Qatarko Munduko Kopa

Iritziak baloiaren gainetik

Qatarko Munduko Kopak kritika asko izan ditu. Parte hartuko duten kirolariek ez dute hitz egin nahi izan herrialdearen egoera sozialaren gainean, baina futbol munduak, bai.

Qatarko Munduko Koparen hasiera ekitaldiko irudia. Igandean egin zuten. J.J. GUILLEN / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Qatarko Munduko Kopari buruz gauza asko entzun eta irakurri dira, baina parte hartuko duten kirolari gutxik eman du iritzia. Hala ere, futbol mundua osatzen duten beste hainbat protagonistak eman du berea: denean bezala, aldekoak eta kontrakoak daude.

Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzailearentzat, duela urte batzuk «pentsaezina» zen liga garrantzitsuenak gelditzea Munduko Kopa jokatzeko, eta gainera «giza eskubideak errespetatzen ez diren herrialde batean egin dadin». Hala ere, oso argi dauka larritasun guztia «desagertu» egingo dela lehiaketa aurrera joan hala. «Argentinaz eta Brasilez hitz egingo da, eta burbuila batean sartuko gara».

Arrasate baino gogorragoak izan dira Jorge Sampaoli Sevillako entrenatzailea eta Jurgen KloppLiverpoolekoa. Argentinarraren iritziz, jada ezin da inor kexatu, «askoz lehenago» konpondu behar baitzen arazoa: «FIFAk erabaki zuen jokatu behar ez zen leku batean jokatzea, jokatu behar ez zen data batean. Baina dena diruagatik». Klopp, berriz, hildako langileez oroitu da, eta esan du «inork» ez duela haiengan pentsatu: «Aukera asko egon dira salatzeko, baina jende askok dirua irabazi du okerreko arrazoiengatik».

Phillipp Lahmek, Alemaniako selekzioko kapitain izandakoak,adierazi du etorkizunean giza eskubideak «ezinbesteko irizpide» bihurtu behar direla kirol ekitaldi handietan. «Homosexualak oraindik kriminalizatuta daude, emakumeek ez dituzte gizonen eskubide berberak, eta prentsa askatasuna eta adierazpen askatasuna mugatuta daude». Gainera, Klopp herrikideak bezala, langileen «baldintza suntsitzaileak» salatu ditu.

Toni Kroos Real Madrileko jokalariak ere langileen baldintza «eskasak» salatu ditu, eta argi utzi du Munduko Kopa Qatarren jokatzearen «aurka» dagoela. Baina, esan duenez, «gaizki» iruditzen zaio jokalariei Munduko Kopan «ez jokatzea» eskatzea, haren iritziz «federazioen hutsegitea» izan baitzen herrialde hori izendatzea.

Louis van Gaal da Munduko Kopan egon eta gogor hitz egin duen bakarrenetakoa. Herbehereetako selekzioaren prestatzailea da Van Gaal, eta Munduko Koparen atzean dagoen negozioa salatu du: «Dirua eta interes komertzialak dira garrantzitsuenak FIFArentzat». Gainera, bat egin du Amnesty Internationalekestadioen eraikuntzan hildako langileen familientzat 400 milioi euro baino gehiagoko konpentsazio funts bat sortzeko egindako eskariarekin, eta langile migratzaile batzuk Herbehereetako selekzioaren entrenamendura gonbidatu ditu. «Munduko Kopa Qatarren antolatzeko bezain argiak badira, ondoren datorren guztia jasan behar dute».

Bai eta ez; ez eta bai

Hala ere, futbol munduko aurpegi ezagun asko Munduko Kopa Qatarren jokatzearen alde agertu dira; finean, denek bertan izandako erraztasunengatik. Ez baita berdina futbolaria izatea, edo diru beharrean lanera doan migratzaile bat izatea. Xavi Hernandezen eta Pep Guardiolaren kasuak dira deigarrienak. Xavi Munduko Kopako enbaxadoreetako bat da, eta Guardiola enbaxadore izandakoa. Biak ala biak Herrialde Katalanetako preso politikoen alde agertu dira beti, baita Altsasuko gazteen alde ere Guardiola: «Madril, Altsasu, Katalunia... beti egongo naiz giza eskubideak defendatzeko prest», esan zuen 2019an.

Qatarri dagokionez, ordea, eskuak garbitu dituzte. Guardiolaren arabera, «mundu arabiarretik oso urrun dagoen kontzeptu bat» dauka jendeak, eta haien kultura goraipatu du. Xavirentzat, Qatarren bizitzea oso «erosoa eta erraza» da, eta, haren iritziz «Espainiak baino hobeto» funtzionatzen du Qatarrek. Bertan Munduko Kopa jokatzea babestu du: «Herrialdean aldaketa soziala eragiteko, pertsonak batzeko, estereotipoak amaitzeko eta gizarte oztopoak eraisteko balio dezake».

Beste hainbat jokalari ohi ereenbaxadoreak dira. Horietako bat da David Beckham, eta, haren ustetan Qatar «perfekzioa» da: «Egun batzuk igarotzeko leku zoragarria da; modernitatearen eta tradizioaren arteko nahasketa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.