Jorik ez, eta etorria ere gutxi

Athleticek Granada hartu du gaur ligan, San Mamesen (21:00, Gol). Zuri-gorriek ez dituzte emaitza onak lortu azken lehietan, eta hori iraultzeko ezinbestekoa du jokoaren sormenean hobetzea.

Unai Vencedor Iker Muniaini pase bat eman nahirik Vila-realen aurkako partidan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
haritz gallastegi
2021eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Athletic emaitza bolada txarrean dago. Jokatu dituen azken lau partidetan, bakarrik hiru puntu eskuratu ditu. Gutxi da Europarako sailkatzea helburu duen talde batentzat. Sailkapeneko goiko postuetan egoteko sarri irabazi behar da, eta gutxitan galdu. Ezin da esan Athletic talde galtzailea denik. Txapelketa hasi zenetik bi neurketa baino ez ditu galdu. Beraz, bistan da talde lehiakorra dela. Mendean hartzeko gaitza. Baina, era berean, garaipenak eskuratzea ikaragarri kostatzen zaio. Jokatutako hamahiru norgehiagoketatik lau baino ez ditu irabazi. Bada, jakinekoa da puntuka-puntuka ezinezkoa dela onenen pare aritzea.

Ligan gol gutxien jaso duen taldea dela kontuan hartuta, garaipen eskasiaren arrazoia zelai erditik aurrera dago. Gol gutxi sartzen duen taldea da. Batez beste bat baino gutxiago sartu du neurketako. Gol sena duten futbolariak falta zaizkio taldeari. Golegileak berezkotik asko dauka, eta gaitza da harrobian sortzea. Merkatuan ere ez dago aukera handirik, eta, ondorioz, dauden apurrak garestiak dira oso. Zer egin dezake entrenatzaileak gabezia hori ahalik eta gutxien nabaritzeko? Aukera asko sortuko duen talde bat eraiki.

Marcelino Garciak eta bere lantaldeak Athleticen ardura hartu zutenetik, gehien landu duten arloa da. Buruko mina obsesio bihurtu arte, seguruenik. Azkar eta zuzen jokatuta, aurkariaren defentsa hankaz gora jartzea da zuri-gorrien apustua. Denboraldi hasieran eraginkor agertu zen taldea. Golak sartzeko abagune on asko sortzen zituen. Orduan azken errematean zegoen arazo nagusia. Azken partidetan, ordea, aurrelariek ez dute euren zehaztasuna erakusteko aukerarik izan. Athleticek sormen arazoak izan ditu. Baloiarekin jokatzeko orduan aurrera egin beharrean, atzera egin du. Lehengora itzuli da.

Etorri barik dago talde zuri-gorria. Blokeatuta. Baloiarekin zer egin jakingo ez balu bezala. Neurri batean aurkarien meritua izango da. Egun ez dago sekreturik taldeen artean. Detaile guztiak aztertzen dituzten lantalde zabalak dituzte teknikari guztiek. Kontua da Athleticek baliabiderik ote duen kontrarioek jarritako armiarma sareak gainditzeko. Talenturik badaukan zailtasunei aurre egiteko. Aritz Solabarrieta jokalari ohiak ez dauka zalantzarik.«Sortzeko jokalari onak ditu Athleticek. Zelai erdian gaitasun handiko futbolariak ditu. Bestalde, Iñigo Martinezek baloiaren irteera oso ona dauka, eta erasoan Muniain da argiena. Marcelinok taldearen ardura hartu zuenean aurrerapausoa ikusi nuen baloia jokatzeko orduan, baina azken partidetan kostatzen ari zaio».

Azken lehia eskasen ostean, asko dira eskarmentu handiena duten futbolariekin konfiantza galdu dutenak. Aldaketak eskatzen dituzte. Euskarrian ere bai. Gazteei lekukoa emateko garaia dela, alegia. «Jokalari gazteek atea jo eta bota egin behar dute. Erakutsi egin behar dute merezi dutela aukera. Athleticen epe laburrera zein luzera begiratu behar da».

Bide horretan, Unai Vencedor eta Oier Zarraga prest ikusten ditu aginte makila hartzeko. «Gustatuko litzaidake biak batera jokatzen ikustea. Vencedorrek gaitasuna dauka defentsen aurretik jokatzeko. Dani Garcia ari den postuan, hain zuzen. Zarraga, berriz, oso ondo moldatzen da apur bat aurrerago. Joan-etorrikoa da», dio Solabarrietak. Baina ondorengoa erantsi du: «Pazientzia izan behar dugu. Jarraipena eman behar zaie. Vencedorrek esperientzia apur bat badauka, baina Zarraga hasiberria da. Oraina eta etorkizuna duten futbolariak dira».

Sanceten ekarpena

Vencedor eta Zarraga ez ezik, Sancet ere aintzat hartu behar den jokalaria da. Nafarra zelaian dagoenean, Athleticen maila igo egiten da. Hori bai, Solabarrietak apur bat atzerago jarriko luke. «Sancet ez da erdilari-aurreratua. Egun ateari bizkarra emanda jokatu behar izaten du sarri, baina bere jokoa gehiago nabarmentzen da zelai erdian baloia hartu, lerro artean aurrera egin eta azken pasea emateko aukera duenean». Gainera, uste du golak sartzeko orduan asko lagundu dezakeen futbolari dela. «Gol sena dauka. Handia. Bigarren lerrotik egoki iristen da erremate eremuetara. Azken pausoa eman behar du».

Ikusi beharko da zeinen alde egiten duen gaurko partidan Marcelinok. Atzoko agerraldian babesa eskatu zuen jokalarientzat. «Sormenean eta golak sartzeko orduan ditugun arazoez behin eta berriz hitz egitea ez da komeni. Jokalariek lasai egon behar dute, eta ausartak izan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.