Hurrengo fasera begirako urratsa egin nahi du Realak, etxean garaipena lortuz

Jon Ander De la Hoz.
2020ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Hiru urteren ostean, Europa ligako partida bat jokatuko da Anoetan. Realak Napoli indartsua izango du aurkari gaur iluntzean, baina txuri-urdinek, beren bolada onari etekina atera, eta hurrengo fasean egon ahal izateko oinarriak sendotu nahi dituzte. Horretarako, puntu gosez ekingo diote neurketari.

Zailtasunak zailtasun, irabaziz segi nahi dute Europa ligan. Hala adierazi zuen Imanol Alguacil prestatzaileak partidaren atariko agerraldian: «Aurrez aurre jokatuko diegu. Badakit gauzak ondo egin beharko ditugula, baina nahi duguna egiten asmatzen badugu, irabazteko aukerak izango ditugu. Horixe da biharko helburu bakarra».

Lehen jardunaldian irabazi egin zuen Realak; ez, ordea, Napolik. Italiarrek galdu egin zuten AZ Alkmaarren aurka: «Ez zait iruditzen horrek arriskutsuago egiten dituenik, beti baitira hala. Ikusi besterik ez dago zein jokalari garrantzitsu dituzten taldean».

Deialdiko berritasunak

«Errespetu handia zor zaion talde historikoa» da Napoli, Imanolen ustez; baina partidari «Realarena izateak» ematen dio garrantzia, oriotarraren ustez. Hala, ahalik eta zerrendarik oparoena osatzen saiatu da prestatzailea. Ander Barrenetxea, Martin Merquelanz eta Adnan Januzaj osatu dira, eta deialdian sartu ditu Imanolek. Joseba Zalduak ere taldekideekin osatu zuen atzoko lan saioa, baina oraindik ez dago jokatzeko moduan.

REALA-NAPOLI
Reala. Remiro; Gorosabel, Aritz, Le Normand, Monreal; Merino, Zubimendi, Silva; Oiartzabal, Portu eta Willian Jose.
Napoli. Ospina; Di Lorenzo, Manolas, Koulibaly, Mario Rui; Fabian, Demme; Politano, Mertens, Insigne; Osimhen.
Epailea. Craig Pawson (Ingalaterra).
Ordua. 21:00 (Movistar)
Lekua. Anoeta (Ikuslerik gabe).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.