Lau hamarkada profetaren zain

Badira 43 urte Belgikako ziklista batek ez duela itzuli handi bat irabazi. Hutsune izugarria, hain tradizio handiko herrialde horrentzat. Giro honetan esperantza handia zuten Remco Evenepoelekin.

Remco Evenepoel Giroko 11. etapan, Montalcinoko helmugan. LUCA ZENNARO / EFE.
mikel rodriguez
2021eko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Ia urtero, Italiako Giroa hasteko eguna hurbildu ahala, Belgikako hedabideetan ohikoa izaten da Johan De Muynck elkarrizketatzea. Flandriarrak 1978an irabazi zuen lasterketa hori, eta, ordutik, belgikar bakar batek ere ez du halakorik lortu. «Sinestezina», adierazi zion aurtengo edizioa hasi baino bi aste lehenago Gazet Van Antwerpen egunkariari. Baina hori baino handiagoa da De Muyncken garaipenaren mugarria, Italiako Giroa ez irabazteaz gainera, belgikarrek ez baitute bertze bi itzuli handietako bakar bat ere irabazi. 43 urte luze. Aurtengo Giroa ilusio bereziarekin hartua zuten, Remco Evenepoel (Deceuninck Quick Step) irabazteko faboritoen artean zegoelako. Herenegungo etaparen ondoren, ordea, maglia arrosa lortzeko aukera galdu du. Belgikako zaleek pazientzia beharko dute ikusteko ea 21 urteko flandriar gaztea den lau hamarkadatan espero izan duten profeta.

Ez da edonolako datua Belgikak 43 urte igaro izatea itzuli handirik irabazi gabe. Gizonezkoen txirrindularitzaren palmaresa eta tradizioa kontuan hartuta, lau superpotentzia historikoetako bat da, hiru itzuli handiak antolatzen dituzten herrialdeekin batera. Italiak 85 irabazi ditu, Frantziak 50 (horietako hamasei bretainiarrek, eta datu ofizialetan 51, euskal ziklistena gehituta), Belgikak 32 eta Espainiak 27 (datu ofizialetan 48 ditu, Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Galiziako txirrindularienak gehituta). Zerrendako bortzgarrena Euskal Herria da, baina jauzi handia dago, hamalau itzuli irabazi baitituzte euskal ziklistek.

Belgikarrek luzaroan ez irabazteaz gain, gutxitan izan diragarailearengandik hurbil, De Muynckek Giroa irabazi zuenetik zazpi bider baino ez baitute zanpatu itzuli handi bateko podiumeko maila bat, eta, gehienetan, flandriarraren garaikideek lortu zuten: Michel Pollentier hirugarren izan zen 1979ko Espainiako Vueltan eta bigarren 1982koan, Claude Criquielion hirugarren 1980ko Vueltan, eta Lucien Van Impe bigarren 1981eko Frantziako Tourrean; hortik aitzinera, Johan Bruyneel hirugarren izan zen 1995eko Vueltan, eta, azkena, Thomas De Gendt, hirugarren 2012ko Giroan. Tartean, Jurgen Van den Broecki 2010eko Tourreko hirugarren postua eman zioten, sailkapeneko bortzgarren postutik igota, Parisen podiumean izan ziren Alberto Contador garaileari eta Denis Mentxov hirugarrenari dopin auziengatik emaitzak baliogabetu ondoren.

Dena den, ezin da erran, preseski, Belgikako txirrindularitza krisian izan denik lau hamarkadotan. Hango harrobitik atera dira palmares historikoa bildu duten klasikozaleak, munduko txapeldunak, urrezko domina olinpiarrak, etapa ehiztari apartak, esprinter onak, puntako erlojupeko espezialistak... baina ez hiru asteko itzuli bat irabazteko moduan izan den inor. Belgikako egutegi aberatseko lasterketen ibilbideen ezaugarrietara egokitutako hagitz txirrindulari onak ikusi dira errepideetan, baina garai batean bezala iraupen luzeeneko lasterketetara egokituta zeuden profilekoak, gutxi: Criquielion, Eddy Schepers, Bruyneel, Rik Verbrugghe, Van den Broeck, Maxime Monfort eta De Gendt; motza da 1980ko hamarkadaren bigarren erdialdetik gaurdaino inoiz hamar onenen artean sailkatu direnen zerrenda.

Horregatik, aurtengo Giroaren aitzineko egunetan ilusio handia piztu zen Belgikan, 1970eko hamarkadako itzuli handietako izarren erreleboa hartzeko moduko ziklista bat izanen baitzuten Turingo irteeran; Eddy Merckxek 1968ko Giroko garaipenarekin ireki, eta De Muynckek 1978koarekin itxi zuen aroaren erreleboa: 31 itzuli handitatik, hamasei belgikarrentzat. 21 urte eskasekin, Evenepoelen bizkar gainean dago iraganeko loria berreskuratzeko zama.

19 urterekin egin zuen debuta profesionaletan, bederatzi hilabete egin ditu lehiatu gabe erorketa larri baten ondorioz, eta lehenbiziko itzuli handia du. Hala ere, begirada guziak gainean izan ditu lehenbiziko etapako erlojupekoan irteerako arranpatik atera zenetik. «Zoncolanen ondotik ikusiko da Evenepoel zertarako gai izanen den», adierazi zion De Muynckek Het Laatste Nieuws egunkariari, lasterketak lehenbiziko etapak eginak zituenean. Joan den larunbatean, Zoncolanek erakutsi zuen flandriar gaztea bertze faboritoak baino koska bat ahulago zegoela, eta herenegungoak, berriz, guztiz hondoratu zituen sailkapen nagusirako zituen aukerak.

«Lezio bat»

«Bi hilabetean bakarrik entrenatu duen norbaitentzat, ezin da espero maila gorenean egonen denik hiru asteko itzuli batean», adierazi zuen Evenepoelek Cortina d'Ampezzon etapa bukatu ondoren. Miraririk ezean, ezinezkoa izanen du itzuli handi bateko lehenbiziko ahaleginean podiuma zanpatzea, baina ez dio uko eginen belgikarren profetagai izateari. «Ikasketa prozesuaren parte da dena, eta hurrengo urterako lezio bat izanen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.