Qatarko Munduko Kopa

Dohan hil da Erromako zubia

FIFAren mehatxuen ostean, ostadarraren besokoa eraman behar zuten zazpi herrialdeek atzera egin dute. Alemaniako jokalariek FIFAren zentsura salatu zuten atzo, jokatu aurretik ahoa itxiz.

Alemaniako jokalariak ahoa itxita, FIFAren aurkako protestan. FRIEDEMANN VOGEL / EFE.
inaut matauko rada
2022ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Alemania, Danimarka, Gales, Belgika, Suitza Ingalaterra eta Herbehereek amore eman diete FIFAren mehatxuei, eta lehen jardunaldian uko egin diote One Love dioen ostadarraren besokoa eramateari. Suitzak gaur du lehen partida, baina jada esan dute ez dutela eramango. Zazpi selekzioek, UEFAren babesarekin, Munduko Kopa hasi aurretik adierazi zuten besoko hori eramateko intentzioa, eta, astelehen goizean, FIFAk kontraerasoa egin zuen: kapitainei txartel horia ateratzearekin egin zuen mehatxu. Zigor hori jartzeko arriskua nahikoa izan da zazpi herrialdeek etsitzeko.

Ikusi gehiago:Irango jokalariek erregimenaren aurka egin dute

Besoko horren ordez, No Discrimination (Bazterkeriarik ez) dioen besokoa jantzi dute sei kapitainek. Hala ere, Alemaniaren eta Japoniaren arteko partidaren aurretik, Alemaniako jokalariek protesta egin zuten, ahoa itxiz, FIFAren zentsura salatzeko. Bestalde, Manuel Neuer Alemaniako kapitaina besokoa elastikoaren azpian estalita irten zen zelaira, eta hasierako txistua jo aurretik, Zachari Zeegelaar epailea atezain alemanarengana gerturatu zen, ostadarraren besokoa ez zeramala egiaztatzeko.

Kapitainaren ordez, Nancy Feaser Alemaniako Barne ministroa izan zen One Love besokoa jantzi zuena. Harmailan zegoen Feaser, Gianni Infantino FIFAko presidentearen ondoan, eta, tarte batean, jaka kendu zuen, besokoa erakusteko. Bestalde, Neuer kapitainak eta beste zenbait jokalari alemanek Erromako zubiaren koloreko botak jarri zituzten atzoko partidan. Belgikako selekzioak ere topo egin du FIFAren oztopoekin. Bigarren elastikoan Love hitza eraman nahi zuten, baina ukatu egin diete.

Alemaniak auzitara jo du

Alemaniak Kirolaren Arbitraje Auzitegira jo du, FIFAren aurka egiteko. Hasieran, zazpi selekzioek adierazi zuten prest zeudela isunei aurre egiteko, baina FIFAk, zigor ekonomikoen alde egin ordez, kirol zigorren alde egin du, eta zazpiek atzera egin dute.

Alemaniak, baina, ostadarraren besokoa eraman nahi du igandean, Espainiaren aurkako partidan, eta horregatik jo zuten atzo nazioarteko kirol auzitegira. DFBko bozeramaile Stefan Simonek Bild hedabideari adierazi zion FIFAren jokaera «zilegia» izan den ala ez jakin nahi dutela helegite horrekin. Bernd Neuendorf DFBko presidenteak ere, FIFAren aurka hitz egin du: «Nire ustetan, debekua FIFAren indar erakustaldi bat da. Frustragarria da, eta Munduko Koparen historian inoiz ikusi gabekoa, gainera».

FIFAren mehatxuen ostean besokoa eramateari uko egitea, baina, garesti ateratzen hasi zaio Alemaniako selekzioari. Izan ere, hori jakin ostean, REWE supermerkatu kateak DFB Alemaniako Futbol Federazioarekin duen babesletza akordioa hautsi du. Lionel Souque REWEko kontseilari ordezkariak azaldu zuen erabakia atzo: «Guretzat, joko garbia, tolerantzia eta elkartasuna da futbola. Eta balore horiek defendatzen ditugu guk ere. FIFAren jarrera onartezina da guztiz». Qatarko Munduko Koparen inguruan lehenagotik zegoen polemikagatik, REWEk jada erabaki zuen DFBrekin zuen kontratua ez berritzea, baina azken egunetako erabakiek eragin dute kontratua amaitu aurretik etetea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.