Qatarko Munduko Kopa

Munduko Kopak diktadurapean

Qatarren aitzinetik ere FIFAk antolatu izan ditu munduko txapelketak erregimen autoritarioen agintepean diren herrialdeetan. Kritika handienak 1978an egin zizkioten, Argentinan egin zenean.

Emilio Massera eta Jorge Rafael Videla buruzagi kolpistak Daniel Passarelari kopa ematen, 1978an, Buenos Airesen. EFE.
mikel rodriguez
2022ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Doha prest dago, Qatar prest dago. Inoizko Munduko Koparik onena izanen da, noski». Gianni Infantino FIFAko presidenteak soka luzea ekarri duen prentsaurrekoan egindako adierazpenetako bat izan zen hori, txapelketa hasteko bezperan. Nazioarteko futbol federazioko ordezkariak jo eta ke aritu dira publikoaren arreta kritika politikoetatik aldendu eta jokora eta bestara bideratzeko, ikuskizuna zapuztu ez dadin. Aspaldi zen gizonezkoen futboleko Munduko Kopako jokalekuak ez zuela kritikarik eragiten arrazoi politikoengatik, baina ez da lehenbiziko aldia FIFAk eta munduaren aitzinean irudia garbitu nahi duen erregimen politiko hertsatzaile batek bat egiten dutela.

1936ko Olinpiar Jokoak hartu ohi dira mugimendu politiko batek kirol ikuskizun bat propagandarako tresnatzat erabiltzearen paradigma gisa; hau da, Alemania naziak Berlingo jokoei eman zien erabilera. Bi urte lehenago, ordea, Italiako mugimendu faxistak jada praktikara eramana zuen propaganda ariketa erraldoi hori, futboleko Munduko Kopa antolatuta. 1930ean historiako lehenbiziko Munduko Kopa egin zen, eta Benito Mussolini Italiako diktadoreak berehala agertu zuen hurrengoa antolatzeko nahia. Iruditu zitzaion erakusleiho ezin hobea izan zitekeela munduaren aitzinean faxismoaren gailentasuna aldarrikatzeko.

Selekzio batzuek boikota egin zioten Italiako Munduko Kopari, baina antolakuntzagatik eta kirol arloko desadostasunengatik izan zen, ez herrialdearen erregimen politikoarengatik. Izan ere, garai hartan nazioartean ez zen kontzientziarik sortua faxismoaren aurkako boikota eta bakartzea aldarrikatzeko modukorik.

1966rako, ordea, argi zegoen faxismoa eta hark inspiratutako diktadurak zer ziren, baina hori ez zen eragozpen izan FIFAk Londresen egin zuen bilkuran 1982ko Munduko Kopa antolatzeko ardura Espainiari emateko. Hala ere, protestarik ez zen sortu diktadura bat hautatzeagatik; bi urte lehenago, gainera, Espainiak Eurokopa antolatua zuen. Adolf Hitler Alemaniako diktadore naziari eta Mussoliniri esker ezarri zen diktadura Espainian (1939), baina 1966rako bazen hamarkada bat baino gehiago AEBen aliatu bihurtua zela eta Bigarren Mundu Gerraren ondorengo bakartzea gainditua zuela. Gainera, 1975ean Francisco Franco diktadorea hil egin zen, eta Espainiak trantsizio politiko bat bururatu zuen ondoko urteetan; estatu terrorismoak, Poliziaren indarkeriak eta torturaren erabilera sistematikoak—nagusiki, euskal gatazkan— jarraitu egin zuten, baina, 1966an polemikarik sortu ez bazen nazioartean, 1982an are gutxiago.

Guztiz ezberdina izan zen, ordea, 1978ko Munduko Koparen kasua. Argentina aspalditik ari zen hautagaitzak aurkezten torneoa hartzeko. 1966ko uztaileko Londresko bilkura hartan erabaki zuten 1978koa ematea. Egun batzuk baino ez ziren igaroak Juan Carlos Ongania armadako buruzagi ohiak boterea hartua zuela estatu kolpe batekin. 1973an, hauteskunde bidez aukeratutako gobernu bat itzuli zen agintera, baina 1976an militarrak berriz ere matxinatu ziren, eta Argentinak ordura arte ikusi gabeko sistema errepresibo bat ezarri zuten. Zapalkuntza horren tamainadiktadura erori ondoren hobeki ezagutu bazen ere—30.000 herritar inguru desagerraraziak, gehien gehienak 1976 eta 1980 artean—, Munduko Kopa jokatu zenean nazioartean jakina zen erregimenaren kontrakoak desagerrarazten ari zirela.

Eztabaida sortu zen zuzena ote zen horrelako egoera batean egitea Munduko Kopa. Amnesty Internationalek boikota egiteko eskatu zien federazioei, eta nazioarteko boikota sustatzeko erakunde bat sortu zuten Parisen. Kontrara, diktaduraren aurka borrokatu zen gerrilla nagusiak, Montonero taldeak, ontzat jo zuen Munduko Kopa Argentinan egitea, eta ekintza kanpaina berezi bat antolatu zuen Junta Militarraren aurkako salaketak nazioartean oihartzuna izateko helburuarekin.

Juntak eta FIFAk aurre egin zioten nazioarteko presioari, eta torneoa haiek nahi bezala egin ahal izan zuten, trabarik gabe, ospakizun handiekin, eta Jorge Rafael Videla diktadorea estadioz estadio paseoan ibilita. Juntaren zorionerako, gainera, Argentinak irabazi zuen —betirako susmopean gelditu da garaipen hori—.

Errepresioa 25 egunetan

Hala ere, gerora FIFAren orban handienetako baten gisan oroitu da Munduko Kopa hura, ondorengo urteetan testigantza zuzenekin jakin baitzen baloia soropilean bueltaka egon zen 25 egun haietan milaka lagun zeudela preso eta torturapean atxilotze zentro klandestinoetan —estadioetatik hurbil horietako batzuk—, eta, Estatu Terrorismoaren Biktimen Erregistro Bateratuaren arabera, Junta Militarraren eskuadroiek 50 lagun baino gehiago bahitu zituzten torneoa jokatu zen egunetan. Joao HavelangeFIFAko orduko presidenteak inaugurazioaren aitzinetik egin zituen adierazpenek iragarpen baten itxura hartu zuten: «Azkenean, munduak ikus dezake Argentinaren egiazko irudia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.