Euskal Herriko Itzulia

Aitzindari eta bide urratzaile

Dina Bilbao ondarroarra Orbea emakumezkoen taldearen sorreran aritu zen, duela 36 urte. Abenturazalea, bidaiaria eta beste hainbat gauza ere izan zen, 1997an itsasoak irentsi zuen arte.

Orbea taldearen aurkezpena, Euskadiko Sei Orduetan. Dina Bilbao ezkerretik bigarrena da. BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
2021eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Esako urtegian, baltsa batean, sei lagun: hiru emakumezko eta hiru gizonezko. 1980ko uda. Astebete igaro zuten han, esperimentu bat egiteko asmoz, elkarbizitzaz. Emakumezkoetako bat Dina Bilbao zen (1960, Ondarroa, Bizkaia-1997, Karibe itsasoa). Ideiaren sortzailea, berriz, Josu Iztueta, gerora Bilbaoren bikotekidea izan zena.

Bost urte geroago. Lazkao eta Tolosa batzen dituen errepidean, emakumezko bat bizikletan, kaiola batean txori bat duela. Arantxa Orbegozo zen (Tolosa, Gipuzkoa, 1962). Lazkaon euskara ikasten pasatzen zuen astea, eta joan-etorria bizikletan egiten zuen. Zortzi hilabetez horrela. Ikusi zuen, halako batean, Patxi Alkortak, txirrindularitzan zebilenak Danenan eta Orbean, eta ez zitzaion ahaztuko garai hartan hain ohikoa ez zen irudi hura. Handik gutxira, deia Alkortak Orbegozori, emakumezkoen taldea atera behar zuela Orbeak, eta joateko.

Esakoaren eta Tolosa-Lazkao errepide arteko bi irudien tartean, elkar ezagutu zuten Bilbaok eta Orbegozok: «Bikote ziren ordurako Josu [Iztueta] eta Dina [Bilbao], eta Tolosara bizitzera etorriak zeuden. Josu atletismotik ezagutzen nuen». Gosea eta jateko gogoa elkartu ziren: Orbegozo eta Bilbao. «Piraguismoko ikastaro batean ezagutu genuen elkar, Donostian». Biak izan geldirik ez egotekoak, eta biak izan, batez ere, bizitzeko filosofia honen jarraitzaileak: «Gure denboraren jabe geuk izan nahi genuen. Ez genuen beste inorentzat lanik egin nahi, eta, horrela, piraguismoko taldea sortu, eta herriz herri ibili ginen urte batzuetan, dirua egiten, bizi ahal izateko».

Alkortak Orbegozo xaxatu zuenean Orbean hasteko, horrek Bilbaoren berri eman zion. Proposamena egin, eta ondarroarrak onartu. Orbea abian zen, errepidean, beste hiru kiderekin bat: Amaia Elosegi, Josune Gorostidi eta Carolina Sagarmendi. Aitzindariak izan ziren. Tolosaldeko emakumezkoen kirol mugimenduan zenbiltzanetatik abiatuta sortu zen. Orbegozok kontatu du zer eman zien bizikletak: «Pentsatuko ez genuen lekuetara eraman gaitu bizikletak, oso urrutira. Denoi asko markatu gintuen». Beste lema ere ondo txertatuta zeukaten: «Gizonezkoek egiten bazuten, guk zergatik ez? Ez ginen gutxiago sentitzen».

Ibilian-ibilian, eta haiek asko uste ez zutela, erreferente ari ziren bilakatzen. Ez dauka ahazteko Orbegozok zer esan zion behin Leire Olaberria txirrindulari ohiak: «Zuengatik hasi nintzen ni bizikleta munduan». Ez omen ziren jabetzen erreferente zirenik: «Gure oinarria ez zen hori. Gustatu egiten zitzaigun, eta gai ikusten ginen egiteko. Ba, aurrera!».

Orbeako talde haren hirugarren urtean, triatloi taldea ere sortu zen. Bilbao harrapatu zuen: «Konturatu zen ona zela. Igerian ondo egiten zuen, kostaldeko herri batekoa izanda, eta bizikletakoa, badakigu. Korrika ez zen hain abila, baina asko hobetu zuen». Beste honetaz ere jabetu zen: «Bizimodua aurrera ateratzeko aukera eman ziezaiokeela ikusi zuen, pixka bat gehiago entrenatuz gero, eta hala egin zuen. Ez bazen ere oso lehiakorra, profesional egin zen». Aitzindari berriz ere ondarroarra.

Ordurako, bizitzeko zeukan eta zeukaten filosofiari segika, kuadrilla horrek [horrela deitzen die Orbegozok] bidaia batzuk eginda zeuzkan. Beste izen bat azaltzen da Bilbaoren biografian: Nairobitarra egitasmoa. Bidaiak edonora, bizikletan, autobusean. Abentura. Horrela eta hortik kanpo ere, makina bat leku ezagutu zituen, hainbat espediziotan: Nilo ibaia piraguan jaitsi zuen, Andaman irletan arraunean egin zuen, Groenlandia eskiekin zeharkatu zuen, izozteko zorian egon zen Kanadako Yukonen, Cabo Nortera joan zen bizikletan, Artikotik Tropikora espedizioan parte hartu zuen, eta abar.

«Inspirazio bat izango zen»

Bidaia horietako batean jan zuen itsasoak. 1997an izan zen, Granada eta Antigua uharteen artean, Karibe itsasoan: «Hara joana zen bizitzera, Iñigo Ross bikotea hangoa zuelako». Biak hil ziren urte horretako ekainaren 24an, bien katamarana irauli zienean denboraleak. «Nire bizitzako kolperik handiena izan da. Pentsa zenbat bidaia eta abentura, eta Dinarena izan zen istripu bakarra», dio Orbegozok.

Lagun handi bat galdu zuen: «Eskuzabala zen, oso alaia, euskaltzalea, sortzailea, oso pentsaera irekikoa. Inspirazio bat izango zen bizirik balego, gauza handiak egingo zituen». Hil zen, ordea, eta, heriotza hizpide, bizitza aipatu du. «Ondo bizita joan zen, denbora izan zuen gauza asko egiteko». Eta haren esan bat ekarri du gogora, estutasunen batean esana: «Heriotzak hemen harrapatzen banau, lasai. Nahi dudalako nago hemen, ez diot inori ezer zor, eta pozik joango naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.