Konfiantza, antidotorik onena

Julen Martijak «deseroso» ekin zion binakakoari, eta hori emaitzetan islatu zen. Aitortu duenez, Jokin Altunarekin jokatzeak «presioa» eragin zion. Halere, azken hiru lehiak irabazita, behetik gora doaz.

Julen Martija, pilota jotzear, atzean Jose Javier Zabaleta dela, Tolosako Beotibarren jokatutako partidan. GORKA RUBIO / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2022ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Galtzea ez da inorentzat gustagarria izaten. Ezta Julen Martijarentzat ere (Etxeberri, Nafarroa, 1997). Jokin Altunarekin batera lehen bost partidetatik hirutan galdu ondoren, azken hiruak irabazi dituzte. «Badago aldea», atera zaio barrutik Aspeko pilotariari. «Binakakoaren aurretik jokatutako partidetan gustura aritu nintzen arren, txapelketako hasierako lehietan ez nintzen eroso sentitzen». Zer dela eta? Honela arrazoitu du Etxeberrikoak: «Altunarekin jokatzeak presioa eragiten dizu; guztiok baitakigu zer-nolako aurrelari puska den». Martija soilik ez da gozakaitz aritu; Amezketakoari ere kosta egin zaio lau eta erditik binakakorako aldaketa egitea. Bat dator haren bikotekidea: «Diziplina aldatzen denean, zaila izaten da hasieran neurria hartzea».

Altuna eta Martijarentzat, binakakoaren hastapenak gehiago izan du gazitik gozotik baino. Urrutikoetxea-Arangurenen aurkako partida, esaterako, amesgaiztoa izan zen; Baikoko bikoteak laugarren tantoan utzi baitzituen Aspekoak. Pilotazale askok begiak bi aldiz igurtzi behar izan zituzten emaitza hura barneratzeko. Martija aho bizarrik gabe mintzatu da: «Partida hura oso zaila eta gogorra izan zen guretzat. Jokin eskuetatik oso justu ibili zen; ni, berriz, garai horretan azterketetan nenbilen [Ingeniaritza Mekanikoko Gradua egiten ari da], eta burua erabat nahasita nuen». Ez du ezkutatu hurrengo egunak ez zirela samurrak izan. «Buruari bueltak ematen aritu nintzen, zergatia aurkitu nahian».

Zulo beltz horretatik ateratzeko, Martijak argi zuen burua altxatzeko antidotorik onena zein zen: «Konfiantza berreskuratzea». Nola? «Gustura entrenatuta, biok geure lanean zentratuta eta hedabideak albo batera utzita». Hain zuzen, neurketa hura «erabat ahaztuta» zeukatela, burua hurrengo norgehiagokan jarri zuten. Aspeko bikoteak 22-19 irabazi zien Peña II.a-Albisuri. «Garaipen horrek konfiantza handia eman zigun, eta hurrengo astea lasaiago eraman genuen». Zalantzarik gabe, lorpen hura «mugarritzat» hartu du.

Zehazki, azken bi jardunaldietan Laso-Imazi eta Irribarria-Rezustari irabazita, Altunak eta Martijak erakutsi dute behetik gorako bidea hartu dutela. Beste behin ere konfiantza hitza ekarri du hizpidera atzelariak: «Pilotari bat konfiantzarekin badago, ia dena ateratzen zaio, eta bai Altuna, bai ni egoera horretan gaudela uste dut». Baita «sasoikoago» ere. «Pilota hasieran baino hobeto ateratzen zait eskuetatik, eta hori azken partidetan islatzen ari da; hori da bidea». Dena den, Martijarik «onena» oraindik ikusteke dago kantxan. «Tentsioa, presioa eta urduritasuna hobeto kudeatu behar ditut».

Sei jardunaldi geratzen dira lehen ligaxka amaitzeko. Sailkapenari begi kolpe batekin so eginda, dema «estua» dagoela nabarmendu du Etxeberrikoak. «Ez dago erlaxatzeko astirik. Lehen bi postuetan geratzen ahaleginduko gara. Halere, oso zaila izango da; bikote asko gaude puntu gutxitan. Beraz, hurrengo partidak oso garrantzitsuak izango dira». Hasteko, larunbatean, Ezkurdia-Tolosaren aurka jokatuko dute Labriten. Lehen itzulian, Altuna III.a-Martijak 22-17 irabazi zieten. Zuhurtziaz mintzatu da: «Emaitza hura ezin dugu erreferentziatzat hartu. Partida zaila izango dugu».

Hirugarren saialdian ote?

Martijak eta Altuna III.ak bikain ezagutzen dute elkar. «Harreman oso ona daukagu». Bikoteak zer bertute duen galdetuta, honako erantzuna bota du: «Partida ez dugu inoiz galdutzat ematen. Atzetik joan arren, borrokalariak gara». Etxeberrikoa hirugarrenez ari da Amezketakoarekin, eta azken bietan finalerdietarako ligaxkara sailkatu dira: 2018 eta 2019an. Bidea gehiago luzatzea falta izan zaie, ordea; finalaren atarian geratu baitira. «Bi urte horietan esperientzia txikiagoa nuen, eta finalerdietara sartu ginen arren, nekatuta iristen nintzen». Hirugarrena, balekoa? «Aurten, behetik gora noa. Ea partidak jokatu ahala geroz eta hobeto sentitzen naizen. Finalerdietarako sailkatzen bagara, espero dut ondo jokatuko dugula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.