Hegoafrikako harribitxia

Thembi Kgatlana aurrelariak lehen denboraldia du Eibarren. Zazpi golekin, golegile nagusia da. Gustatzen zaio mundua ezagutzea, eta amets bat du: emakumeen futbola maitatua izatea

Thembi Kgatlana, aurreko igandean, Atletico Madrili sartu zion gola ospatzen. VICTOR LERENA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2021eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Hegoafrikako Mohlakeng hiritik Euskal Herrira, aurretik Houstonen (AEB), Pekinen eta Lisboan ibili ondoren. Hori guztia bi urte pasatxoan, 2018an atera baitzen bere herrialdetik. Thembi Kgatlanak futbolaria izan nahi zuen, eta Afrikan emakumezkoek ez daukate aukera handirik bide horretan pausoak emateko. Bi aldiz pentsatu gabe, maletak egin eta AEBetara joan zen. Ametsaren atzetik joateko indarrak bultzatuta, eta berezko izaerak lagunduta: «Erraz egokitzen naiz edozein lekutan, gustuko dudalako hizkuntzak, janaria, klima eta jende berria ezagutzea. «Ez da arazoa niretzat etxetik kanpo ibiltzea».

Amets horri segika, lortzen ari da futbolari lotuta bizitzea. Baina badu beste nahi bat, handiagoa, zabalagoa: «Emakumeen futbola munduan onartua eta maitatua izatea nahi dut. Bereziki Afrikan. Hango neskek aukera izatea jokatzeko. Jokalariak badaude, baina ez dute aukerarik ezagunak izateko». Thembi ere ia ez zuen inork ezagutzen Espainiako ligaren barruan, Eibarrera heldu aurretik. Ezaguna bazen, duela bi urteko Munduko Kopan jokatu zuelako, baita gol bat sartu ere [Espainiari, lehen fasean], baina iaz arte ez zioten aukerarik eman liga horretara jokatzera etortzeko. Eibar azaldu zen arte. Baiezkoa eman zion eskaintzari. Honegatik: «Aukeren bila ari nintzen, eta Eibarrera etortzea Espainiako ligan sartzeko aukera zen. Txinan eta AEBetan egona naiz, eta Portugalen ere ezagutzen naute. Hemen ezagutarazteko aukera da, eta futbolarekin gozatzen segitzeko modua». Ezagun egin da, bai. Eta oso azkar. Taldeko golegile onena da, zazpi golekin, eta, haren zazpi paseri esker, taldekideek gola sartu dute. Horrelako datuekin gustura da, jakina. Baina ez da ase. Gehiago nahi du: «Aurrelari bat ez dago inoiz pozik; beti nahi izaten du gehiago».

Abiadura, ezaugarri onena

Bere jardunaz ari da, baina ez soilik horretaz. Taldea dauka buruan, eta biharko partida, lehenik eta behin: «Partida asko geratzen zaizkigu jokatzeko. Orain Sevilla datorkigu, han irabazi egin genion, eta badakite nola jokatzen dugun. Horrek beste zerbait gehiago ematera behartuko gaitu». Bistan da ez dela lortutakoarekin asetzen edo betetzen den horietakoa. Ez da geldirik egotekoa. Bizia zelaian, eta bizia bizitzan. Hain justu, abiadurarena aipatu du ezaugarri onena izendatzeko eskatu zaionean: «Azkarra naiz, eta horixe dut bereizgarri esanguratsuena». Beste bi ere aipatu ditu: «Teknika ona dut, eta futbola ondo ikusten dut».

Jokoari buruz ari da, partidetan gertatzen denaz. Ikusi eta ezagutu, bost herrialdetako ligak ezagutu ditu. Ez omen dira berdinak, Thembiren ustez: «Ez da liga bat edo bestea hobea den. Espainiakoan, Bartzelona eta Atletico Madril oso indartsuak dira, eta Portugalen ere antzekoa da, bizpahiru talde gogor daudelako. Txinan eta AEBetan, aldiz, ezberdina da, talde berriak sortzen direlako, eta aldaketak izaten direlako onenen artean». Orain jokatzen ari den lehiaketari buruz hauxe du iritzia: «Oso interesgarria da. Goian oso talde onak daude, oraintxe esan dudan bezala, baina, bestela, irabazi eta galdu egiten da edozeinen aurka. Irabazi nahi bada, gauzak oso ondo egin behar dira. Ez du beti talde onenak irabazten». Eibarrek sei partida irabazi ditu, eta Thembik ondo daki gehiagotan ere lortu beharko dutela garaipena, helburua lortzeko: «Mailari eustea da gure nahia. Ondo ari gara, baina ez dugu lana amaitu».

Pozik da Eibarren bizitzen: «Herri txikia da, eta dena daukat eskura». Bihotzean du Hegoafrika. Gogoan ere bai. Eta arrazismoaz ere egin du gogoeta: «Ezin da inola ere onartu jendea gorrotatua izatea azalaren koloreagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.