Qatarko Munduko Kopa

Malabarismo geopolitikoak

Washingtonekin aliantza bat izateak Qatarri ez dio eragotzi haren etsai historikoekin ere harremanak izatea. Qatarrek bere ahalmen ekonomiko handian oinarritzen du eragin geopolitikoa.

Tarmim Bin Hamad al-Thani Qatarko emirrak eta Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak urrian egindako bilera. EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2022ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Geopolitikan txikia izateak hori dauka. Handiago baten babesean ibili behar duzu beti, bizirik iraungo baduzu. Qatarrek estrategia horri eutsi dio sorreratik. Herrialdeak berez 1971n eskuratu zuen independentzia, baina lehenagotik ere autonomia zabal batez agintzen zuten al-thanitarrek. Lasai bizi ziren Erresuma Batuaren babesean. 1868an sinatutako akordioari esker, segurtasuna lortu zuten. Londresek, trukean, abantailak lortu zituen merkataritza alorrean.

Golkoko petromonarkia txiki horrek ziurgabetasunez bizi izan zuen independentziaren iragarpena. Burujabetza ez zuten eskuratu kolonialismoaren kontrako aldarrikapenengatik: potentzia handi baten protekturatua izateak nazioartean babestua sentitzea zekarren gerrak eta inbasioak etengabeak ziren garaietan. Ordurako, baina, martxan zen B plana. Khalifa ibn Hamad al-Thani Washingtonekin hizketan ari zen 1969az geroztik. Erasorik gertatuz gero segurtasuna bermatzearen truke, baimena eman zion Richard Nixoni kokagune estrategiko batean base militarrak ezartzeko.

Erresuma Batuaren lekukoa hartu zuten AEBek: aurrerantzean, indar hegemoniko babeslea izango ziren. Al-Udeideko base militarra da horren erakusgarri. Dohatik 35 kilometrora dagoen aire base horretan 11.000 militar daude. Washingtonek Afganistanen, Iraken eta Sirian erasoaldiak egiteko baliatu izan du basea, eta Ekialde Hurbilean duten handiena da.

Tratua, baina, ez da baldintzarik gabekoa. Dohak oso argi ezarri ditu marra gorriak. Iraken inbasioaren kontra agertu zen bezala, ez du babesten auzi nuklearraren harira zigorrak ezartzea eskualdean duen aliatu gertukoenari. Qatarrek Iranen alde egin izan du, eta malabarismo geopolitikoa egiten dabil Washingtonen eta Teheranen arteko areriotasun historiko horren erdian.

Tamim bin Hamad al-Thanik pragmatismoz jokatzen du nazioarteko agendan leku bat izateko, eta aitak irekitako bidea urratzen ari da. Hamad bin Khalifa al-Thanik Txinarekin eta SESBekin akordio diplomatikoak egin zituen, eta semeak ekonomiaren bidez egiten du diplomazia. Qatar Energyk 27 urterako akordio bat egin du aste honetan bertan Txinako Sinopecekin. Urtean lau milioi tona gas natural likidotuz hornituko du Txina. Errusian, Rosneft petrolio enpresaren akzioen %18 erosi zituen iaz. Vladimir Putinen hitzetan, «urteko transakziorik handiena» izan zen munduko merkatu energetikoan.

Al-Thanirentzat, petrolioa eta gasa truke txanponak dira, eta geopolitika egiteko erabiltzen ditu erruz dituen bi baliabide horiek. Indar ekonomikoari etekin politikoa ateratzen ahalegindu da, eta harreman sendoak ezarri ditu munduko ekonomia garrantzitsuenekin. Gas likidotuaren ekoizpenaren %80 Asiara bideratzen du. Txina, India, Japonia, Hego Korea eta Pakistan Qatarren mende daude energetikoki.

Diplomazia ekonomikoa

Europan ere antzeko estrategia darabil. Gasa saltzen die Erresuma Batuari, Italiari eta Espainiari. Petrodolarrekin multinazionalak eta komunikabideak erostea da diplomazia egiteko beste bide bat. Qatar Investment Autthrithyk Europako ekonomiaren puntako sektoreetan inbertitzen du, hala nola bankuetan, elektrizitate enpresetan, aireportuetan, luxuzko marketan, saltoki handietan eta komunikabideetan. Politika egiteko beste modu bat da. Interes sare trinko baten parte da Qatar.

Eta ez da ahaztu behar munduko seigarren arma eroslea dela: AEBei, Frantziari, Alemaniari eta Italiari erosten dizkie armak, eta horrek alde biko akordioak sortzen ditu.

Turkia ere adiskide leiala da Qatarrentzat. Dohak eta Ankarak harremanak sendotu dituzte azken urteotan: merkataritza akordio itzelak egin izan dituzte, eta maila politikoan eta militarrean bide berean ari dira. Gauza askok elkartzen ditu. Ikuspegi geopolitikotik, Abdel Fattah al-Sissi jeneralak Egipton boterea hartzearen aurka agertu ziren 2014an, Anaia Musulmanak babestearekin batera. Libian, NATOren esku hartzea babestu eta talde politiko berberak sostengatzen dituzte: Tripoliko gobernua. Eta Sirian, Baxar al-Assaden erregimenaren aurka borrokatzen diren matxinoak. Turkiak ere base militarrak ditu Qatarren.

Dohak bitartekari lanak egin ditu trabatuta dauden hainbat gatazkatan, eta pixkanaka nazioartean duen tokia handitzen ari da. Golkoko inguruko estatuetatik bereiztea izan da geopolitikan duen eraginaren gakoa. Halako herrialde txiki eta gazte batek inoiz ez zuen hainbesteko garrantzirik lortu munduan. Nazioarteko potentziekin aliantzak osatuz erregimenak seguru ikusten du bere burua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.