Etxean arrakasta izan nahi du

Ander Ugarte pibotea Bidasoa taldera itzuli da, hamabi urtez Asobal ligako beste talde batzuetan jokatzen aritu eta gero. Irungo taldeak partida du gaur Sinfinen kontra, Artalekun (20:15).

Ander Ugarte Bidasoa taldeko jokalaria, atzo, Artalekun. ANDONI CANELLADA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Kirolari askori gertatu ohi zaie: etxean arrakasta izateko, aurretik kanpora joan behar dute. Bertan zaildu, eskarmentua hartu, eta beren betiko taldera itzultzen dira. Hala gertatu zaio Ander Ugarte Bidasoa taldeko jokalariari (Irun, Gipuzkoa, 1990).Udan berriro bueltatu da Irunera. Hirugarren aroa izango du bertan, Ademarren, Antequeran,Huescan, Anaitasunan eta Valladoliden aritu ostean. 31 urterekin, txikia zenetik Artalekura joaten zen mutil hura etxera itzuli da. «Aspalditik nuen buruan aukera hori, eta uste dut garai aproposean iritsi dela. Oso gustura nago. Gauza batzuk ez dira aldatu joan nintzenetik: hirian dagoen eskubaloi giroa, adibidez. Horrek asko pozten nau, baita ere taldea eta proiektua bera hain sendo ikusteak».

Buruan izan arren, ez zekien itzultzeko abagune hori iritsiko zitzaionik. «Taldearen maila asko hazi da azken urteetan, eta ez da erraza bertan jokatzea. Baina urte hauetan eskarmentua pilatu dut, eta aurreko sasoian maila oso onean aritu nintzela uste dut. Deia jaso nuenean ez nuen bitan pentsatu».

Ugartek pibotean jokatzen du, eta Iker Serrano Benidormera joan eta gero ireki zitzaion itzultzeko atea. «Ardura handia da, Iker kapitaina zelako, eta funtsezko jokalaria». Nabarmendu du berak «beste gauza batzuk» eman diezazkiokeela taldeari: «Uste dut gehiago nabarmentzen naizela erasoan». Bederatzi gol daramatza orain arte jokatutako lau partidetan.

Bidasoa taldeko ikurretako batekin partekatzen ari da postua: Julen Aginagalderekin. «Nire erreferentea izan da beti. Asko ikasten ari naiz harekin jokatzen eta entrenatzen. Uste dut minutuak banatuko ditugula, hori baita Jacoboren [Cuetara] joera».

Pixkanaka egokitzen ari da taldera. «Hemen baloi gurutzatu askorekin jokatzen da; gehiago lantzen dira jokaldiak. Valladoliden, berriz, jokoa zuzenagoa zen.Dena den, gero eta erosoago eta gusturago sentitzen naiz. Bai taldekideak, baita Jacobo ere asko ari zaizkit laguntzen». Cuetararen lana azpimarratu du: «Ademarrera joan nintzenean, bigarren entrenatzaile zegoen, eta ondo ezagutzen nau. Konfiantza handia ematen dit. Izugarria da partida bakoitza prestatzeko eta aztertzeko duen gaitasuna. Horri esker lortu du taldeak duen jokatzeko era izatea».

Denboraldi hasiera honetan «ondo» ikusten dute beren burua. Lau partidetatik bi irabazi dituzte, eta bana berdindu eta galdu. «Oro har, ondo ari gara. Taldearen oinarria defentsa da, eta hor oso sendo gaude. Gol gutxien jaso dugun taldea gara. Erasoan, agian, zertxobait gehiago kostatzen ari zaigu».

Galdu zuten partida Bartzelonaren aurka izan zen. Cangasen aurka berdintzea, berriz, «ezustekotzat» hartu zuen jendeak: «Baina, partida nola joan zen ikusita, uste dut berdinketa ona izan zela. Batetik, Bidasoa taldearentzat madarikatua izan delako beti Cangasen pabiloia; eta, bestetik, gerora ikusi delako Cangas oso maila onean ari dela. Besteak beste, Granollersi eta Huescari irabazi die». Gainera, beste ohar bat ere egin du: «Uste dut orain arte jokatu dugun partida osoena Bartzelonaren aurkakoa izan dela. Galdu egin genuen arren, minutu askotan oso ondo egin genituen gauzak».

Bi partida aste honetan

Gaur Sinfin hartuko dute Artalekun, eta larunbatean aurkari zuzen baten pabiloian jokatuko dute: Ademarrenean. Gaurko partidaz ondorengo azterketa egin du: «Sailkapenaren zuloan egon arren, talde ona da Sinfin, orekatua. Gainera, atean oso atezain onak ditu. Ez da erraza izango irabaztea. Gure helburua igandean Antequeraren aurka bezala indartsu ateratzea izango da, eta ondoren abantaila ondo kudeatzea». Ez du ukatu erronka bigarren postu hori lortzea dela: «Ona da taldeak helburu hori izatea, eta zaleek ere hori eskatzea: anbizioa dugula esan nahi du, etaazken urteetan lan ona egin dela. Guk dena emango dugu».

Urriaren 19an ekingo diote Europari: «Lehentasuna liga da, baina gogotsu gaude. Multzo gogorra egokitu zaigu: Fuchse, Wisla, Presov... Ia guztiek guk baino aurrekontu handiagoak dituzte. Baina multzoko sei taldeetatik lau sailkatzen dira, eta uste dut aukerak ditugula aurrera egiteko. Europan jokatzeak taldeari lehiatzeko erritmoa ematen dio».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.