Baten poza, bestearen kezka

Binakako Txapelketako lehen fasea bukatu berri da, eta bi enpresek balantze ezberdina egin dute: Aspen ia dena da zoriona; Baikon, berriz, gertatutakoaren «azterketa sakona» egin behar dute.

Ander Imaz Baiko Pilotako atzelaria, burumakur, Binakako Txapelketako partida batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Asperen eta Baikoren bulegoetan aldarte oso ezberdina dago. Binakako Txapelketako ligaxka urteko azterketarik luzeena da bi enpresentzat, eta pilotari gehien aztertzen duena. Hura bukatu berritan, emaitza oso ezberdina lortu dute. Baikok bikote bakarra sartu du finalerdietan, Victor-Albisu, eta Unai Iglesias kudeatzailea ez dago gustura emaitzarekin. «Ez ditugu bete aurreikuspenak. Pilotari batzuek ez dute beren jokoa egin, eta lesio ugari izan ditugu. Guk hamalau aldaketa egin ditugu; Aspek, aldiz, bat ere ez. Dena den, ez da aitzakia, txapelketa bukatzean azterketa sakona egin behar dugu zer gertatu den ikusteko».

Aspek, berriz, hiru bikote ditu finalerdietan —Elezkano-Albisu, Irribarria-Zabaleta eta Altuna III.a-Martija—, eta, ondorioz, ziurtatua du finalean bat sartuko duela. Iñaxio Errandonea enpresako zuzendari komertziala «pozik» dago. «Emaitzak onak izan dira. Irribarria-Zabaletak eta Elezkano-Rezustak oso irudi sendoa eman dute. Kanpoan gelditu den bikotea ere ondo aritu da. Ladis Galarzarekin zalantza genuen, eta txapelketa honek konfiantza hartzeko balio beharko lioke, irudi ona eman du. Baina, tira, hau bolada kontua da».

Boladak aipatu ditu Errandoneak, eta arrazoi du. Azken bi urteetan Aspek finalerdietan hiru bikote sartu baditu ere, hamalau jardunaldiko ligaxka izan zuten aurreko txapelketa guztiak errepasatuz gero, Baiko-Asegarcek bikote gehiago sartu izan ditu finalerdietan. 2017an bina sartu zituzten; 2016an, Aspek bat eta Asegarcek hiru; 2015ean, bat eta bi eta misto bat; 2014an, bina; 2013an, bat eta hiru, eta 2012an, bina. «Zuhurtziaz hartu behar dira gauzak; honek buelta eman dezake. Baina seinale ona da, pilotari gazte asko ditugulako», zehaztu du Errandoneak.

Iglesiasek ere interpretazio positiboa egin nahi du: «Guk albiste oso on bat izan dugu Jon Mariezkurrenarekin. Atzelari handia izango den pilotari baten aurrean gaude. Ezusteko gozoena izan da. Finalerdietan sartzea beren esku izan dute, eta azken bi partidak galdu egin dituzte. Hor, agian, Artola ibili da baxuago». Beste bikoteei buruz mintzatzean, kudeatzaileak ezin du ahaztu Olaizola II.aren lesioa, «albisterik txarrena», baina uste du Victor ondo moldatuko dela ligaxkan. «Ez dira faboritoak, baina horrek agian lagundu diezaieke». Bengoetxea-Imazi buruz, uste du «beren txapelketa» egin dutela. Bengoetxea ondo ikusi du, eta Imaz, agian, iaz baino baxuago. Atsekaberik handiena, dena den, Urruti-Aretxabaletarekin hartu du. «Uste genuen gure bikoterik indartsuenetan bigarrena zela, baina ez dute zorterik izan. Lehen jardunaldian, irabazia zuten partida galdu zuten, eta gero iritsi zen Aretxabaletaren eskuko zauria. Urruti ere ez da onenean iritsi txapelketara. Ez genuen aurreikusi».

Aspen dena bestelakoa da. Elezkano-Rezusta eta Irribarria-Zabaleta espero bezala aritu dira; Altuna-Martijaren bidea, aldiz, gorabeheratsuagoa izan da, baina finalerdietan dira. Bigarren itzuliko zazpi partidetatik sei irabazi behar izan dituzte sailkatzeko. Errandoneak onartu du «harritu» egin duela esprint horrek. «Altunak lau eta erdiko txapelketa oso gogorra izan zuen. Lesio batetik irten berri zen, kontu handiz jokatu zuen... Bi txapelketak bata bestearen atzetik izan dira, eta psikologikoki nekatuta hasi zen, saturatuta. Horrek kalte egin zion. Martijak, berriz, Altunaren laguntza behar du; 21 urte ditu, baina, Altunak gora egin duenean, Martijaren erregulartasuna, haren bertuterik handiena, agerian gelditu da».

Enpresetako bi ordezkariak gustura daude ibili den jende kopuruarekin. Duela lau hilabete, azken jardunaldietan jokoan ezer ez egotearen arriskua zegoen, baina azkenean oreka mantendu da, eta zaleak erantzun du. Errandoneak, oro har,ez du kexarik. «Jende asko ibili da. Astelenako lehen jaialdietakoa izugarria izan zen, Labrit plaza segurua da, Beotibarren ere sarrera oso onak, herrietako jaiak... Jaialdi txarren bat edo beste egon da, Bilbon eta... Beti daude, baina, oro har, oso pozik gaude pilozalearen erantzunarekin». Finalerdiak bi aste barru hasiko dira, eta Iruñeko jaialdirako ia dena salduta dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.