko dominarik gabe geratu ziren. Arregik azpimarratu duenez, zilarra lortuta, «alde batera» utzi dute trantze hura.

Olinpiar Jokoetarako lekua

300 egun geratzen dira oraindik, baina kirolari gehienek jomugan dituzte jada 2024ko Olinpiar Jokoak. Arregi, gaztea izanik, ez da inoiz Jokoetan aritu, baina berarentzat ere helburu argia dira. Munduko Txapelketan Espainiako selekzioak leku guztiak lortu ditu, eta leku horiek hurrengo urtean jokatuko diren sailkapen probatan banatuko dira. Zaila dirudi, baina Arregik oraindik ez daki zer gertatuko den. «Oraintxe bertan, emakumezkoetan, bi piraguista daude koska bat gorago: Sorribes eta Chourraut. Baina Londrestik bueltan hausnarketa bat egin dut: selekzioko probak iritsi arte ahal dudan gehien entrenatuko naiz. Ez dakit zer gertatuko den, baina pozik geratu nahiko nuke egindako lanarekin. Egin dezakedan guztia egingo dut lekua lortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.