Atzerapenez ahaztu nahi dute

Derbia jokatuko dute bihar eguerdian, Donostiako Gaska kiroldegian, IDK Euskotrenek eta Lointek Gernika Bizkaiak. Bi taldeak «gogotsu» dira, behingoz segidan lehiatu ahal izateko.

Gernikako Itziar Ariztimuño eta IDK-ko Yurena Diaz lehian, lehen itzuliko partidan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Aspaldi ez bezala, asteburu honetan ligako partida izango dute IDK Euskotrenek eta Lointek Gernikak. COVID-19a tarteko etengabeak izan dira atzerapenak. Oraingo honetan, badirudi bi taldeak lehiatzeko moduan direla. Gainera, elkarren aurka jokatuz izango da, bihar derbia jokatuko baitute Gaskan (12:00, ETB1). Jokatzeko irrikaz dira Marta Alberdi Gernikako jokalaria, eta Yurena Diaz IDK-koa. Derbi «gogorra eta fisikoa» espero dute.

IDK hauspotuta iritsiko da igandera, asteartean sasoiko lehen helburua lortu baitzuen: Espainiako Koparako sailkatzea. «Lasaitasun handia eman digu hori lortzeak, eta behingoz lehen itzuliko partida guztiak jokatuta izatea. Beste patxada batekin prestatu dugu igandeko [biharko] partida». Diazek garrantzi handia eman dio lortutakoari. «Denboraldia ez genuen ondo hasi. Oso egutegi gogorra izan genuen. Baina gugan konfiantza izaten segitu genuen, eta, behin une zail hori igarota, taldea oso ongi aritu da». Egindako lanaz ondorengoa azpimarratu du: «Barruko eta kanpoko jokoaren artean oreka bat lortu dugu». Ilusioz helduko diote bihartik aurrera bigarren itzuliari:«Kanporaketetarako sailkatu nahi dugu, eta Kopan ahalik eta lanik txukunena egin. Horretarako ahalmena dugu».

Gernikak, berriz, ez du oraindik liga partidarik jokatu aurten. Urtarrilaren 4an jokatu zuen azken neurketa ofiziala. Eurokopan izan zen, eta berehala ahaztu nahi izan dute, infernua bizi izan baitzuten Turkian. «Irrikaz gaude Izan ere, entrenatzen jarraitu dugun arren, kirolari batek lehian parte hartu nahi du», dio Alberdik.

IDKri ez diote hainbeste eragin atzerapenek, etaentrenamenduzehatzagoak egiteko baliatu dituzte etenak. «Fisikoki entrenamendu gogorragoak egin ditugu, eta hori luzera begira antzemango da. Partidak hobeto aztertzeko lanketa bat ere egin dugu, hori izan baita lehen itzulian izan dugu zailtasun nagusietakoa. Hori dela eta, irabazteko modukoak ziren partida batzuk galdu genituen, eta ez dugu nahi bigarren itzulian berriz gertatzea, hutsak garestiago ordaintzen baitira».

Gernikak ere «kalitatezko entrenamenduak» egiteko baliatu ditu bi aste hauek: «Badakigupartida ugari ditugula atzeratuak, eta aste gutxian jokatuko ditugula horietako asko. Horri begira prestatu gara: fisikoki, baina baita teknikoki ere. Ahalik eta bizkorrena itxi nahi dugu Koparako sailkapena, eta, ahal bada, multzoburu izan».

Bata azken egunetan lehiatu izanak, eta bestea ez, izango al du eragina biharko derbian? Alberdik ezezkoa uste du. «Gu oso gogotsu gaude, eta azken bi asteetako entrenamenduetan landu duguna kantxan gauzatzeko gai bagara, ez da antzemango». Diazek ere uste du ez dela nabarituko. «Are gutxiago derbia izanda».

Partida fisikoa espero dute. Alberdik bi gauzari erreparatu die IDKren jokoa aztertzeko garaian. «Aurreko denboraldietan beti izan dute talde indartsua uztaipean, eta hala segitzen dute. Coulibaly sekulako denboraldia egiten ari da. Baina denboraldi honetan fitxatu dituzten jokalariekin asko indartu dute kanpoko jokoa, jaurtitzaile petoak dituzte: Harden, Cox, España...». Eurek zer egin behar duten argi du. «Pazientzia izan behar dugu, eta pixkanaka gure joko erritmoa ezarrizjoan. Hortik abiatuta, gure indarguneak baliatu behar ditugu. Talde joko oso ona dugu, eta baloia bizkor mugitu, eta zuloak topatzeko erraztasuna».

Diazek onartu du lehen itzulian galdu izanaren arantza dutela. «Partida gogorra izango da, parekatua. Baina uste dut uztaipean gu indartsuagoak garela, eta hori aprobetxatu behar dugu». Gernikak taldea «osoa» daukala uste du: «Batez ere defentsan oso onak dira, eta baloi asko lapurtzen dituzte. Adi egon beharko dugu». Jokalariei dagokienez, batean jarri du arreta: Tinara Moore pibotean. «Oso jokalari bizkorra da, eskumutur ona duena eta kanpora asko ateratzen dena. Oso zaila da defendatzen».

Gustura beren lanarekin

Alberdik bigarren denboraldia du lehen taldean. «Oso pozik nago, gero eta konfiantza eta askatasun handiagoarekin ikusten dudalako neure burua. Fisikoki indarra hartu dut, eta jokatzean eta partidak aztertzeko orduan patxada handiagoa daukat». Pena du hiru euskal herritar baino ez direlako izango kantxan bihar: bera eta Itziar Ariztimuño Gernikatik, eta Ane Esnal IDKtik. «Gehiago egotea nahiko nuke. Baina uste dut bi taldeak lan izugarria egiten ari direla harrobiko jokalariekin, eta berandu baino lehen iritsiko direla jokalariak lehen taldeetara».

Diaz gustura dago Donostian egiten ari den lehen sasoiarekin. «Bizkor egokitu naiz, eta klubak izugarri laguntzen dit egunerokoan. Gainera, banuen gogoa Azu [Muguruza] entrenatzailearekin lan egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.