Qatarko Munduko Kopa

Baloiak herrialdeak batzen ditu

Afrikako bost selekzio lehiatzen ari dira Qatarko Munduko Kopan. Lehenengo jardunaldian irabazi ez duten arren, bostek erakutsi dute ondo landutako taldeak direla.

Senegalgo selekzioko jokalariak eta zaleak Qatarko Munduko Kopako lehen partidan. JOSE SENA GOULAO / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Afrikan futbola kirol sinple bat baino gehiago da». Horrela hasten da Alberto Edjogo-Owonok Afrikako futbolari buruz idatzitako liburua: Indomable (Hezigaitz). Modu oso berezian bizi dute futbola Afrikan. Kirola bera da munduko txoko guztietan, baina dimentsio desberdina hartzen du Afrikan. Partida bakoitza «festa» bat da, eta herritarrei modua ematen die eguneroko arazoetatik «ihes egiteko». Hala azaldu du Jesus Owono Alaveseko atezainak (Ekuatore Ginea, 2001). «Selekzioarekin zelaira ateratzen garenean, sentitzen dugu herri oso bat daramagula bizkarrean».

Kolonizazioarekin batera iritsi zen futbola Afrikara, eta 1862an jokatu zen lehen partida han; Hegoafrikan. Lurmutur Hiria eta Port Elizabeth kolonietan izan ziren partidak, soldaduen eta kolonietako gobernuko langileen artean; denak britaniarrak. Gaur egun, berriz, munduko txoko askotan bezala, haurrek futbolari izan nahi dute Afrikan. Herriko edozein txokotan jokatu ohi dute, eta baloi bat ez daukanak eskura daukan edozeri ematen dizkio ostikadak.

Hala ere, futbola geroz eta gehiago lantzen da han. Europatik eramandako hainbat akademia daude Afrikan, eta beste gazte asko Europara eramaten dituzte. Owonoren hitzetan, Ekuatore Ginean kirol eskola «asko» daude, eta Europako talde batzuek materiala eramaten dute hara. Hala ere, badaki Euskal Herrian hezita zortea izan duela futbolean aurrerapausoak emateko orduan. «Afrikan, jokalari askok ez dauka futbola lehen aukeratzat. Ikasi, eta askok herritik alde egin behar izaten dute, aukera bila, familiari laguntzeko».

Qatarko Munduko Kopan bost ordezkari ditu Afrikak: Ghana, Kamerun, Maroko, Senegal eta Tunisia. Bost selekzio horiek jokatua dute lehen partida, eta gol bat sartu duen bakarra Ghana izan da. Galdu egin zuen, Portugalen aurka (3-2). Senegalek eta Kamerunek ere galdu egin zuten, eta Tunisiak eta Marokok, berdindu. Denen jokatzeko era antzekoa izan da. Presioa aurrerago edo atzerago eginda, oso partida fisikoak jokatu dituzte; defentsan lan bikaina egin dute, eta kontraerasoan arriskua sortu.

Hala ere, Owonok azaldu du Afrikako selekzioek bide «oso gogorra» egin behar izaten dutela Munduko Kopan sartzeko. Lehen fasean, Afrikako Futbol Konfederazioaren sailkapenean okerren sailkatuta dauden 28 taldeek kanporaketak jokatzen dituzte. Hamalau irabazleak bigarren faserako sailkatzen dira, eta, beste 26 taldeekin batera, lau taldeko hamar multzo egiten dituzte. Multzoko lehen postuan geratzen diren hamar selekzioak bakarrik iristen dira hirugarren eta azken fasera. Orduan, kanporaketak jokatzen dituzte, eta horiek irabazten dituzten bost selekzioek jokatzen dute Munduko Kopa. «Pena da hain selekzio gutxi joatea. Afrikan ezin da hutsik egin», dio Owonok.

Sailkatutako bost selekzioen artean, Tunisia ezagutzen du ondoen Owonok, haien ligaxkan egon baitzen Munduko Koparako sailkatzeko fasean. Selekzio hori «gaitasun tekniko handikoa» dela dio, eta defentsako lanean «sendoa eta konpaktua». Maroko ere «antzekoa» dela dio, baina «talentu handiagoa» duela. En-Nesyri, Hakimi, Bono... izenei begiratuta «kontuan hartu beharreko» selekzio bat dela dio Owonok: «Afrika iparraldeko taldeak teknikoagoak izan ohi dira, kalitate handikoak».

Afrika erdialdeko taldeak, ordea, «fisikoak» bereizten ditu, «talentuak» baino gehiago. «Hala ere, talentu handiko jokalariak ere badaude», aitortu du Owonok. Senegal talde «lehiakorra» da, baina, Owonoren ustetan, «asko» igarriko dute Sadio Maneren falta. Horregatik, bat aukeratzekotan, Ghanaren alde egingo luke Owonok. «Jokalari gehienek denbora asko daramate elkarrekin jokatzen, eta selekzioan sartu diren azken jokalariek maila handitu dute».

Dena den, futbol munduak ez du askorik espero Afrikako selekzioei dagokienez. Urrutien iritsi diren Afrikako selekzioak final-laurdenetan aritu dira, eta, azken Munduko Kopan, denak ligaxkan gelditu ziren kanpoan. Bi arrazoirengatik dela uste du Owonok. Lehenik eta behin, Afrikako selekzioetako jokalari askok beren herrialdeko ligan jokatzen dute, eta Europan dauden jokalarien erritmoa eta futbolaren ideia «oso desberdinak» dira: «Elkartzen garenean, ez dugu bat egiten, eta denbora behar da ideia bat aurrera ateratzeko». Bestalde, Afrikako jokalarien aukeraketan jarri du arreta Owonok. «Jokalari afrikar asko Europako edo Ameriketako selekzioetan jokatzen ari dira, eta hori desabantaila bat da». Era berean, «ulergarria» dela dio Owonok, baina argi dauka: «Uste dut beren herria ezagutarazi nahi dutenek soilik jokatzen dutela Afrikako selekzioetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.