Ahaztu egin zaio irabazten

Athletic bere historiako emaitza bolada txarrenen artean bigarrenean dago. Hamar partida daramatza hiru puntuak batu gabe. Egoera iraultzeko, batasuna eskatu dute jokalari ohiek.

Iñaki Williams, damu, gol aukera bat galdu ostean. Kamuts dabil Athletic erasoan. MIGUEL TOÑA / EFE.
haritz gallastegi
2020ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Athletici gertutik erreparatzen dionak badaki taldea egiten ari den jokoa eta emaitzak ez datozela bat. Zuri-gorriek azken hiru hilabeteetan erein duten guztia aintzat hartuta, txikia izan da eskuratu duten uzta. Kontua da zelaian egindako lana ez dela emaitzetan islatu, eta apurka-apurka argirik ikusten ez den zulo beltzean sartu dela. Egoera kezkagarria da. Athleticek denbora asko darama garaipenik eskuratu barik. Baina, era berean, ez da iparra galtzea komeni. Jokalariek lanean jarraitu behar dute, hurrengo asteetan asko baitago jokoan. Ligan, denboraldi amaiera lasaia izateko behar dituzte puntuak batu behar dituzte. Eta, aldi berean, hor dago Espainiako Kopako ametsa. Ostegunean beste final baterako sailkatzeko lehiatuko dira Granadan. Talde zuri-gorriko hiru jokalari ohik egoera nola irauli aztertu dute.

JUANJO VALENCIA Athleticeko jokalari ohia

«Gaizka Garitanolan ona egiten ari da»

Zazpi urtez zaindu zuen Athleticen atea Juanjo Valenciak. Ondo daki nola pentsatzen duten Athleticeko jokalariek. Uste du ez dela federik galdu behar. «Emaitza bolada txarra da, baina ez dut uste taldea txarto dagoenik. Eskuratu dituen puntuak baino gehiago irabazteko maila erakutsi du. Dinamika aldatzeko lan egin behar da, baina taldeak aurrera egingo du». Begi bistakoa da Athletic eta bere ingurua lasai ez daudela. «Emaitzak txarrak direnean, ordea, ez da urduri jartzea komeni. Futbola joko bat da. Batzuetan, asko eginda sari txikia lortzen da, eta, beste batzuetan, gutxi eginda emaitza bikaina da. Athletic irabazteko nahikoa egiten ari da. Beraz, taldea babestea ezinbestekoa da».

Taldearen ibilbidea oso kritikatu ari da izaten: hiru erdiko atzelariko jokamoldeak eraginkor izateari utzi diola, jokalariak nekatuta daudela, ate aurrean gabezia handiak dituen taldea dela... Aurrera egiteko ingurukoen bultzada ezinbestekoa dela uste du, haatik, Valenciak. «Jokalariari eragin egiten dio. Sentitu egiten du. Egindako lana emaitzetan islatzen ez denean, min egiten du. Horrelako egoeretan ezin da etsi». Baina jokalarien aldean, presio handia entrenatzaileak du. Bada, Valenciak ez du uste Gaizka Garitanoren lana ezbaian jarri behar denik. «Entrenatzaileak emaitzen mende daude. Baina Gaizkak sinesgarritasun handia duela iritzi diot. Lan ona egiten ari da. Ezin dugu konfiantza galdu».

ISMAEL URZAIZ Athleticeko jokalari ohia

«Taldeak erasoko jokoa hobetu behar du»

Athleticek azken hamarkadetan izan duen golegile onenetakoa da Ismael Urzaiz. Taldeari irabazten lagundu zioten makina bat gol sartu zuen. Hain zuen ere, hori da egungo Athleticek duen gaitz nagusietako bat: gol sena duen futbolari bat falta zaio. Gainera, hurrengo urteetan taldeak gabezia horrekin bizi beharko duela dio. «Azken sasoietan Adurizek izan du golak sartzeko ardura. Arlo horretan berari esker eutsi dio taldeak. Gisa horretako jokalariei esker, oso ondo ez jokatuta ere, irabazi egiten da. Orain, ondo jokatu behar da. Jakina zen Adurizen ostean lehortea egongo zela».

Sormen arazoak ikusten dizkio taldeari. «Ondo jokatzen duen taldeak irabazi egiten du. Athletic oso gol gutxi jasotzen duen taldea da. Hori oinarri oso ona da. Lan hori abiapuntu hartuta, aukerak sortzea izan behar da helburua. Eta hori ondo jokatuta lortzen da. Athleticek hobeto joka dezake».

Garitano ez du «kolokan» ikusten, baina ligan lasai aritzeko, eta, batez ere, Kopako itzulikoari indartsu aurre egiteko, etzi Vila-Real mendean hartzea ezinbestekoa dela azpimarratu du. «Irabazi ezean konfiantza gutxiagorekin egingo dio aurre Kopari. Egoera horretan Granadak gol bat sartzeak min handia egin diezaioke taldeari». Urzaizek uste du Kopari arreta handia jartzeak ekarri duela ligako bolada txarra.

KOIKILI LERTXUNDI Athleticeko jokalari ohia

«Ligan lauko defentsara itzuliko nintzateke»

Zuri-gorrien partida guztiak ikusten ditu Koikili Lertxundik. Haren ustez, Athleticek joko ausartagoaren eta erasokorragoaren alde egin izanak kalte egin dio. «Arduratzeko egoera da. Baina taldearen ibilbidea aztertzeko orduan, emaitzez gain, beste hainbat gauza hartu behar dira kontuan. Athleticek irabazten zuenean, jokoa kritikatzen zuten. Orain, aldiz, erasoan aukera gehiago sortzen ditu, baina emaitzak txarragoak dira. Horrelakoa da futbola», esan du, «Zaleak eskatzen zuenari eman dio erantzuna Garitanok. Ezin zaio taldearen bolada txarraren ardura guztia aurpegiratu», gaineratu du.

Koikili lauko defentsara itzuliko litzateke ligan. Muniain sormen lanetan jarri, eta Williams hegalean aritu denetan izan da eraginkor Athletic. «Iñakiri asko kostatzen zaio golak sartzea, eta hori garesti ordaintzen du taldeak». Halaber, Valenciak eskatu gisara, Koikilik ere taldearekin bat egiteko eskatu die jarraitzaileei. «Athleticek garaipena behar du bolada txarra amaitu, eta autoestimua berreskuratzeko. Alde horretatik, zaleek bultza egiteko ordua da. Taldeak haien babesa behar du. Sasoiko une erabakigarria da. Aurrera egin ezean, egoera nahasteko arriskua dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.