Zimeltzen ez diren arrosa gorriak

Ingalaterrak laugarrenez jarraian irabazi du Sei Nazioen Torneoa. Azkeneko jardunaldi erabakigarrian, Arrosa Gorriek Frantzia 12-24 menderatu zuten Baionako Jean Dauger estadioan.

Ingalaterrako selekzioko jokalariak, Sei Nazioen Torneoko koparekin, joan den larunbatean, Baionan. SIX NATIONS.
Iñaki Berastegi.
2022ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Ingalaterrako Arrosa Gorriek loraldi betean segitzen dute. Betierekoak dirudite, zimeltzen ez diren loreak. Hala erakutsi dute amaitu berri den Sei Nazioen Torneoan. Laugarren urtez jarraian txapelketa bereganatu dute, eta beste behin, partida guztiak irabazi dituzte, Grand Slama erdietsiz. Sei Nazioen torneoa Arrosa Gorrien lorategia da. Aurtengoarekin, hamahiru aldiz irabazi dute txapelketa, jokatu den 21 alditan. Beraz, Simon Middletonen taldeak enegarrenez frogatu du munduko selekziorik indartsuena dela. 23 partida irabazi ditu jarraian.

«Ingalaterra gainontzeko selekzio guztien gainetik dago. Hiru urte daramatzate lanaldi osoko kontratu profesionala duten jokalariekin, eta hori nabaritzen da. Fisikoki talde indartsua izan da beti, baina arlo teknikoan asko hobetu dute, eta orain ikusi da estrategian ere kalitatezko jauzi bat eman dutela». Alvaro Montero emakumezkoen Cisneros errugbi taldeko entrenatzailearen balorazioa da. Gertutik erreparatu dio txapelketari. «Torneoa asko gustatu zait, partida entretenigarri eta lehiatuak ikusi direlako. Erabaki oso egokia iruditu zait egutegian emakumezkoen eta gizonezkoen torneoa banandu izana. Arreta handia erakarri du, eta, irakurri dudanez, telebistako datuak oso onak izateaz gain, hainbat estadiotan ikusle kopuruarekin loturiko marka berriak ezarri dira».

Azken jardunaldian erabaki zen torneoaren garailea. Eta bi hautagaiek, Frantziak eta Ingalaterrak, elkarren aurka jokatu zuten Baionako Jean Dauger estadioan. «Frantziakoa selekzio profesionala bada ere, Ingalaterra pauso bat aurretik dago. Gako izan ziren exekuzio akats batzuk egin zituzten, eta horregatik galdu zuten partida [12-24 nagusitu zen Ingalaterra]. Pauso bat atzetik dago, baina, partida bakarrera, Ingalaterrari irabaz diezaioke». Ez da erraza, ordea. «Ingalaterraren jokoa ulerterraza da, baina horri kontra egitea, ez». Middletonen selekzioaren defentsa «ikusgarria» dela deritzo Monterok. Ez da gutxiagorako: bost partidatan 22 puntu baino ez ditu jaso, eta 282 sartu. «Oso indartsuak dira, eta une oro ordenari eusten diote. Defentsa hori apurtzea oso zaila da. Frantziak min egin diezaioke, baina Sei Nazioen Torneoko beste lau selekzioak beste maila batean daude».

Koxka bat beherago

«Beste» torneo horretan, Gales izan da onena. Bi partida irabazita, 11 puntu bildu ditu. «Duela gutxi kontratu profesionalak egiten hasi zen, eta talde erdia erabat profesionala da egun. Nabaritu dute. Asko gustatzen zait nola jokatzen duten. Gainera, jokalari galestar gehienek Ingalaterrako ligan jokatzen dute, munduko liga indartsuenean, eta horrek mesede egiten dio selekzioari». Iaz azken sailkatua izan zen Sei Nazioen Torneoan.

Irlandak eta Italiak ere bina partida irabazi dituzte. Munduko Kopatik kanpo geratu eta gero, eta eraberritze prozesu batean murgilduta, zalantzaz beterik iritsi zen Irlanda Sei Nazioen torneora. «Krisi gogor batetik datoz. Ziklo berri bat abiatzen ari dira, eta gora egingo duen talde bat dela uste dut, ondo jokatzen dutelako. Talde orekatua du, aurrelari indartsu eta onak, eta kargua hartu berri duen entrenatzaile on bat ere bai».

Irlandaren atzetik, azken-aurreko postuan amaitu du Italiak. «Fisikoki, gainontzeko taldeak baino askoz ere ahulagoa da. Beraz, beste modu batera jokatu behar dute, jokoari abiadura emanez. Asko gustatzen zait haien proposamena. Dena den, desabantaila fisiko hori dela eta, partida asko irabaztea zaila da», onartu du Monterok. Partida guztiak galduta, azkena izan da Eskozia. Egurrezko koilara jaso dute. «Ingalaterra eta Frantzia ez beste laurak oso maila antzekoan daude, eta edozeinek edozeini irabaz diezaioke. Partidaren bat irabaztetik gertu egon da Eskozia». Azken jardunaldira arte itxaron behar izan badu ere, esan daiteke Ingalaterrak aise irabazi duela torneoa. Horren harira, Monterok uste du Ingalaterrako selekzioaren profesionalizazioak dei efektua izango duela gainontzeko selekzioetan. «Aurrerantzean torneoan lehiatu nahi badute, badakit zer bide hartu behar duten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.