Pozari lan ona gehitu nahi diote

Buruz buruko txapeldun izandakoak dira Iker Irribarria eta Erik Jaka. Iaz ez zuten parte hartu, min hartuta baitzeuden. Astelehenean elkarren aurka jokatuko dute Eibarren, final-zortzirenetan.

Iker Irribarria eta Erik Jaka, atzo, Astelena frontoian egindako pilota aukeraketan. RAUL BOGAJO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Buruz burukoak dituzte oroitzapenik ederrenak Iker Irribarriak (Arama, Gipuzkoa, 1996) eta Erik Jakak (Lizartza, Gipuzkoa, 1994). Ez da harritzekoa. Txapela irabazi dute biek: Irribarriak, bitan, 2016an eta 2019an; eta Jakak, behin, 2020an. Ez batak, ez besteak ezin du saihestu zerbait berezia sentitzea txapelketa nagusia iristen denean.

Are gehiago aurten. Ez batak ez besteak ez zuen jokatu iaz. Min hartuta zeuden biak: Aspekoak lesio larria izan zuen eskuineko belaunean; Baikokoak, berriz, perikarditisa izan zuen buruz burukoa aurkeztu baino bi egun eskas lehenago, eta ezin izan zuen txapela defendatu.

Aurten, ordea, jokatzeko prest daude biak, eta zozketak parez pare jarri ditu final-zortzirenetan: astelehenean ariko dira elkarren aurka, Eibarren (Gipuzkoa), Astelenan. Inoiz ez dute elkarren aurka jokatu banaka, ez buruz buru, ezta lau eta erdian ere. Deigarria da, biek urte dezente baitaramatzate profesionaletan: Jakak, ia bederatzi, eta Irribarriak, zazpi pasatxo.

«Pozik» daude biak: «Aurkezpenean egote hutsak ilusio handia egin zidan. Txapelketarik handiena da buruz burukoa, ospe handiena duena, eta oso polita da bertan aritzea, are gehiago iaz pasatu zena pasatu eta gero: txapelduna izanda, ezin izan nuen txapela defendatu», aitortu du Jakak. Antzeko sentipena du Irribarriak: «Ia bi urte dira ez dudala buruz burukoa jokatu: duela bi urte, lehen partidan galdu nuen Darioren aurka, eta, iaz, ezin izan nuen jokatu, belauneko lesio larria zela eta. Pozgarria da berriro txapelketa hau jokatzea».

Binakakoa jokatu berri dute, eta aldea egon da baten eta bestearen jardunaren artean: Irribarria bikain aritu da Beñat Rezustarekin, eta finala jokatzear egon dira; Jaka, ordea, nahi baino apalago aritu da Jon Mariezkurrenarekin; ez ziren sailkatu kanporaketarako. «Berriz pilotari sentitu nahi nuen, eta lortu dut. Baina ez hori bakarrik: pilotari lehiakorra sentitu naiz berriro. Sentsazio ederra da ikustea lehengora itzuli naizela», azaldu du aurrelari aramarrak. «Momentuko berotasunean badirudi txapelketa txarra egin dudala, baina, hotzean pentsatuta, izan ditut une onak ere, gustura aritu naizenak. Emaitza aldetik ez da ona izan, baina dena ez da txarra izan. Gustura aritu naiz lanean, eta hori da bidea. Boladak egon ohi dira. Ea bolada on bat harrapatzen dudan», esan du aurrelari lizartzarrak.

Lehen partidaren nerbioak

Binakakoan egindako lanak eta bideak zerikusia izan dute buruz burukoa prestatzeko garaian. Jakak ia bi hilabete izan ditu; Irribarriak, berriz, hilabete eskas. Sentipenak ere ezberdinak izan dira: «Oso gustura aritu naiz. Ez dut inolako arazorik izan, eta asko eskertzen da hori. Ez dut aitzakiarik», dio Jakak. Aitzakiarik ez du jarri Irribarriak, baina, zehaztu duenez, ez du nahi bezainbeste prestatu buruz burukoa: «Oso txapelketa gogorra izan da binakakoa, eta eskuekin larri bukatu dut. Buruz burukoa prestatzeko denbora izanagatik ere, ezin izan dut nahi bezala aprobetxatu; azkeneko astea besterik ez. Eskuak ez ditut nahiko nukeen moduan. Faena bat da. Txarrenean, indarberritu egin naiz, eta gogo handiz nago».

Biek adi-adi ikusi zuten final-zortzirenen zozketa. Jakak ez zuen lehentasunik: «Izugarri ondo jokatzen dute guztiek. Baina jokatzeko irrika eta gogoa handitu zitzaizkidan Ikerren aurka ariko nintzela jakitean». Irribarriak, berriz, Dario saihestu nahi zuen: «Hiru partida jokatu ditu jada, eta hirurak irabazi ditu. Beste guztiok ez dugu oraindik jokatu. Ez dakigu nola gauden».

Ez batak eta ez besteak ez du susmatzen zer gertatuko den partidan. «Gogorra eta zaila, hori ziur. Baina hortik aurrera, auskalo. Buruz burukoa oso diziplina berezia da. Ezinezkoa da jakitea nolako partida izango den», azaldu du Jakak. «Une batez kontzentrazioa galdu, eta konturatu orduko aurkariak dozena bat tanto egin diezazkizuke», azpimarratu du Irribarriak. Biek goretsi dute bestearen maila: «Oso arriskutsua da Erik. Ikaragarri jokatzen du airez, eta sekulako erraztasuna du tantoa bukatzeko. Frontisetik urrun eduki beharko dut». Kontrakoan saiatuko da Jaka: «Espezialista onenetakoa da Iker. Sekulako kolpea du. Ezin diot hanka geldian pilota jotzen utzi. Saiatu behar dut jokoa aurrean izan dadin».

Sakearen garrantzia nabarmendu dute biek, baita lehen partidak eragin ohi duen tentsioari eustearena ere. Are gehiago aurten, handia baita saria: final-laurdenetako ligaxkan aritzea, eta gutxienez beste hiru partida jokatzea. Bat datoz: ligaxka egoteak «gogortu» egingo du txapelketa. Baina, gaur-gaurkoz, ez diote horri erreparatzen: «Lehen partida besterik ez dut buruan», esan du Irribarriak. Pentsamendu bera du Jakak: «Denbora galtzea da. Hanka erdi ere ez dut ligaxkan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.